Donostiako 61.Zinemaldia

Filmen neurriko zinemaldia

'Futbolín' Juan Jose Campanellak animazioaren alorrean egindako lehen filmak irekiko du gaur ZinemaldiaHamahiru film lehiatuko dira irailaren 28a bitartean Urrezko Maskorra eskuratzeko

mikel lizarralde
Donostia
2013ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldi bakoitzak bere protagonistak, ezaugarriak, izarrak eta sarituak izan ohi ditu. Izan, badira, ikusgarritasunari eta star-system-ari lotuago egoten diren ekitaldiak, eta badira, era berean, glamour-a baztertu gabe, xumeago aurkezten direnak. Iaz, 60. zinemaldia izanik, Jose Luis Rebordinosek zuzentzen duen lantaldeak Hollywoodeko aktore eta izar handiak ekartzeko ahalegin handia egin zuen, eta apustua ondo atera zitzaion. Bost Donostia sari banatu zituen —Oliver Stone, John Travolta, Ewan McGregor, Tommy Lee Jones eta Dustin Hoffman—, eta Richard Gere nahiz Susan Sarandon ekarri zituen Donostiara inaugurazio ekitaldirako. Aurten, aldiz, izen handien zerrenda ez dago hain puztua, eta, a priori, zinemak berak, filmek izan beharko dute protagonista. Haiek emango dute Donostiako 61. Zinemaldiaren neurria.

Aurtengo jaialdia murrizketen edo, gutxienez, aurrekontu izoztuen garaian egingo da, eta Jose Luis Rebordinos zuzendariak berak aitortu du udaberrian finantzaketa arazo handiak izan zituztela. Hori dela eta, glamour-dun jende gutxiagorengana jo dutela aurten, nahiz eta gerora babesle batzuek arazo horiek arindu dituzten. Donostia sarien kuota ohiko neurrira jaitsi da —Carmen Maurak eta Hugh Jackmanek jasoko dute—, eta, gainerakoan, ez dago iragarrita izar handi askoren presentzia. Carmen Maurari igandean emango diote zinemaldiaren saria, Alex de la Iglesiak Las brujas de Zugarramurdi Sail Ofizialean baina lehiaz kanpo aurkeztuko duen egun berean. Eta Hugh Jackmanek, berriz, hilaren 27an jasoko du Donostia Saria. Zinemaldian Prisoners aurkeztuko du, Denis Villeneuvek zuzendutako thriller dramatikoa. Bitxia bada ere, Villeneuvek beste film bat aurkeztuko du aurten Zinemaldian, Enemy, azken hori Sail Ofizialean eta Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian.

Sail Ofiziala da protagonista

Izan ere, zinemaren neurrikoa izango da aurtengo Zinemaldia, eta Sail Ofizialeko lanen kalitateak emango du neurri hori. Zuzendarien izenei erreparatuta, ohi bezala, Espainia eta Frantzia ondo ordezkatuak egongo dira Urrezko Maskorra irabazteko lehian. Frantziatik etorriko da, esaterako, Bertrand Tavernier beteranoa Quai d'Orsay satira politikoarekin. Duela 17 urte ere Zinemaldian lehiatu zen Tavernier Capitaine Conan laudatuarekin, baina sari garrantzitsu gabe alde egin behar izan zuen, faborito nagusia izan arren. François Dupeyronek, aldiz, Urrezko Maskorra lortu zuen Donostian 1999an C'est quoi la vie? filmarekin, nahiz eta kritikaren oniritzia ez jaso. Oraingoan sendatzeko boterea duen gaztetxo baten istorioarekin dator.

Espainiako zinema ere ondo ordezkatua egongo da Zinemaldian. Izan ere, azkeneko urteotan Donostiatik igaro diren filmek oihartzun eta oihartzun handia lortu dute jaialdiaren ondoren —iaz begi bistakoa izan zen Blancanieves, El artista y la modelo eta El muerto y ser feliz-ekin—. Joan den urtean Fernando Truebak bezala, datozen egunetan haren anaia Davidek aurkeztuko du film bat Sail Ofizialean: Vivir es fácil con los ojos cerrados, 1966ko Espainian girotutako bilaketa sentimental baten kronika. Fernando Francoren La herida arriskuak hartzen dituen filma dela esan du Rebordinosek, eta Manuel Martin Cuencaren Canibal-ek modu ez konbentzionalean kontatzen du hiltzaile baten maitemintze prozesua. Toronton izan da, eta harrera oso ona egin diote.

Hego Amerikako zinemagintza Fernando Eimbcke mexikarraren Club Sándwich eta Mariana Rondon venezualarraren Pelo malo-k ordezkatuko dute. Biek ala biek ama-seme harremanak dituzte abiapuntuan, baina estiloz eta tonuz ezberdinak dira oso. Atom Egoyan zinema zuzendari estimatua da, baina —Chloe aurkezten— Donostiako Zinemaldian izan zen azkeneko aldian jasotako harrera ez zen ez hotz ez beroa izan. Aurten, misterio film bat dakar: Devil's Knot. Horiei guztiei Denis Villeneuveren Enemy, Jasmila Zbanicen For Those Who Can Tell no Tales, Goetz Spielmannen Oktober November, Jonathan Teplitzkyren The Railway Man eta Roger Michellen Le Week-end gehitu behar zaizkie lehiarako.

Lehiaz kanpo ere izango ditu hainbat film Sail Ofizialak. Hain zuzen ere, gaur Juan Jose Campanella argentinarrak animazioaren esparruan egindako lehenengo lanarekin hasiko da Zinemaldia: Futbolín.

Aurten antolatzaileek erabaki dute Zabaltegi eta Perlak bi sailetan bereiztea. Perlak sailean ikusiko dira lehenagotik ere oihartzuna izan duten hainbat lan: Calin Peter Netzerren Pozitia Copilului / Child's Pose —Urrezko Hartza eskuratu zuen Berlinalen—, Terry Gilliamen The Zero Theorem, François Ozonen Jeune et Jolie, Hayao Miyazaki animazioaren maisuaren agurra (Kaze Tachinu / The Wind Rises)... Zabaltegi, berriz, sail irekia izango da, era guztietako proiektuei irekia. Hor, adibidez, Oliver Stonek hamabi atalez osatutako AEBen historia aurkeztuko du (The Untold History of the United States). Eta Zabaltegin emango dituzte Asier Altunaren Zela Trovke eta Izebene Oñederraren Hotzanak. For Your Own Safety. Biak film laburrak.

Zinemira izango da, dena dela, euskal zinemaren gordeleku nagusi. Atal horretan estreinatuko dute datorren astean Amaren eskuak, Karmele Jaioren eleberrian oinarrituta Mireia Gabilondok zuzendutako filma. Eta hor izango dira, era berean, Asier ETA biok Aitor eta Amaia Merinok zuzendu duten dokumentala, eta Izenik gabe, 200x133, Jose Luis Zumeta artistaren lana jasotzen duen filma ere. Donostia Zinemaldiak eta EPE eta IBAIA ekoizleen elkarteek euskal zinemagintzako pertsona baten ibilbidea saritzeko ematen duten Zinemira saria Juanba Berasategi marrazkigile eta ekoizle gipuzkoarrarentzat izango da aurten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.