Jaurlaritzaren diru laguntzak. Euskal hedabideak. IRITZIA

Ez da horretarako garaia

2014ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Adostasun zabala dago euskaltzaleen artean aspaldion: hizkuntz politikaren hiru hamarkadaren ostean fase berri batean sartu gara, eta halaxe jokatu behar dugu. Gertatu den «aldaketa erradikalaz» mintzatu zen Patxi Baztarrika Soziolinguistika Inkesta aurkeztean; «aukera historikoaz» Kike Amonarriz berriki ere; eta beste zenbait tokitatik, antzeko ideiak ugaltzen ari dira. Haietako askoren azpian, honako egitate hau: hiru hamarkadatan asko aurreratu dugu ezagutzan, ez hainbeste erabileran. Urkullu lehendakariak berak jomugan jarria du erabileraren auzia, eta haren aldeko hizkuntz politika adostu baten beharra aldarrikatu.

Erabileraren aldeko hizkuntz politika nekez burutuko da komunikabideak gabe. Nola ehundu bestela etxeak (hizkuntzaren transmisioaren zein umeen eskolatzearen bidez) eta eskolak (ezagutzaren hedapenaren bidez) ehundu ezin ditzaketen euskaldunen arteko sareak; egunerokotasunean erdaraz bizi diren ehunka mila euskaldunen arteko harreman sareak alegia. Hortxe dute zentzua, izan, komunikabideek, beste zenbait eragilerekin batera.

Inoiz baino gehiago, ezinbestekoa dugu komunikabideak, publikoak zein pribatuak, hizkuntz politikaren mesedetan jartzea, modu proaktiboan. Eta komunikabideak hizkuntz politika proaktibo baten mesedetan jartzeak, euskarazko komunikabideei dagokienez, gutxienez gauza bi inplikatzen ditu.

Lehena: irismena ezin daitekeela izan euskarazko komunikabideak laguntzeko irizpide. Egokia izan liteke baldin eta helburua jadanik euskaraz bizi direnei beren medioak edukitzeko eskubidea bermatzea balitz. Baina gaur egun eskubideen bermetik harago joan beharra dugu: giro erdaldunetan bizi diren euskaldunak (euskaldun gehienak), eta bereziki euskaldunberriak (euskaldunen herena), euskararen unibertsora integratzea da erronka. Horretarako tresna izan daitezke komunikabideak, eta hori bultzatu beharko luke hizkuntz politikak. Aldiz, 2014ko laguntzen banaketak, analisi sakonagoa mereziko lukeen arren, zera erakusten du lehen begiratu batean: oro har, gune euskaldunetan aritzen diren komunikabideei laguntzak igo egin zaizkie; eta gune erdaldunetan edota gune erdaldunetan ere aritzen direnei jeitsi. Horren ondorioz, tokiko aldizkarien taldean, honakoak dira murrizketak pairatu dituztenak,: Bizkaia, Araba eta Nafarroa mailako aldizkari bakarrak (Hitza); Bilboko bi aldizkarietako bat (Berton); eta Ezkerraldeko aldizkari bakarra (Ezkerraldeko KZ), Oarso-Bidasoako Hitza-rekin batera. Berdin gertatu da nazio mailan aritzen direnekin, besteak beste BERRIA. Berriro gogoratu behar dugu, ordea, egun euskaldun gehienak eskualde erdaldunetan bizi direla. Eta euskaldun horiek direla, hain zuzen, euskarazko komunikabideen beharrik handiena dutenak, euskararekin kontaktuan egoteko batere ingurune fisiko aproposik ezean.

Bigarrena: behingoz serioski planteatu behar dela euskarazko komunikabideen finantzazioaren auzia. Eskola hizkuntz politikako tresna gisa erabili denean, esfortzu erraldoia egin da: sistema osoa euskaldundu behar zen, eta neurri handi batean halaxe egin da, sistema publiko zein pribatuekiko elkarlanean eta bietan baliabideak jarriz. Orain komunikabide eta beste eragile batzuen garaia da, hizkuntz politikaren fase berri batean. Zertaz ari garen argi esan dezagun: 5 milioi euro baino gutxiago eman ditu aurten Jaurlaritzak euskarazko komunikabideetarako (EITB kenduta); 11,5 milioi gastatu zituen Bertendonan itxi ziren irakasleak euskalduntzeko, arrakasta handirik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.