Ismael Manterola
BEGIZ

Gernikaren lagunak

2018ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Picasso, Gernika koadroa pintatzeko, zalantzan ibili zen hizkuntza plastikoa aukeratzeko orduan. Ez zen erraza izango Espainia Gerra Zibilaren zurrunbiloan zegoen bitartean Nazioarteko Erakusketa baterako koadroa pintatzea, gainera Espainiako Gobernuak eskatuta.

Picassok ez zuen esperientziarik arte politikoan. Ordura arte, nahi zuena pintatu zuen, eta artearen autonomia estetikoa defendatzen zuen mugimendu baten asmatzaile moduan sailkatuta zegoen; kubismoarena alegia. Hala ere, 1920ko hamarkadan ordenara buelta izeneko pintura mota landu zuen, eta figurazioaren alderdi klasikoak ikertzen pasatu zituen hamar urte inguru. Ondoren, surrealismoaren iraultzarekin harremanetan hasi zen, eta aldaketa horrek figurazio espresiboagoak aztertzera bultzatu zuen, izaera eta barne egoerak adierazteko batez ere.

Horregatik, Espainiako Gobernuaren eskaera jaso zuenean, oraindik mota horretako koadro bat pintatzeko asmotan ibili zen, Gernikako bonbardaketaren berri izan arte. Gertaera bortitz horrek gaia eman zion, baina berehala hasi zen Picasso formak aukeratzeko zalantzan, ordura arte erabilitako surrealismoaren barne bilaketak ez baitzituen egokiak ikusi salaketarako koadroa pintatzeko. Beraz, Picassok kubismoko formetara bueltatzea erabaki zuen, panfletoaren agerikotasunari eta surrealismoaren subjektibotasunari ihes egiteko. Gai gogorrak geometriaren espresibotasuna eskatzen zuen distantzia markatzeko. Picassok ez zuen panfletoan erori nahi, baina ezin zuen abangoardiaren gehiegizko abstrakzioa erabili.

Picassok Gernika koadroa pintatzeko ibilitako gogoetek eta kezkek kontraste handia egiten dute aurreko hilean Gernika herrian jarritako eskulturarekin. Picassok koadroa pintatu zuenetik ia ehun urte pasatu diren honetan, ez dirudi guztiek arte garaikidearen hizkuntza plastikoen garrantzia ulertu dutenik. Gernikan halako eskultura bat jartzea atzera egitea da, ez bakarrik XX. mendeko 1930eko hamarkadara, baizik eta XIX. mendearen erdialdera. Agian herriko agintariek Sabino Aranaren artearen iritzietara jo nahi izan dute gudarien omenezko eskultura bat jartzeko, baina nola ezkontzen da eskultura berria Txillidak Gernikan jarritako Gure aitaren etxea eta Henry Mooreren Large Figure in a Shelter eskulturekin? Nola egin bat Gernikako tragediak inspiratu dituen Oteiza, Basterretxea, Zumeta, Ortiz Elgea, Carrera, Guinovart, Aranberri, Amondarain, Kepa Garraza, eta arte garaikideko beste hainbat artistarekin?

Ezin diogu konpainia ederra eskaini Gernika Gernikara ekartzeko eskatzean, koadroa XIX. mendeko monumentuaren parodiaren ondoan kokatu behar badugu; horretarako, hobeto dago Reina Sofia museoan eskegita dauden lagunekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.