Danele Sarriugarte. Idazlea

«Egin duzuna baino gehiago, zaren hori saltzen da»

Danele Sarriugartek 'Azala erre' bigarren eleberrian «kanalizatu» ditu aurrenekoaren ostean izandako hainbat bizipen, fikzioaren bidetik. Istorioarekin borrokan aritu da luze, baina asetzat du gaur helburua.

itziar ugarte irizar
Donostia
2018ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
«Kontzienteago» hitza errepikatzen du Danele Sarriugartek (Elgoibar, Gipuzkoa, 1989) lan berria nola egin duen eta prozesu osoa nola bizi izan duen azaltzeko. Duela lau urte argitaratu zuen Erraiak aurreneko eleberria, eta Azala erre du berriki plazaratu duen nobela berria. Artearen uretan dabiltzan bi gazte dira kontakizuneko protagonistak, Miren eta Jon, Bartzelonan eta Donostian agertuko direnak, eta heldutasuna, egoa, arrakasta, laguntasuna eta halako gaiak gurutzatuko dituzte.

Idazlea liburuarekin borrokan aritu da, eta ezkutatzeko deus ez duenaren patxadaz aitortzen ditu prozesuan izandako gorabeherak. Lana irakurlearen eskuetan dela, helburua beteta sentitzen du orain: «Asko pozten naiz publikatu dudalako. Kendu dut zama gainetik».

Nola joan dira argitaratu osteko aste hauek?

Denbora neraman askatzen, baina guztiz askatu gabe. Imajinatzen nuen bezala, publikatu ostean hasi naiz gauza batzuk ikusten. Liburua eta biok urruntzen ari garen heinean, eta jendea hartzen ari den heinean, beste ondorio batzuk ari naiz ateratzen, lehen barru-barruan egonda konturatzen ez nintzenak.

Zer, adibidez?

Egitura, adibidez. Intuizio bati tiraka hasi nintzen idazten, garbi eduki gabe oraindik pertsonaiak nondik zihoazen, zer egin nahi zuten... Intuizioari jarraituta idatzi behar da ahots narratiboa oso garbi badaukazu eta horrek tiratzen bazaitu, baina pertsonaia bat baino gehiago islatu nahi badituzu, background gehiago eduki behar duzu haiei buruz; abiatu aurretik hobeto ezagutu idaztera zoazen jende hori. Hori beharrezkoa dela konturatu naiz orain. Alde horretatik, modu positiboan baloratzen dut.

Iritsi zara identifikatzera, beraz, zerk izan zaituen trabatuta.

Bai. Denbora eta kanpoko baldintza batzuk ere egon dira. Baina, idazketari erreparatuta, ez nion utzi hazten lehenengo izpi horri, ez nion denborarik eman. Berehala hasi nintzen idazten, eta idatzita neukanari tiraka jarraitu nuen. Erraiak-en tonua oso hurbil edukitzetik hasi nintzen, hortik urrundu nahi nuen arren. Eta horretaz ere orain konturatu naiz.

Bi lehiaketetara aurkeztu zenuen lana —Joseba Jaka Beka (2016) eta Kutxa Irun Hiria Saria (2017)— eta ez zenuen saririk jaso. Izan zitekeen lana hilobiratzeko arrazoi, baina, kontrara, esan duzu nobelan besteen ezezkoen aurrean sinetsi duzula.

Bai. Nik baiezko bat jaso nuen garai batean, eta horrek ate batzuk ireki zizkidan; alde horretatik, ez nion beldurrik ez publikatzeari. Konfirmazio behar bat zen gehiago. Ezezkoek balio izan zidaten esateko: «Besteen onarpenik gabe nik istorio hau kontatu nahi badut, kontatu nahi dut».Sariak jaso izan banitu, besteen menpekoago litzatekeen liburu bat aterako zen, eta ezezkoek behartu naute neure buruari benetan zer kontatu nahi nuen galdetzera.

Aitorpen hori gehitu diozu liburuari azken orrietan, Esker ona edo nobela baten historia edo autore indibidualaren mitoa hausteko ahalegina izeneko atalean. Zergatik?

Behar nuen ixteko, liburuak izan duelako benetan istorio bat, nire buruarekin borrokatu dudana. Liburua bukatuta, zerbait faltan nuela sentitzen nuen, eta banekien ez zela istorioaren kontu bat. Erraiak-en ostean idatzi dudan liburua izan da, eta hor gauza pila bat egon dira; gauza asko bizi izan ditut, pentsatu ditut, sentitu ditut, baina ez ditut adierazi. Liburuan horiek kanalizatzen saiatu naiz, baina fikzioaren bitartez zenez, esan nahi nuen: «Bueno, eta Daneleri hau gertatu zaio».

