Oteiza eta Gaudiren arteko elkarrizketarik behinena

Euskal eskultorearen eta pentsalariaren ibilbidearen atzera begirako erakusketa zabalik da Bartzelonako La Pedrera etxean. Jorge Oteiza museoarekin elkarlanean antolatu dute

Oteizaren lan esanguratsuak bildu dituzte Bartzelonako erakusketan. ANDREU DALMAU / EFE.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2016ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Kataluniako hiriburuan 1988an La Caixaren Casa Macayak Jorge Oteiza euskal artistaren erakusketa ibiltaria antolatu zuenetik kasik 30 urte igaro ondoren, euskal eskultore eta pentsalariaren ibilbideari begiratu bat egiten dio Oteiza: espazioaren desokupazioa erakusketak, eta orain ikusgai dago Bartzelonan, Catalunya-La Pedrera fundazioaren eta Jorge Oteiza museoaren arteko elkarlanari esker. Antoni Gaudik Bartzelonan altxatu zuen La Pedrera eraikin modernistaren erakusketa aretoan kokatu dute Oteizaren ibilbidea ezin hobeto laburbiltzen duen 130 laneko erakusketa. Kataluniako arkitektoaren eta euskal eskultorearen arteko elkarrizketan murgiltzera gonbidatzen du bisitaria proposamenak. Irailaren 27an zabaldu zituen ateak, eta urtarrilaren 22ra bitarte izango da ikusgai.

Oteizaren kokalekua ez da kasualitatea. Bai berak bai Gaudik, biek jotzen zuten euren burua artista deserosotzat; biak jostatu ziren bolumenarekin eta espazioarekin, guttik egin bezala; eta biek partekatu zuten, distantzian bazen ere, esperientzia estetikotik harago iristen ziren lan ameslarien sorkuntza.

Bartzelonan 30 urtez Oteizaren inguruan egon den isilunearen ondoren, fundazioko kideek «euskal artistaren konplexutasunean sakonduko zuen atzera begirako bat antolatzea nahitaezkoa» ikusten zutela azaldu dio BERRIAri Marta Mansanetek, Catalunya-La Pedrera fundazioko Kultura Saileko Arte eta Ondare arduradunak. Ideia horri forma emateko asmoz, duela hiru urte inguru jarri ziren Altzuzako Oteiza museoarekin harremanetan, eta «gogokidetasun eta interes osoa» agertu zuten Nafarroako museoaren arduradunek. Jorge Oteiza fundazio-museoaren zuzendariorde Juan Pablo Huercanosen arabera, sekulako aukera da euskal artistak hainbeste miresten zuen «Gaudiren etxean» erakusketa irekitzea. Haren hitzetan, erronka interesgarria izan da, «Oteiza museoarentzat funtsezkoa zelako La Pedrera ezaugarritzen duen sinbolismoak eskatzen duen mailari erantzutea». Huercanosek nabarmendu du Gaudiren eta Oteizaren arteko elkarrizketa horretan «ekuazioak zentzua izatea» bilatu dutela. «Emaitzarekin oso pozik gaude, bi munduen arteko konexioa lortu dugulako».

Urtarrilaren 22ra arte, beraz, Bartzelonako bisitariek azalean bizitu ahal izango dute hiriaren erdigunean dagoen La Pedrera eraikinean Jorge Oteizaren aurpegi askotako ibilbidea gertutik aztertzen duen erakusketa. Izan ere, atzera begirakoaren helburua izan da, antolatzaileek azaldu bezala, «Euskal Herritik kanpoko jende askorentzat ezezaguna den Oteizaren aurpegi guztiak ezagutzera ematea». Eskultura esanguratsuak daude ikusgai jarritakoen artean, besteak beste, 1935. urtean zementuz eginiko Amatasuna, 1958ko Esferaren desokupazioa, eta Makla irekia, 1972an marmolean landu zuena. Eskulturez gain, artistaren hainbat marrazki —Izenbururik gabea (1956-1957) tartean—, collage eta dokumentu ere badira erakusketan. 130 obretatik 123 dira Jorge Oteiza fundazio-museoak utzitakoak.

Eguneko 1.000 bisitari

Oteiza: espazioaren desokupazioa erakusketaren ateak zabaldu zituztenetik astebete luze pasatu denean, antolatzaileek nabarmendu dute harrera «bikaina» izan duela. Oteiza museoaren zuzendariordeak azaldu duenez,orain arte egunean 1.000 bisitari inguru pasatu direla jakinarazi diote Bartzelonatik. «Kopuru hori, Euskal Herritik kanpo, bikaina da», haren hitzetan.

La Pedrerara gerturatu diren lagunen artean nagusi da, batez ere, «entzunda zuten artista euskaldun baten aurkikuntza» sentsazioa. Halaxe aipatzen zuen, adibidez, Anne Bove, eskultura ikasketak egiten ari zen gazteak, bisitaren erdian. Harentzat «sekulako aukera» izan da Bartzelonan Oteizaren sakontasunaren erakusleiho den atzera begirakoan «bidaiatzea».

Ildo berean mintzo zen Carmen Fabregat, 81 urteko emakumea; erakusketaren bitartez lortu duela «Oteizaren barne begirada» ulertzea. Fabregatek, erakusketa egunotan ikusi duten anitzek bezala, ezagutzen zuen Oteizaren obra, baina, haren hitzetan, «eskultore aurpegiaz harago jorratu zituen alderdiak ezagutzea aurkikuntza ederra izan da haren obra hobeto ulertzeko».

Marta Mansanetek adierazi du ezin hobeto egokitzen dela fundaziora Oteizaren erakusketa, «ildo nagusia izaten baita artearen historian gakoak izan diren artisten obrak erakustea». Hein horretan, nabarmendu du erakusketa guztietan ohikoa izaten dela lehen asteetan jendearen bisita kopuru handia izatea eta, erakusketa amaitu bitarte datu zehatzik egongo ez den arren, gutti goiti-beheiti, 1.000 lagun gerturatu direla egunero, eta urtarrilaren 22ra bitarte 100.000 bisitari lortzea dela aurreikuspena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.