Ismael Manterola
BEGIZ

Artearen prezioak

2015eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Azaroaren 19tik 22ra Bilboko Grabatuaren Azoka egin zen. Laugarren ekitaldia izan da, nahiz eta oraindik ez den oso ezaguna jendearen artean. Bisitaldia egitean ikusleak, artelan ederrak gozatzeko aukera izateaz gainera, artelanak oso modu onean erosteko aukera zuen. Oso modu onean esaten dugunean, Ikean edozeinek topa dezakeen paperezko laminaren salneurrian diogu, jendeak artelanekin lotzen dituen zenbakietatik oso urruti. Horregatik, harrigarria zen saltzaileen kexuak entzutea salmenta urrien inguruan. Itxuraz, jendeak ez du arterik erosten, nahiz eta etxeko horma askotan gero eta ohikoagoa den asmo artistikoko argazki edo erreprodukzioa eskegita ikustea. Ohitura falta edo ezjakintasuna ote den ez zen garbi atera azokan izandako elkarrizketetatik.

Beharbada, merke izatea da artelan horien zoritxarra. Jendeak artelanaren kalitatea salneurri handiekin lotzen du; beraz, artelan merkearekin topo egiten duenean, ona ez dela pentsatzeko zalantza izan dezake. Hain zuzen, komunikabideen bonbardaketak artearen ezohikotasunarekin lotuta egoten dira. Artelan batek enkanteetan izan duen salneurri izugarria edo iskanbila eta haserrea sortu duen artelan baten inguruko berriak dira gure artean arteari buruz hitz egiteko aitzakia ia bakarrak. Aipatutako Bilboko azokan edo edozein galeriatan gaur egun aurki ditzakegun artelan eder eta merkeei buruz inork ez digu ezer esaten. Galeriak oraindik toki ezkutuak dira, sakratutik normaletik baino gehiago dutenak; jendeak beldurrez begiratzen die kubo zuriei, isilik ibili beharreko eliza antzekoak. Halere, oso gutxitan zeharkatzen ditugun ateen barruan ikusi eta ikasteko aukera emango diguten artelanekin bat egingo dugu.

Artea urruti ikustera ohituta gaude, gure begietatik urruti eta gure patriketatik urruti ere bai. Salbuespen egoeretan bakarrik egiten dugu ikusgai artea gizartean; horregatik, jendeari ez zaio bururatzen artelan merkeak ere egon daitezkeela. Bestalde, gero eta nabarmenagoak dira erosteko ohitura berriak. Saltoki handietatik kanpo geratzen diren produktuak erostea kostatzen zaigu, askoz ere erosoagoa delako dena leku berean topatzea eta autoaren maleten tokian sartzea etxean deskargatzeko.

Horrekin batera, badirudi azken urteetan asko aldatu dela jendeak gauza batzuetarako eta besteetarako bideratzen duen diru kopurua. Jatekoak garrantzia galdu omen du arropa edo aisialdiarekin alderatuta. Artearen alorrean, inoiz baino merkeagoa den garaian, inoiz baino gutxiago saltzen omen da. Nola ulertu gero eta heziketa handiagoa duengizarte batean —teorian, behintzat—, arteak, eta kulturak orokorrean, garrantzi gutxiago izatea, baita kontsumorako ere?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.