Ohiz kanpokoa ez den artea

Egunerokotasunaren eta artearen bidegurutzean dabiltzan forma artistiko berriak izango ditu ardatz Prototipoak topaketak, Bilboko Azkuna Zentroan, hilaren 31tik ekainaren 3ra

Diziplinartekotasuna izango da Bilboko Azkuna Zentroan egingo den Prototipoak topaketaren ezaugarri nagusietariko bat. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2018ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Arteak eta eguneroko bizitzak bat egiten duten puntu zehatz horretan jarri nahi du arreta Prototipoak Forma Artistiko Berrien Nazioarteko Topaketak. Hamaika ekintza eta emanaldi biltzen dituen programa prestatu dute horretarako Bilboko Azkuna Zentroan, maiatzaren 31tik ekainaren 3ra arte. Rosa Casado eta Mike Brookes aritu dira topaketen komisario lanetan, eta azaldu dutenez, jaialdia hirian urtzea izango da helburua. «Artea eta sorkuntza garaikidea hiriaren eguneroko sarean integratuta egotea nahi genuen, eta ez izatea soilik ohiz kanpoko une bat, normalean izaten den bezala». Umeek gidatutako ile apaindegi bat, ikuspegi artistikoz antolatutako mendi martxa bat, ezkutaketa jolas bat, zortzi orduko sehaska kanta kontzertu bat, eta arte izendapenaren mugaraino joateko erreparorik ez duten beste hainbat ekintza eta emanaldi antolatu dituzte hirian topaketek irauten duten egunetarako, eta, horrez gainera, robotika ardatz duen erakusketa bat ere zabalduko dute Azkuna Zentroan, uda osorako.

«Funtsezkoa izan da elkarrizketa». Izebergaren punta baino ez dira izango topaketa egunak, komisarioen hitzetan. Hilabeteak daramatzate Bilboko eta inguruko arte sarearekin elkarlanean, eta lankidetza horren ondorio ere bada programa. Esate baterako, Arabako Azala proiektuarekin elkarlanean antolatu dute Lasierra herritik Bilborainoko Martxaundi II mendi martxa, eta Bilboko Consonni ekoizpen etxeak antolatuko du Speech Sound irrati saioa. Baina horiez gainera, bertako hamar dantzarirekin elkarlanean eskainiko du Bouchra Ouzguen koreografo marokoarrak Corbeaux pieza. Eta hori da programaren beste ezaugarrietako bat: publikoaren parte hartze aktiboa eskatzen dute proposamen gehienek.

Balio dezake Kanadako Mammalian Diving Reflex taldearen Haircuts by Children proiektuak artearen eta eguneroko bizitzaren arteko uztarketa ulertzeko. Astebeteko tailer bat jaso ostean, asteburu batez Zazpikaleetako ile apaindegi bat gidatuko dute Bilboko San Adrian institutuko gazteek. Ahaldundu egingo ditu horrek nerabeak, komisarioen hitzetan, baina, aldi berean, dilema bat planteatuko die ilea moztera doazen helduei: «Prest gaude etorkizuneko belaunaldien eskutan jartzeko?».

Ikusezin izan ohi dena ikusgarri egitea izan da Nuria Guell artista kataluniarraren helburua, eta ezkutaketa jolas bat proposatu du inoren etxean zaintza lanetan aritzen diren emakumeekin. Denbora darama artistak sektore horretan aritzen den jendearekin lanean, eta jolasa onartzen dutenei emakume horien bizimodua ezagutzeko aukera eskaintzea da asmoa. «Testuinguru hori publiko egiteko modu bat da», azaldu du Casadok.

Handia da topaketen esperimentazio maila, komisarioek onartu dutenez, eta esker ona adierazi diote horregatik Azkuna Zentroko lan taldeari. «Ohiko ez diren lanerako moduak frogatzen gabiltza, eta eskertzekoa da jendearen esfortzua eta abentura gogoa».

Zortzi orduko sehaska kanta kontzertua antolatuko du Dr. Kurogo artistak Azkuna Zentroko atarian, eta bertan egongo da Luke Jerram artistaren zazpi metroko diametroa duen ilargiaren erreplika. Gainera, gune berean eskainiko dituzte beren antzezlanak Los Torreznos taldeko kideek ere. Baina hirira ere zabalduko dira proposamen artistikoak, eta, hala, Udaletxeko zubia izango du ardatz Camille Tellez artistaren Mirador piezak.

Poesia eguneroko bizitzaren parte bilakatzea da Casado eta Brookes komisarioen helburua, eta igartzen da asmo hori antolatu duten erakusketan ere. Helburu artistikoz sortutako zazpi robot hautatu dituzte, eta, zehaztu dutenez, aretoan «robotez osatutako sabana» moduko bat sortzea izan da helburua. Egun betez izango dira martxan robot horietako batzuk, gainera, eta horren ondorioz, etengabe arituko da erakusketa aldatzen. «Itzultzen diren bisitariek oso aldatuta ikusiko dute espazioa aldiro», azaldu du Brookes komisarioak.

Perezen aurkezpena

2013an du jatorria Prototipoak topaketak. Orduan jarri zuten abian 3, 2, 1... izeneko jaialdia, eta haren jarraipena da orain aurkeztutakoa. Esperimentu modura antolatu zuten lehen jaialdi hura, eta hiru urteko iraungitze data ezarri zioten. Horregatik jarri zioten proiektuari hirutik baterako atzerako kontaketa hori izenburutzat. Lortutako emaitzarekin pozik gelditu ziren antolatzaileak, ordea, eta 2016an jarri zuten abian Prototipoak. Aurrekoaren jarraipen modura.

Fernando Perezen aurkezpen publikoa egiteko ere baliatu dituzte topaketak. Izan ere, aste batzuk baino ez dira Lourdes Fernandezek zentroko zuzendaritza utzi, eta Perezek haren lekua hartu zuenetik, eta Prototipoak-en aurkezpena izan da prentsarentzat rol horretan egin duen lehen ekintzetariko bat. Aurrez kultur teknikari postuan aritua da Perez Bilboko Alondegian, baina Nafarroako Gobernuko Kultura zuzendari postuan egin ditu azken hiru urteak, eta orain bueltatu da berriz Bilbora.

Aurreratu duenez, Prototipoak topaketen espirituarekin bat egingo duen programa bat darabil buruan Perezek Azkuna Zentrorako. «Topaketa hauen ildo nagusi berak landuko ditut nik ere, eta komunitatea, artea, egunerokotasuna eta artearen bidezko gizartearen erantzukizunari buruzko gogoeta izango dira nire lan ardatzak». Ekainean aurkeztuko dio proiektu ofiziala patronatuari.

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara:

azkunazentroa.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.