Bi segundo eskaseko argazkia

Bidaiaren masifikazioak gizartean eta hirietan eragin dituen aldaketei buruzko gogoeta egiten du 'Turismoak' erakusketak. Gaur zabalduko dute, Donostiako Koldo Mitxelenan

Corinne Vionneten argazkiek irudi estandarizatuen gaineko gogoeta proposatzen dute. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Donostia
2017ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Ekar ditzakeen onurez gain, turismoaren zehar kalteak jende askoren ahotan daude azkenaldian. Mundu osoan, baina baita Euskal Herrian ere. Orain dela urte pare batera arte, uda hastearekin batera, turismoaren eta okupazioaren gorakada ontzat jotzen zen moduan, turismo horren beraren alde onak zalantzan jarri dituzten ahotsak ugaritu dira. Gero eta gehiago dira Bartzelona, Venezia, Londres eta turismo masifikatua jasaten duten beste hiriburu batzuetan, baina Donostian ere hasi dira turismo horren kalteak nabaritzen eta horren inguruko gogoeta egiten.

Donostia ez da zehazki aipatzen, baina hiriburuko Koldo Mitxelena kulturunean gaur irekiko duten Turismoak erakusketa kolektiboak, munduari begiratzen dion arren, etxekoaren inguruan gogoetatzeko aukera ere ematen du. Bidaiaren masifikazioak gizartean bertan eta hirietan eragiten duen eraldaketaz mintzo baitira erakusketan Juan Aizpitarte, Sergio Belinchon, Gianni Berengo-Gardin, Philip Brink eta Marieke van der Velde, Eduardo Chibas, Derwald, Ilja Kok eta Willem Timmers, Rogelio Lopez Cuenca, Antoni Muntadas, Andre Nagel, Andreas Pichler, Ambroise Tezenas, Corinne Vionnet, Massimo Vitali eta Dougie Wallace.

Turismoak forma ugari hartzen ditu. XVIII. mendean heziketa bidaia gisa hasi zena denboran aldatuz joan da, eta, gaur egun, lekualdatze hutsa izan daiteke kasu batzuetan. Antoni Muntadasek (Bartzelona, 1942) erakusketako areto zentralean jarri dituen neurri handiko argazkiek hori bera adierazten dute. Batean eta bestean jende ilarak ageri dira, hegazkinera, ontzi batera, Veneziako Biurteko erakusketa batera edo katedral batera sartzeko ilarak. Ramon Esparza komisarioarenak dira hitzak: «Ez dago turista hobeto islatzen duen elementurik. Ilara da turistaren konstante bat. Askotan ez dakigu zeren zain dauden ere».

Tamainaz handia da Massimo Vitali argazkilari italiarrak (Como, 1944) erakusketan jarri duen lana ere. Belgikako hondartza bateko argazkiak dira, bata besteari itsatsiak, nolabaiteko panoramika bat osatzen dutenak. Italiako antzerki barrokoaren tesiari segituta, ikusgaitasun erabateko puntua bilatzen du, «besaulki nagusia» balitz bezala, eta hortik —bost metroko altueratik—egiten ditu argazkiak.

Turismo masifikatuaren ereduetako bat Venezia da; turismoaren aje guztiak agerian uzten dituen hiria, Esparzaren iritziz. «Venezia hiri-ikuskizun bat da. Egunez, gainezka, eta gauez, hutsa. Inor ez baita bizi Venezian». Italiako hiria dute protagonista Gianni Berengo Gardinen argazkiek, hain zuzen ere. Zuri-beltzeko irudiak dira guztiak, zeinetan transatlantiko erraldoi bat ageri den Veneziako kanal nagusia zeharkatzen. Ontziaren eta inguruaren tamainaren arteko kontrastea nabarmentzen da argazkietan. Joan den urteko udan jarri zuten erakusketa Venezian, baina alkateak kentzeko agindua eman zuen.