Fikzioak balio izan dizu Erraiak-en osteko bizipenak lantzeko?

Baietz esango nuke. Garai batean interesatzen zitzaidan hori dena fikziotik kanpo lantzea eta testigantzak biltzea, baina orain ez zait hainbeste interesatzen.

Istorioarekin borrokan ari zarenean, nola irten tormentu txiki horretatik? Nola eraman duzu?

Pisu baten moduan sentitzen nuen. Beste gauza batzuekin bete dut denbora, eta hori aho biko ezpata bat da: beste gauza batzuetan aritzeak liburua egin beharraren sentsazioa arintzen dizu, baina, aldi berean, beste gauza batzuetan aritzeak oztopatu egiten du liburuari denbora gehiago eskaini ahal izatea. Ukatu egin dut nondik jo ez ikusteak sortzen zidan frustrazioa.

Zintzoa da hala aitortzea, eta, areago, esango nuke ez dela ohikoa prozesuko nekeak hain garbi erakustea.

Niretzako askatzailea izan da hori agertzea. Uste dut pose batzuetatik liberatu nauela, nahiz eta beste batzuek uste izango duten hitzostea pose baten seinale dela, hain justu.

Erraiak-ek ez zituen batere hotz utzi irakurleak, ezta kritika ere. Espero zenuen alderaketa?

Bai. Pentsatu baino gutxiago izan da, halere. Erraiak-ekin, irakurle taldeetara joan, eta gehiago jasotzen nuen zer eragin zien liburuak. Honetan, gehiago galdetu didate zergatik egin dudan hau edo bestea. Jendeak, azkenean, esaten dit aldamioak bistan dauzkadala. Hori nire ego perfekzionistarentzat gogorra da, baina, aldi berean, askatzailea da. Erraiak-en, gauzak oso argi neuzkan eta horregatik daude hain argi. Honetan ez neuzkan, eta bide horren istorioa da. Mirenek ere ez dauzka argi.

30 urteren bueltako artista bat da Miren, argazkiak egiten dituena. Azala erretzen duen pasartea idatzi zenuen aurrena, 2015eko irailean. Zer izan zen intuizioa?

Lehen intuizioa arrazionalki esplikatu ezin dudan gauza bat da niretzat. Etorri zitzaidana ez zen azala erretzea bera, baizik pertsona bat beste baten bila doana, eta bidean erre egin dena. Harreman desorekatu bat dute, edo, hori baino gehiago, batek gauza batzuk espero ditu, eta besteak, beste batzuk.

Miren da bat, eta Jon bestea. Hasieratik zenituen gogoan?

Bai, baita Iñaki Aramendi ere. Jon eta Mirenen arteko kontakizuna gutun azalarekin abiatzen da, eta haien harremanaren muineko arazoaren sinbolo bat da gutun-azal hori. Mirenek Bartzelonatik ihes egiten duenean, Jonekin duen istorioa itxita uzten du. Baina soka itzuli egiten da. Orain, esango nuke kontatu nahi nuela bakoitzak bere ardurak dauzkala, eta norberak hartu behar duela berea. Baina hori hasieratik jakin izan banu, Jonek beste toki bat izango luke nobelan, seguru.

Istorioa Donostian kokatzerakoan, Tabakalerak badu pisua, agertoki modura. Ezergatik zehaztu duzu izen eta guzti?

Gauza batzuk oso fikziozkoak dira, baina hori izenez aipatzea erabaki bat izan zen. Tabakaleran jende askok egiten du lan, eta hori guztia ere bada, baina bada kultur politika baten sinboloa ere. 2016an gertatzen da, gainera.

Antzematen da kritika...

Iruditzen zait batzuetan, norberaren lana ez baizik marka dela garrantzitsuena; artista askok beste funtzio bat betetzen dutela, ez dena beraien lanak bete dezakeena. Egin duzuna baino gehiago, zaren hori saltzen da. Momentu batean, merkantzia bat bilakatzen zara; ez zure lana, baizik zeu. Eta sentsazioa dut gehiago dela hori kulturak orain bertan gizartean betetzen duen rola. Merkantilizazio oso handi baten aurrean gaude, eta asko merkantilizatzen da sortzailea bera. Horrekin nuen kezka.

Kezka horri heltzeko, ikus-entzunezkoen esparruan jarri dituzu pertsonaiak. Egon zitezkeen literaturarenean?

