Ikasle batek proposatuta, Abel Azkonaren Pederastia lanari buruz hitz egin genuen aurreko astean klasean. Komunikabideetan izandako oihartzunaren ondoren, gehienek zuten polemikaren berri. Arte garaikidean jakitunak izan gabe —taldeko gehienak Historia eta Geografiako graduetakoak dira, eta Artearen Historiako gutxik ezagutzen dute egungo artea ondo—, iritzi interesgarriak emateko ahalmena erakutsi zuten.
Errespetuaren ideia izan zen agertzen lehenetakoa. Alde batetik, Azkonak ostiak «bahitzean» ospakizun erlijiosoan parte hartzen zutenekiko errespetua urratu ote zuen galdetzen zuten batzuek. Baina beste batzuek galdetu zuten ea ez den elizaren instituzioa bera, pederastia ezkutatuz eta ez jazarriz, sinesleak bertan behera uzten dituena. Baten batek opa zuen halako ekintzek sinesleen pasibotasuna uxatu eta elizari pederastiaren kontrako ekimen zorrotzagoak eskatzeko balio izatea. Hunkigarria izan zen ikasle batek sineslea dela aitortu zuenean, ordura arte besteek izaki abstraktu gisa aipatzen zutena gorpuztuz, eta, ostiak horrela erabilita ikustea gogorra egiten zitzaion arren, mezua beharrezkoa zela adierazi eta horren alde ezarri zenean.
Errespetua, hala ere, ez zen artelanaren prozesua eta mezuarekin lotu soilik: erabatekoa izan zen artelana erakusketatik kentzeko aukeraren gaitzespena. Guztiak ados ziren lana probokatzailea bada ere beharrezkoa den gai bat aurkezten duela, eta ezin dela horren gaineko zentsurarik onetsi. Ikasle batek ondo laburbildu zuen kontua iritzi aniztasuna aldarrikatzean. Gizarte plural batean bizi izanda, ikuspegi ezberdinak ditugu, baina horrek ez digu besteen iritzia baztertzeko eskubiderik ematen. Are gutxiago, pederastiaren mailako gai onartezin baten kasuan. Niri Azkonaren lana zenbaitetan bortitza iruditzen zait, baina, dudarik gabe, badu bere lekua gizartean. Izan ere, pozten nau arteak erreakzioa pizteko indarra duenean, eta nire ikasleen artean eztabaida sutsu baina errespetuz betea sortzeko gai denean. Horrengatik jada, zure alde, Abel Azkona.

BEGIZ
Errespetua eta hitza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu