Artearen talaiaren ikuspegia

Ana Mari Marin, Pedro Lantz, Javier Sagarzazu, Lesagibel, Juan Carlos Pikabea eta Iñigo Manterola artisten lanez osatu dute 'Artea, amesteko eta bizitzeko' erakusketa; Igantziko Irrisarri Landeko begiratokian dago ikusgai

Irrisarri Landeko begiratokian antolatutako erakusketaren lehen aretoa ageri da irudian; Ana Mari Marinen eta Pedro Lantzen lanak batu dituzte. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Naiara Elola.
Igantzi
2017ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
«Begiratu, ukitu, hatza pasatuz gero, margoarekin zikinduko zara; nire azken lana duela egun gutxi amaitu nuen eta», egin dio gonbita lagun bati Ana Mari Marin margolari baztandarrak (Elizondo, Nafarroa, 1933). Marinen lanekin batera, Pedro Lantz, Javier Sagarzazu, Lesagibel, Juan Carlos Pikabea eta Iñigo Manterola artisten sorkuntzak batu dituzte Igantziko (Nafarroa) Irrisarri Landeko begiratokian dagoen Artea, amesteko eta bizitzeko erakusketan. Pikabea bera aritu da komisario lanetan. «Gure inguruko artearen ordezkaritza garrantzitsua lortu dugu bisitariaren esku jartzea», adierazi du, pozik. Erakusketa 85 margolanez eta eskulturez osatu dute, eta heldu den abenduaren 10era bitarte bisitatu ahal izango da.

Erakusketan parte hartu duen artista bakoitzak erabaki du zein artelan erakutsi eta zein ez. Pikabeak azaldu duenez, erakusketa «mardula» da, ikusteko denbora hartu beharrekoa. Begiratokiak dituen hiru aretoetan lehenengoan, esaterako, bai Ana Mari Marinek eta bai Pedro Lantzek (Lesaka, Nafarroa, 1931) beren ibilbidea errepasatzearen aldeko hautua egin dute. Marinek ia hogei koadro aukeratu ditu. Hautaketako irizpideak ez ditu argitu nahi izan: «Ez dut inoiz asko hitz egin. Nahiago dut nire koadroek hitz egitea». Ikusgai jarritako lanetan behin eta berriz ateratzen da Baztan, bere izanaren esentziaren gordailu balitz bezala. Hiru urterekin utzi behar izan zuen Marinek sorlekua 1936ko gerra zela eta. «Aita errepublikazalea zenez, Frantziara joan behar izan genuen. Horregatik ez dakit euskaraz», onartu du. Etengabe ateratzen dira jaioterriko paisaiak, sortetxea eta ohiturak. 1950eko hamarkadan hasitako bidea, hala ere, oraindik ez dela amaitu argi utzi du. «Margotzen jarraitzen dudan galdetzen didate! Noski, ez diot inoiz margotzeari utziko», azaldu du, tinko. Horren froga da Loreontzia lana. Erakusketa inauguratu aurreko egunetan amaitu zuen koadroa, Aita Donostiak Marinen familiari oparitutako biolina ageri duena.

Artistatzat baino gehiago, artisautzat du bere burua Pedro Lantzek. Haren ibilbide profesionala burdinarekin estuki lotua dago. Familiaren tradizioari jarraituz, arotza izan zen urte luzez. Baina azken hogei urteetan, erretiroa hartu ondotik, bere «ametsa» betetzen dihardu. «Nire lanen bitartez, Euskal Herriko bizimodua azaldu nahi dut, ez bertzerik». Ia kontalari etnografiko bat balitz bezala, erabat figuratiboak diren eskulturen bitartez azaltzen dio bisitariari nolakoa zen garai bateko Euskal Herriko bizimodua, batez ere nekazariena.

Iñigo Manterolak (Orio, Gipuzkoa, 1973), bere azken bi serieak—Euskarrian paseoak eta Trantsituak euskarrian lanak— jarri ditu ikusgai, Javier Sagarzazurekin batera bete duen aretoan, bigarrengoan. Artearen munduan duen ibilbide emankorra margotzen hasi zuen Manterolak, baina badira urte batzuk etapa hori amaitu zuela, eta, orain, eskulturaren sorkuntzan dago erabat murgildua. Ziurrenik, bere lanen ezaugarrietako bat da mugimendua harrapatzeko duen gaitasuna. Izan ere, denboraren joanarekin batera, hori da artistaren obsesioetako bat: mugimendua.

Javier Sagarzazuk (Hondarribia, Gipuzkoa, 1946), berriz, azken bi-hiru urteetan egindako lanak erakutsi ditu. Inguruko paisaietan jarri du fokua, Hondarribiko, Hendaiako edota Miarritzeko (Lapurdi) paisaietan. Lan iradokitzaileak aurkeztu ditu Igantzin artistak, eta errealismoaren eta abstrakzioaren bidetik maisuki erakartzen du arreta. Ondo barneratutako teknikaren bitartez, erraza egiten da abstrakzioaren bidean figurazioa aurkitzea.

Hirugarren eta azken aretoan, Juan Carlos Pikabearen (Lesaka, Nafarroa 1964) eta Lesagibelen lanak daude. Oso artista ezberdinak dira, margolaria bata eta eskultorea bestea. Ana Mari Marinen ildo bertsuari jarraitzen dio, ia, Pikabeak. Bidasoko eskolari estuki lotua dagoenez, etengabe errepikatzen ditu bizitoki duen Lesaka inguruko paisaiak. Hala ere, azkenaldian, erretratuen aldeko apustua egiten ari da. Horregatik, erakusketan ikus daitezke Jorge Oteizaren edota Ana Mari Marinen erretratuak.

Bestalde, Lesagibelek (Irun, 1954) aurreko artisten perfekzioa gainditu, eta berezko senari jarraitzen dio sortzeko. Bere kasa ikasitako artista izan arren, abstrakzioaren ildoa ziurtasunez lantzeko gai dela frogatu du Irrisarri Landen ikus daitezkeen lanetan. Ez du bere obraz hitz egitea maite, «bakarrik hitz egiten duelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.