Ismael Manterola
BEGIZ

Itzulpenak

2018ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Arteari buruzko edukiak euskaraz sortu beharrean itzuli egiten direla euskaldunok sarritan egiten dugun kexa da. Nahi baino gehiagotan errepikatzen den egoera horretan, gertaera harrigarriekin egiten dugu topo.

Euskaldun batek inoiz idatziko ez lukeen testuarekin topo egin nuen Bilboko Arte Ederren Museoan erakusgai dagoen Goya eta gorte ilustratua izeneko erakusketako bukaerako aretoan, Euskal herritarren eta nafarrenerretratuak izenburua duen atalean, hain zuzen.

Horman idatzitakoa gaztelaniaren itzulpen hutsa denez, kontzeptu nahasketa eragiten du, eta ez da oso ilustratua izan behar horretarako. Euskal herritar eta nafar? Nafarrak ez al ziren euskal herritar? Izenburupean irakur daitekeen testuan behin eta berriz egiten da euskaldun eta nafarren arteko bereizketa, argi eta garbi utzita gaztelaniaz pentsatutako testua dela. Euskaltzaindian gomendioei ihes eginda, Euskal Herria terminoa ez da erabiltzen kultur termino moduan, baizik eta espainolek azken urteetan ulertu duten termino politiko moduan, kultur esparru batean eta kultur testu baten aurrean gaudela ahaztuta.

Horrek guztiak euskaldunak berriz ere erakunde batzuetan baztertuta sentiaraztea lortzen du, botere ekonomikoa eta politikoa espainolak direla barneratzea gutxi ez balitz bezala, kulturaren eta ezagupenaren produkzioa espainolek egindakoa dela azpimarratu nahi digute.

Postkolonialismoaren diskurtsoa hain zabalduta dagoen garaian, euskaldunok ikerketa gehiago egin beharko genuke jasaten ari garen kolonizazioaren inguruan. Agian politikagintzan gehiegizko zama jarri dugu eta kultur kolonizazioa bukaeran dagoela berandu konturatuko gara, hurrengo belaunaldiek Goyaren erakusketan irakurritakoa normaltzat hartzen dutenean.

Hala ere, testua nik idatzi izan banu zer gertatuko zatekeen pentsatzen aritu naiz titulua lehenengoz irakurri nuen momentutik. Euskal herritar multzoaren barruan nafarrak sartu banitu, testua ikuspuntu politiko abertzaletik idatzita zegoela esango lukete erakusketako arduradunek, gaur egun irakur daitekeenak ikuspuntu neutro eta apolitikoa izango balu bezala. Euskaldunen ikuspuntutik sortutako diskurtsoa politikoa dela salatzen dutenak politika dute ogibide normalean, horregatik ez dute bereizten noiz hitz egiten dugun politikari buruz eta noiz kulturari buruz (onartuta sarritan zaila dela bereizketa egitea).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.