Bi segundo eskas. Denbora hori igarotzen omen dute Louvre museoko bisitariek artelan bakoitzaren aurrean. Argazkia egiteko beharrezkoa dena. Orokortua dagoen fenomenoa da, Esparzaren iritziz. «Inportanteagoa da hor egon zarela adieraztea, argazkia egitea, artelanaz gozatzea baino». Derwaldek, anonimotasunean ezkutatzen den artistak Interneten jarri eta, Esparzak eskatuta, Donostian jarri ahal izan duten bideoak horixe bera adierazten du. Jende andana argazkiak egiteko museoetan, bata bestearen segidan, etenik gabe. Atsedenerako eta hausnarketarako tarterik gabe.

Juan Aizpitarte artista (Donostia, 1974), adibidez, iazko udan ibili zen Bartzelonan. Beste turista bat balitz bezala. Argazkiak egiten. Haren jomuga, ordea, turistak izan ziren. Turistaz «jantzi» zen oharkabean pasatzeko, eta 5.000 irudi egin zituen, «jende guztiak keinu berberak egiten dituela eta irudiak egin gabe turismorik ez dagoela ondorioztatzeko».

Argazkiak egiteko ikuspuntua ere antzekoa dute turista guztiek. Hala ondoriozta daiteke Corinne Vionnet artista suitzarraren lanak ikusita. 2005az geroztik, Interneten ibiltzen da bidaiariek eta argazkigintza zaleek sarean jarritako leku turistiko zenbaiten irudien bila. Ondoren, bata bestearen gainean jartzen du, eta erakutsi errepikatu egiten dela beti irudia. Sinbolo bat bilakatzeraino. Hor ageri dira ehunka argazkik osatutako Pisako dorrea, Taj Mahal, Moskuko Plaza Gorria...

Picassoren Malaga

Erakusketako parterik deigarriena Rogelio Lopez Cuencak (Nerja, Espainia, 1959) Pablo Picassori eta Malaga hiriari (Espainia) eskainitako gela da ziurrenik. Azkeneko urteetan Malaga hiria Picassoren irudiaz nola jabetu den salatzea du helburu Ciudad Picasso lanak, eta, hala, bere lana oroigarri bilduma erraldoi bat da. «Picassoren Museoa irekitzearekin batera, hiria picassotartzeko eta Picasso malagatartzeko proiektu garbi bat egon da. Elkarrekiko kanibalismo kasu bat da», azaldu du Lopez Cuencak berak. Picassok bere jaioterrian baino denbora gehiago igaro zuen Parisen, Kosta Urdinean eta Bartzelonan —haietan garatu zuen bere lan artistikoa—, baina gaur egun Malaga bera Picassoren «parke tematiko» bilakatu dute. Dela oroigarrien denden bidez, dela taberna eta saltokietan ageri diren Picassoren aipamenen bitartez. «Eta paradoxa bat gertatzen da. Malagako herritarra ere turista bilakatzen delako bere hirian».

Badira oso bestelako turismoaren adierazpenak ere. Adibidez, Etiopia hego-ekialdeko Omo ibaiertzean bizi den Mursi tribuko kideekin Ilja Kokek eta Willem Timmersek egindako bideoa ikus daiteke erakusketan. Mursi emakumezkoak sarritan agertu ohi dira Afrikari buruzko dokumental antropologikoetan, beheko ezpainetan jartzen dituzten diskoengatik, eta gaur egun turismoaren jomuga bilakatu dira. Egunero jartzen dira bertara iristen diren ehunka turistaren argazkietarako prest. Baina paradoxa tribuko emakume baten esaldi batek ematen du: «Zertarako nahi ote dituzte hainbeste argazki?». Irudia esperientzia bera baino inportanteagoa den seinalea.

Bada, era berean, «leku negatiboei» lotutako turismo bat. Tragedia bat ekartzen duena gogora. Esparza: «Auschwitz, Txernobyl, Libanoko Erresistentziaren Museoa... Zer zentzu dauka esperientzia bitxi edo arraro bat emango dizun leku batera turista moduan joatea?». Esperientzia horien lekuko dira Ambroise Tezenasen (Paris, 1972) argazkiak: hondamendiei eskainitako museoak, Sobiet Batasuna zeneko galdeketa ziegak, Auschwitz, John Fitzgeralde Kennedy AEBetako presidentea hil zuten Dallasko leku zehatza... guztiak, turismoa erakartzen duten lekuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.