Albistea entzun

Paisaiaren argazkiekin, bidaia

Maria Bleda eta Jose Maria Rosa argazkilariek azken 25 urtean egindako lana ikusgai jarri dute Nafarroako Unibertsitateko museoan, 'Denboraren geografia' erakusketan
Irudian, <em>Futbol zelai</em> serieko sei argazki. Zuri-beltzean egindakoak dira guztiak, eta aspaldi toki horiek izan zuten dirdira islatzen dute.
Irudian, Futbol zelai serieko sei argazki. Zuri-beltzean egindakoak dira guztiak, eta aspaldi toki horiek izan zuten dirdira islatzen dute. IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Naiara Elola -

2018ko martxoak 30 - Iruñea

Bi argazki. Bata bestearen ondoan. Soro luze bat da protagonista, eta idor samarra dago. Ikuspegi panoramikoa osatzen dute bi argazkiek, horregatik daude elkarren ondoan jarrita. Lerro jarraiak dituzte bi argazkiek. Baina ezer gutxi ulertzen da lehen begiratuan. Espainia barnealdeko ohiko paisaia ematen du. Argazki oina da argibide bakarra: «Almansako bataila. 1707». Nafarroako Unibertsitateko museoan ikusgai dagoen Denboraren geografia erakusketa osatzen duten 200 argazkietako bi dira. Azken 25 urtean, Maria Bleda (Castello, Herrialde Katalanak, 1969) eta Jose Maria Rosa (Albacete, Espainia, 1970) argazkilariek egindako lana batu dute erakusketa horretan.

1994tik egun arte egin dituzten argazkien sei seriez osatua dago erakusketa, eta heldu den irailaren 30a bitarte bisitatu ahal izango da: Gudu-zelaia, Eskuliburu, Futbol zelaiak, Jatorria. Ibilaldi bat giza eboluzioaren teorietan, Memorialak eta Alhambra. Historian izandako gertakarien artean «azpimarra merezi» duten tokietan barrena ibili dira, batez ere. Baina, denboraren joanaren eraginez, toki horietako asko ahanzturak bereganatutako gune bilakatu dira: espazio hutsak, isilak, gertatutakoaren arrastoak bilatzen zailak. Horregatik eskaintzen diote Bledak eta Rosak bisitariari bidaiatzeko aukera, bai paisaian eta bai historiako gertakarietan barrena.

Gudu-zelaia seriea da erakusketa osatzen duten seiren artean lehena. Rosak azaldu duenez, historia markatu duten gertakizunek berezkoa duten «handitasunik» ez dute beren argazkiek. Hala nahi izan dute, gainera. Irudiak soilak dira, apaingarririk gabekoak. «Paisaia eraikitzeko orduan, ez dugu erretorikarik nahi. Inposatutako narratiba ez dugu atsegin, horrek ikuspegi bakarra ematen duelako ontzat», argitu du Rosak. Hala, erakusketaren abiapuntua den lehen serie horretan, Bledarentzat eta Rosarentzat argazkia lanerako lanabes garrantzitsu bilakatzen da, denboraren joana izozteko, paisaia berriak eraikitzeko eta bisitariak begiratzeko duen moduaz hausnartu ahal izateko.

Iruñean erakusteko hautatutakoen artean bereziena museoko atarian jarri duten Eskuliburua seriea da. Ohar, irudi eta testuen bilduma moduko bat da. Bi argazkilariek egindako dokumentazio lanaren isla. Mende laurdeneko ibilbidean pilatutakoaren zati bat besterik ez den arren, denbora eskatzen du guztia ikusteko. Bledak jakinarazi duenez, hasiera batean, argazkiak karpetatan gordetzeko asmoa zuten, baina, azkenean, ikusgai jarri dituzte. Hormetan, gerra eta iraultzaren inguruko oharrak jarri dituzte. Beira-arasetan, berriz, Amerikaren konkistarekin eta espedizio zientifikoekin zerikusia duen dokumentazioa.

Bestalde, erakusketa osoan lotura modura erabiltzen den denbora kontzeptuari tiraka garatu dute Rosak eta Bledak Futbol zelaiak seriea. Hemezortzi argazkiz osatua dago, eta une oro bisitariaren haurtzaroari egiten dio erreferentzia. Zuri-beltzean egindako argazkiak dira. Garai hobeak ezagutu zituzten espazioek berezko duten malenkoniaz beteak. «Irudiaren zatiketaren aldeko apustua egin dugu serie honetan, espazioa hobeto iruditzen duelako», azaldu du Bledak. Hala, futbol zelaia ez dute inoiz osorik aurkezten. Lerro zuriak edota ateak berak zehazten du eremuaren izana. «Gure nahia ez da izan toki jakin batzuk dokumentatzea, baizik eta toki mota jakin baten inguruan hausnartzea».

