Ismael Manterola
BEGIZ

Erabiltzailetik kontsumitzailera

2018ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Bidaia egunak izaten dira Aste Santuko oporretakoak. Garraio publikoa erabiltzen dugunontzat tren edo autobus geltoki eta aireportuko esperientzia bizitzea tokatuko zaigu. Bilbo hiriaren eraldaketaren ikurretako bat izan zen Loiuko aireportuaren eraikuntza, metroa, Guggenheim museoa eta Euskalduna jauregiarekin batera. Arkitektura garaikideko egile garrantzitsuenak aukeratu zituzten proiektuak aurrera eramateko, munduko hiri askotan egiten ari zen modura. Hiria bizikidetza sare moduan ulertu beharrean, turistek bisitatzeko artelanez osatutako museo antzeko zerbaiten aldeko apustua egin zuten 90eko hamarkadako agintariek.

Bilboko aireportua Sondikatik Loiura aldatzeko proiektua Santiago Calatrava arkitekto ospetsuari eman zioten, eta honek triangelu forma zuen eraikuntza bitxiarekin erantzun zion eskaerari. Akats askorekin, batez ere harrera gunean itxaroteko barne tokirik ez izatea, zabaldu zen 2000an aireportu berria. Hurrengo urteetan, erabilpenaren ondorioz antzemandako akatsen konponketa egitenhasi ziren, eta 2011n harrera gune berria zabaldu zuten.

Calatravaren proiektuak zituen akatsak onartuta ere, iruditzen zait Bilboko aireportuaren lorpenik handienetako bat irteeren antolaketa erraza izan zela. Eraikuntza hauek sarritan izaten duten orientazio arazoak eta informazioa bilatzeko zailtasunak saihestu zituen Calatravak espazio bakar eta argi baten bidez, aireportuaren tamaina txikia kontuan izanda. Iritsi eta fakturazio mahaiak bistan, hiru sarrera zituen ateetara, bat erditik eta bi muturretatik, triangeluaren formari jarraituta. Kontrolak pasatzeko bi gunek ilarak saihesteko aukera ematen zuen eta tratu humanoagoa.

Baina, arkitektoak erabiltzaileentzat pentsatutako proiektuak aldaketa handiak jasan ditu azken urteetan, eta ez bakarrik akatsak zuzentzeko, baizik eta aireportu guztietan nagusi den salmentarako. Lehenbiziko aldaketa kafetegiak eragin zuen, eta oraintxe bertan dauden hobekuntza lanak—gutxi gorabehera guztion patrikatik ordainduko ditugunak— duty free dendak jartzeko bideratuta daude. Hain zuzen, honekin batera dator Loiuko aireportuko aldaketa nagusia. Kontrol hezi bakarra jarrita, erabiltzailea dendetara bideratuta dago ateen gunera pasatu baino lehen. Labirinto forma duen pasilo estu batetik pasarazten gaituzte lurrin, tabako, txokolate edo zergarik gabeko beste edozein produktu erosten laguntzeko. Bidaiariak kontsumo oztopo lasterketa onik bukatzen badu —hau da, ezer erosi gabe—, bere abioia zein atetik irtengo duen jakiteko pantailara iritsiko da. Tarte horretan erabiltzaile izatetik kontsumitzaile izatera igarotzeko eraldaketa ia erlijiosoa jasango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.