BURUJABETZARA BIDEA

2014ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Hona hemen Kataluniako burujabetza prozesuan giltzarri izan diren zenbait egun, era batera edo bestera eragin zuzena eduki dutenak:

2006

Ekainak 18. Autonomia estatutu berriari onespena eman zion Kataluniako Parlamentuak, Espainiako Gobernuko orduko presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterorekin (PSOE) autogobernua indartzea adostuta. Katalunia nazio gisa aitortu, eta «eskumen gehiago» hitzartu zituzten parlamentuarentzat.

2010

Ekainak 28. PPren gobernuak jarritako helegiteari erantzunda, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako autonomia estatutu berria ahuldu zuen. Begi bistako murrizketak egin zizkion, eta, besteak beste, balio juridikorik gabe laga zuen Katalunia nazio gisa aitortzen zuen estatutuko artikulua.

2012

Martxoak 10. Udaberriarekin batera hasi zen Kataluniako aldarri independentista berotzen. ANC Biltzar Nazional Katalana aurkeztu zuten Bartzelonan. Gizartea, alderdi politikoak eta erakundeak independentziara gidatuko zituen bidea zolatzeko tresnak bizkarrean hartuta zetorren. Bidea finkatuta, abiadura zehaztu zuten: 2014rako, ahalik eta herri gehienetan Kataluniaren independentziari buruzko kontsultak egitea zen jomuga.

Irailak 3. ANCk ereindako hazia uzta ematen hasi zen herritarren artean: Osona eskualdeko Sant Pere de Torello eta Calldetenes udalerriek «kanpoko esku hartzerik gabeko lurralde katalan aske» deklaratu zuten beren burua.

Irailak 11. Bartzelonako karrikek gainezka egin zuten Diada egunean: milioi eta erdi pertsonak eskatu zuten independentzia, Katalunia, Europako estatu berria lelopean.

Irailak 17. Politika orokorrari buruzko eztabaidan, parlamentua desegin eta bozak aurreratzea erabaki zuen CiUk. Desegin aurretik, hurrengo agintaldirako lehentasuna finkatu zuen parlamentuak: Kataluniaren autodeterminazioari buruzko galdeketara deitzea.

Azaroak 25. Parlamenturako bozetan, CiUk ez zuen esperotako gehiengo osorik eskuratu. Urrun gelditu zen, eta bigarren indarrarengana jotzea beste biderik ez zitzaion geratu. ERCk babesa eskaini zion, independentziari buruzko galdeketa antolatzekotan betiere.

2013

Urtarrilak 10. CiUk eta ERCk burujabetza prozesurako hitzartutako bide orriaren berri eman zuten, galdeketa 2014an egitea adostuz.

Urtarrilak 23. Kataluniako Parlamentuak Subiranotasun Aldarrikapena onartu zuen. CiU, ERC, CUP eta ICV-EUiAk bozkatu zuten alde. Katalunia subjektu politiko eta juridiko burujabea dela, eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatu zuten.

Maiatzak 8. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak baliorik gabe utzi zuen Subiranotasun Aldarrikapena, Espainiako Gobernuak jarritako helegitea tramiterako onartuta. Egun hartan, erabakitzeko eskubideari buruzko ikerketa batzordea sortzea onetsi zuen parlamentuak.

Abenduak 12. Alderdi subiranista nagusiek herri galdeketaren eguna eta prozedura onartu zuten.



2014

Irailak 19. Kontsulta Legeari oniritzia eman zion parlamentuak, galdeketaren aldekoek babestuta.

Irailak 27. Azaroaren 9ko herri galdeketara deitzeko dekretua sinatu zuen Artur Mas presidenteak.

Irailak 29. Auzitegi Konstituzionalak tramiterako onartu zituen Madrilek jarritako helegiteak, eta, behin-behinean, bertan behera utzi zituen Kontsulta Legea eta galdeketara deitzeko dekretua.

Irailak 30. Azaroaren 9rako kanpaina ofiziala eten zuen Generalitateak, badaezpadako neurri gisa. Helegiteak aurkeztu zituen Konstituzionalean debekuak kentzeko. Ara és l'hora kanpainari ekin zioten ANCk eta Omnium Culturalek.

Urriak 2. Galdeketaren kontrol batzordeko kideak izendatu zituzten.

Urriak 3. Azaroaren 9ko galdeketari eustea adostu zuten indar politikoek, zazpi orduko bilera batean.

Urriak 13. Galdeketa orain arteko baldintzetan egitea baztertu zuen Masek, gainontzekoei jakinaraziz.

Urriak 14. Behin-behineko galdeketa bat iragarri zuen Masek, bozkakuak, hautetsontziak eta botopaperak jarriko dituztela esanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.