Haizea Barcenilla
BEGIZ

Bortxaketa ederra

2018ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Orain dela bi urte inguru Sofia Onofri ikasleak bere Master Amaierako Lana zuzentzeko eskatu zidanean, gaia oso interesgarritzat jo nuen: emakumea, edertasuna eta heriotza lotzen dituen ikonografiaren azterketa, artearen historiatik abiatuta publizitateraino iritsiz. Susmoa zuen ikonografia horrek emakumeekiko bortizkeriaren naturalizazioa lortzen lagundu zuela, hildako emakumea emakume ederrarekin lotzera iristeraino zenbaitetan.

Lanen zuzendaritzan murgiltzerakoan, ordura arte erreparatu gabeko irudiez ohartzen hasten zara; Sofiaren lanarekin, berak jada bilduak zituen eta nik aurkitzen nituen lanen kopurua deigarria suertatu zitzaidan. Emakume pasiboak, gizonari eskaintzen zitzaizkionak; lo antzera zeudenak zer egingo ote zien ez zenekien gizonen begiradapean; gaixo, ahul eta indarge agertzen ziren «eder erromantikoak». Pasibotasun horren garapena aztertzen hasi zen Sofia, eta errenazimenduan ohe gainean gizonari eskainiz agertzen ziren emakumeak defentsarik ezarriko ez zuten konorte gabeko panpina gaixoetan bilakatu zitzaizkion hiru mende eskasetan. Postura eta konposizio horietako askok, gainera, egungo publizitatera salto egin zuten inolako irizpide kritikorik gabe.

Lana zuzendu heinean, txunditzen eta beldurtzen nindoan. Txunditu, gaiaren zabaleraren aurrean. Eta beldurtu, zenbait irudiren aurrean bortizkeria identifikatzeko ahalmen faltaz konturatu nintzelako. Pentsa Klimten Danaeren mitoaren irudikapenean; edo etxe ondora jota, Bilboko Arte Ederretako museoan dagoen Martin de Vosen Europaren bahiketan. Zenbat irakurlek maiteko dituzten irudi horiek, irudikatzen dutenaren bortizkeria zehazki barneratu gabe. Danae zein Europaren bortxaketak ontzat ematen ditugu, irudi eder batean txertatuak daudelako. Edo irudi ederretan txertatzen ditugu ontzat ematen ditugulako?

Asko hitz egin da azken egunotan La Manadako-en epaiketan Ricardo Gonzalezek emandako boto partikularraz, eta batez ere, irudiez egin duen deskribapenaz. Gutxiago aipatu da bortxatzaileek kondena ulertzeko zailtasunaz, ez omen baitakite zer egin zuten gaizki. Pornoaren eraginari egin zaio men behin eta berriz, baina pornoa al da emakumeak desio propiorik gabe uzten gaituen irudikapen bakarra? Pornoan soilik agertzen al da gizonarentzako prest dagoen objektua, behin hura aseta desagertzen dena, eskakizunik gabekoa, beharrik gabekoa, gizatasunik gabekoa? Pornoa irudiaren tradizio oso zehatza duen kultura baten beste adierazpen bat besterik ez da, eta kultura hori eta bere eratorrien azterketa eta hezkuntza sakona egiten dugun arte, jarraituko dugu La Manada-koak animaliatzat eta epailea «arazoak dituen» banakotzat jotzen, eta jarraituko dugu halako gertaera lazgarriei aurre egin beharrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.