Eboluzioak harrapatuta

Gizakiaren existentziaren jatorrira jo dute, bestalde, Jatorria. Ibilaldi bat giza eboluzioaren teorietan seriean. Oraindik amaitu gabe dago, eta bukatzea zaila izango dela onartu dute. Iruñera bost argazki ekarri dituzte, tamaina handikoak denak. Lehen begiratuan, inolako garrantzirik ez duten tokiak direla pentsa liteke. Guda-zelaiak serieko lanetan bezala, kasu honetan ere, argazki oinek ematen dute gakoa. «Homo neanderthalensis» irakur daiteke oinetako batean. Rosak argitu duenez, bidaia espazioan baino gehiago, giza eboluzioaren inguruan dauden teoria ezberdinetan barrena egin dute. Hala, hasiera batean, inguruan trenbide bat duen baso soila irudi duen argazkiak bestelako dimentsio bat hartzen du. Izan ere, Neander haraneko paisaia da argazkikoa, 1907an Mauerren masailezurra aurkitu zen tokikoa, hain zuzen ere.

Rosak onartu duenez, historiak berak dituen zirrikitu ezberdinetan «kateatuta» daudela sentitzen dute. Hala ere, gertakari historiko zenbaiten inguruan zabaldu den kontakizuna «zalantzan» jartzeko ere baliatu dituzte euren argazkiak. Horren adibide da Memorialak seriea. 2005. eta 2010. urte artean ateratako 23 argazkiz dago osatua. Bi argazkilariek «memoria errealaren» arrastoari jarraitzeko proposamena egiten diote bisitariari. Berlin, Jerusalem eta Washington dira 23 argazki horien kokalekuak. Fokua ez dute jarri gertakari historikoak gogora ekartzeko monumentuetan, haien inguruan baizik. Ez dute agerikoa den horretan jartzen arreta, bilaketa lanetan ere aritzen direlako. «Ohartu gara memoriaren trataeran ezberdintasun handiak daudela herrialdeen artean», adierazi du Bledak.

Alhambraren sekretuak

XIX. mendeko zenbait argazkilarik egindako argazkiak dira Alhambra azken seriearen abiapuntua. Nafarroako Unibertsitateko Tender puentes programari esker, Bledak eta Rosak garai batean unibertsitatearen argazki funtsa izan zena —egun museoak kudeatzen du— kontsultatzeko aukera izan zuten. XIX. mendeko argazkilarien lana aztertuta erabaki zuten proiektua Granadan (Espainia) kokatzea. Duela bi mendeko argazkilarien obraren irakurketa gaurkotua da bi artistek egindakoa. Inork erreparatzen ez dion xehetasunetan jarri dute arreta. «Ez dugu gure argazkiek tokiak modu soilean deskribatzerik nahi. Beste maila batera iritsi nahi dugu, ikusleak parte har dezan», azaldu du Rosak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Kepa Junkera musikaria, gaur goizean, 'Erromeriak' disko berria aurkezten. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

‘Erromeriak’ izeneko diskoa kaleratu du Kepa Junkerak

Olatz Enzunza Mallona

Emakume panderojoleak omendu ditu lan berrian. 2018an iktusa izan zuenetik, diskorik kaleratu gabe egon da musikaria.

Belako taldearen kontzertu bat Donostian, iazko urrian. ©Idoia Zabata, FOKU

La Femme, Anari, Belako eta beste, Donostiako Boga Boga musika jaialdiaren lehenbiziko aldian

Uxue Rey Gorraiz

Irailaren 8tik 10era bitarte eginen dute festibala, hiriko zenbait tokitan. «Musika independentearen alde egiteko jaialdia» izanen da, antolatzaileen esanetan. 25 kontzertu iragarri dituzte oraingoz.

Luigi Anselmi idazlea, bere lan berria esku artean duela, Donostiako Udal Liburutegi Nagusian, liburuaren aurkezpen egunean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Luigi Anselmi: Laguntasunari elegia bat

Naroa Torralba Rodriguez

Larrazkeneko argi-ilunetan poema liburua kaleratu du idazleak, Pamiela argitaletxearekin. Poema gehienak bere lagunei eskaini dizkie. Olerkien artean, Jose Enrique Urrutiaren irudiak daude tartekatuta

Arte Ederren udako ikastaroko antolatzaileak, atzo, Bilbon. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Bildumagintza pribatutik publikorako saltoa, Arte Ederren udako ikastaroan

Miren Mujika Telleria

Arteari eta bildumazaletasunari buruzko udako ikastaroa antolatu dute Bilboko Arte Ederren Museoak eta Gondra Barandiaran fundazioak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...