Herriaren kulturaren eztanda

Oscar Marine artistak kalea berezko bizitoki duten lanak museorako eraldatu ditu zazpi hilabeteko lanaren ostean, eta Iruñeko Nafarroako Unibertsitateko Museoko 'Oscar Marine Big Bang' erakusketan ikus daitezke

Madrilgo movida bete-betean zela, Madrid me mata aldizkari urratzailearen hainbat zenbakirekin osatutako murala. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Naiara Elola.
2017ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Leherketa. Museoetan ia tokirik eskaintzen ez zaion herri kulturaren leherketa da Oscar Marine sortzaileak (Madril, 1951) Iruñeko Nafarroako Unibertsitateko Museorako prestatu duen Oscar Marine Big Bang erakusketa. Ia zazpi hilabetez egindako 180 sorkuntzak zortzi aretotan antolatu ditu. Ez da artistaren ibilbidea laburbiltzen duen erakusketa antologikoa. Batez ere, eliteetatik urrun daudenentzat egindako sorkuntzak daude ikusgai, erakusleiho edota iragarki paneletan paratzen direnak, esaterako. Besteak beste, 1980ko hamarkadan Egin zure kabuz leloak eragindako «askatasun eta lotsagabekeria» uholdea da martxoaren 4ra bitarte bisitatu ahal izango den erakusketaren muina.

Aurpegi askotako artista da Oscar Marine. Musika taldeen diskoetako azalak, filmetako kartelak, vodka marka ezagunen irudiak edota aldizkariak dira egin dituen hamaika lanen artean batzuk. Artista trebea da oso. Bere unibertso propioa inolako konplexurik gabe erakutsi du Iruñeko erakusketan. Musika, zinema eta komikia dira bere inspirazio iturri nagusiak, eta horiek bisitariaren eskura jarri ditu. AEBetako herri kulturaren, jazzaren eta rockaren eragina hasiera-hasieratik agerian uzten ditu Marinek.

Izan ere, artistak ez du ezer ezkutatzeko. 1980ko hamarkadan hasitako ibilbide oparoan izan dituen gorabeherak inolako arazorik gabe azaltzen ditu erakusketan. Krisi garaian, New Yorkera joan ondoren ikasitakoaren eskertza modura, Far Westeko cowboyei eskainitako seriearekin abiatzen da erakusketa. Hondo urdin batean kokatu ditu erretratuak. Tamaina handikoak dira, eta komiki batetik ateratako eszenak irudi dute. Lan batzuk pintzelkada espresionistaz egindakoak dira. Beste batzuk, berriz, hondo zuri eta beltzarekin jolastuz sortutakoak, ogibidetzat duen diseinu grafikoari keinu egingo balio bezala.

Bestalde, musika eta zinema munduari egindako ekarpenari areto oso-oso bat eskaini dio artistak. Hamabost metro luze den collage handiaren bitartez, ia 40 urteko ibilbidean egindako filmetako kartelak elkartu ditu; Perdita Durango, El día de la bestia, 800 balas, Torremolinos 73 eta Todo sobre mi madre filmenak, esaterako. Azken film horren kasuan, margo lodiz egindako emakume horren irudia ia «obsesio» bilakatu da artistarentzat. Hala, erakusketaren korridoreko horman hainbat emakumeren aurpegiak ageri diren koadroak jarri ditu. «Denbora librea dudanean, atsegin dut margoa hartu eta erretratuak egitea. Bulegoko mahaian pilatzen ditut erretratuok», adierazi du Marinek.

Areto horretan bertan, filmetako kartelen ondoan daude artistak egindako diskoetako azalak ere. 1980ko hamarkadan banaketa enpresa sortu zuen. «Disko bat kaleratzen genuenean, aurrekontua oso txikia izaten genuen, eta, Egin zure kabuz leloari jarraituz, dena guk egiten genuen», dio. Ikus daitezkeen azalen artean dago, adibidez, Siniestro Total taldeko kideak Dalton anaiak balira bezala irudikatu zituenekoak —¿Cuándo se come aquí? diskorako— edota Folio tipografiarekin idatzitako hainbat esaldi. Hain zuzen ere, sans serif familiako tipografia hori ere diseinatzaile madrildarraren ikurretako bat bihurtu da.

Dena den, Marinek azaldu duenez, ibilbide osoan izan dituen lananitzen artean, editore modura egindako lanarekin dago «harroen». Madrilgo movida deituriko mugimenduaren harira, Madrid me mata kontrakultura sustatzea xede zuen aldizkaria sortu zuen. Hainbat erreportaje eta azal daude ikusgai erakusketan. Marineren irudiko, aldizkari hura «urratzailea» izan zen: «Diseinuaz eta kazetaritzaz ez genekien ezer, baina sekulako lana egiten genuen. Alaska abeslariaren jaunartzea lantzen genuen bezala, hildakoen lur-emaile lanaren inguruko erreportajeak egiten genituen». Duela gutxi, Madrilgo Reina Sofia museoak Madrid me mata aldizkariaren zenbaki guztiak eskuratu ditu.

Erakusketa artistarentzat «tenplua» den zortzigarren eta azken aretoarekin borobiltzen da. Arte grafikoen jatorria denBauhaus eskolaren proposamenetara jo du, geometriaren bidetik abstrakziora salto eginez. «Abstrakzioa izpiritua elikatzeko era ederra da mundu pertsonalean gordetakoa azaleratzeko», dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.