Bai. Nik neuk gehiago ikusi dut markaren kontua literaturaren munduan. Horri heldu banio, agian, Tabakalera bainoago, Durangoko Azoka jarriko nuke.

Baina?

Ez nuen literaturaren eremuan sartu nahi, nik neuk urrundu nahi nuelako istoriotik.

Sare sozialetan duen mugimenduagatik dakigu Miren pertsona nahiko publikoa dela. Badago hor sortzen den zarataren gaineko gogoeta bat; nola bihurtu diren sareak estatusaren eta arrakastaren neurgailu.

Mirenen arazoa nik eduki dudan arazo berbera da: ez jakitea zer nahi duzun hor egonda, zertarako zauden hor. Mugimendu hori arreta pixka bat gehiago erakartzeko bada, ados; baina, ez badakizu, arriskutsua da. Denean, ez bakarrik sare sozialetan. Sare sozialak eurak baino gehiago, egoa elikatzeko dauzkagun joeretan dago kritika. Horretan lainoa izatea eta esatea ez daukala garrantzirik... Bada, ez; badauka.

Bestela, estimazioa bihurtzen da helburu?

Hori da. Horrek noraezean galtzen zaitu. Kontzientzia gehiago ipini behar dela uste dut; non zauden, eta zertarako. Eta ez ibili norbere burua justifikatzen.

Horretaz ari gara azala erretzeaz ari garenean, norbere burua ez babesteaz?

Bai. Zure joera bat dela baldin badakizu, hori ukatuta ere, bueltan etortzen da. Hori gertatzen zaio Mireni. Pentsatzen du Joni sekulakoak esango dizkiola, baina ez da ausartu, ez da babestu. Eguzkirik gabe ezin zara bizi, baina eguzkiaren arriskuak kontuan izan behar dira, gehiago zurbila bazara. Ardura hori hartzea da heltzearen ezaugarri bat niretzat.

Heltzearen igarobide horretan, ilea larru arras mozten du Mirenek.Hala dio narratzaileak: «Iruditzen zitzaion bere buruaren alderdi berri bat deskubritzen ari zela, indargune berri bat (...) aurrean zeukana bera balitz bezala, bera, azkenean, ezer ez gehiago eta ezer ez gutxiago, huts-hutsean bera, behingoz». Azalera eramandako irudia da.

Miren nahiko pertsona inuzentea da; ez daukana irakurketa politiko sakon bat, baina badituena intuizioak, gogoeta egin ez badu ere.

Ez du genero irakurketa bat egiten...

Ez, baina ez da kasualitatea. Hautsi nahi du, eta badaki hori haustailea dela. Gorputzaren bitartez islatu ditut aldaketa horiek: azala zaintzen hastea, ilearena, beste pertsona batekin oheratzea... Edo konturatzen denean aspaldi ez dela argazkiak egitera irten, aspaldi ez duela paseatu. Sentsazioak gorputzera ekartzean hasten da, bere gorputzak esateko duena entzuten.

Istorioak eskatu dizu atal laburretan eta atzera-aurrera eginez kontatzea?

Hala kontatzeak istorioa garatzen lagundu dit. Baina egiturarekin arazoak izan ditut istorioarekin arazoak izan ditudalako, eta alderantziz. Ez naiz oso zalea, baina Paul Austerrek badu esaldi bat: «Stories are for those who know how to tell them». Hau da, istorioa kontatzen jakitea da istorioa; kontatzea bera. Erraiak oso seguru egin nuen, baina ez nuen sentitu hori zenik nire bidea. Hori egin nuen, orain egin dut hau, eta hori nahi dut, kontatzeko toki bat topatu. Toki horren bila nabilela iruditzen zait.

Askeago zaude orain bilaketan?

Bai. Baina, beste aldetik, badakit hori egin izan ez banu ezingo nintzatekeela beste leku batzuetan sartu. Ez nuen nahi Miren Erraiak-eko narratzailea izatea, balezta kargatuta eta jende guztiari errieta egiten.

Izan zitekeen.

Izan zitekeen, baina ez nuen hortik eraiki nahi. Gehiago interesatzen zait ardura hartzea. Erraiak publikatu nuenean, egia esanda,larregi jakin gabe publikatu nuen, eta bat-batean igerilekuan nengoen. Gero mila kabala egiten dituzu: esan izan banu, banintz... Orain, kontzienteago naiz igerilekuan nagoela, ni sartu naizela eta norantz ez dudan nahi joan. Espektakuluak ez du halako garrantzia. Hurrengoan zer esan nahi dudan begira nago. Esateke nuen hori esan dut: erantzun diot erantzuteko beharrari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.