BBVA krisi aurreko emaitzara itzuli da: 1.210 milioi euro irabazi ditu

Espainiako adarrak 381 milioiren etekinak izan arren, 3.450 langile kaleratzeko asmoari eutsi dio. Siemens Gamesak 54 milioi galdu ditu

EMILIO NARANJO / EFE.
Jokin Sagarzazu - Iker Aranburu
2021eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
BBVAk atzean utzi du COVID-19aren krisia, eta pandemiaren aurreko irabazien mailara itzuli da. 2021eko urtarriletik martxora 1.210 milioi euroren irabaziak izan dituela jakinarazi du, Espainiako adarrean kaleratze handiak iragarri eta astebetera. Adar horrek, Hego Euskal Herriko negozioa barne, 381 milioi euro irabazi ditu urtarriletik martxora, bankuaren etekinen %30.

Aurtengo emaitzek ez dute zerikusirik iazkoekin. 2020ko lehen hiruhilekoan 1.792 milioi euroren galerak izan zituen. Dena den, datu horiek testuinguru jakin batean ulertu behar dira. Batetik, AEBetako adarrak kontabilitatean zuen balioa jaitsi behar zuen—dagoeneko saldu du, 9.700 milioi e uroren truke—; eta, bestetik, pandemia piztu zenean, bankuak hornidura handiak egitea erabaki zuen, besteak beste, etor zitekeen berankortasunari eta kaudimengabeziari aurre egiteko. Horrela, lehen hiruhilekoan BBVAk 2.464 milioi euro bideratu zituen etorkizuneko kontingentzia horiek estaltzera, eta horrek eragin zituen, hein handi batean, galerak. Aurten, epe bererako, erakundeak erdia baino gutxiago jarri du helburu horretarako: 1.074 milioi euro.

Horrekin batera, BBVA bere egitura sakon doitzen hasi da. Hiruhileko datuek erakusten dute langileen kopurua 122.021 mundu osoan % 3,2 jaitsi duela azken urtean, eta bulegoen %5,7 itxi dituela.

Bide horretan jarraitu nahi du Bizkaian sortutako bankuak. Espainiako zuzendaritzak 3.800 kaleratze iragarri zituen aurreko astean, lantaldearen %16,3 hain zuzen ere. Aste honetan, 3.450era jaitsi du kopurua. Euskal Herrian 114 botatzea zen bankuaren lehen asmoa: 66 Bizkaian, hogei Nafarroan, hamasei Gipuzkoan eta hamabi Araban.

Kaleratzeez gain, bulegoen %21,3 itxi nahi ditu. Horietatik 41 izango dira BBVAk «iparraldea» deitzen duen eremuan; hau da, Hego Euskal Herrian, Aragoin, Errioxan eta Kantabrian. Onur Genç bankuko kontseilari ordezkariak arrazoi bat eman du kaleratze horiek justifikatzeko: bankuaren bulegoetan egiten diren eragiketak erdira jaitsi direla azken bi urteetan. «Erreakzionatu behar izan dugu», aipatu du, baina aitortu du lantaldea txikitzea«prozesu zaila eta mingarria» dela.

Bezero gehiago

BBVAk ziurtatu du ezinbestekoa duela kostuak gutxitzea, eta lau arrazoi eman ditu horretarako: interes tasak oso txikiak direla eta horrek errentagarritasuna gutxitzen duela; gero eta bezero gehiagok Internet erabiltzen dutela eragiketetarako; lehia handia dagoela sektorean; eta enpresa teknologikoak ere lehian sartu direla. Atzo zabaldutako datuetan ikus daiteke bankuak kudeatzen dituen bezeroen baliabideak %5 handitu direla, baita bezeroen kopurua ere: %1,9 gehiago; 79,8 milioi bezero guztira. Interesen marjina, berriz, %14,2 apaldu da, baina komisioak %0,8 igo dira.

Interneten erabilerari dagokionez, azken urtean bankuak bere kanal digitalen bidez egin ditu produktuen salmenten %69. Eta bide horretatik lortutako bezero berrien kopurua %64 handitu da.

SG, berriro galerak

Oraindik galerak ditu, berriz, Euskal Herrian —Zamudion, Bizkaian— egoitza duen beste multinazional batek: Siemens Gamesak (SG). Urtarriletik martxora bitartean 54 milioi euro galdu ditu. Iazko hiruhileko horretan baino %84 gutxiago da, baina aurreko hiruhilekoan 11 milioi irabazi zituen.

Salmentak ia %6 igo ziren,2.336 milioi euroraino, eta beste 5.500 milioi euroren eskariak jaso zituen. Horri esker, inoizko eskari zorrorik handiena du haize erroten egileak: 33.743 milioi. Konpainiak ohartarazi du proiektu batzuk geratu egin direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.