Yemengo gerrako bi aldeek su-etena adostu dute Hudaida hiri estrategikoan

Korridore humanitarioak irekiko dituzte, NBEk jakinarazi duenez. Gobernuak eta matxino huthiak datorren hilean elkartuko dira berriz

Yemengo gerrako bi aldeek su-etena adostu dute Hudaida hiri estrategikoan.
ander perez zala
2018ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundearen idazkari nagusi Antonio Guterresek eman zuen atzo adostasunaren berri, bake elkarrizketak amaitu eta gutxira: Yemengo Gobernuak eta matxino huthiek su-etena hitzartu dute Hudaida hiri estrategikoan, korridore humanitarioak irekitzeko. Hiria eta haren portua, beraz, indar lokalen esku geratuko dira —NBEren «indar neutroak» ere izango dira han—, matxinoak eta gobernuaren armada Hudaidatik aterako baitira; prozesu horretan, gainera, NBEk berebiziko garrantzia izango du, aurreikusi baitute menia probintziara ere zabaltzea. Guterres pozik agertu zen agerraldian, eta goraipatu zuen Suedian egindako negoziazioetan erdietsitakoa: «Hemen lortu duzuena pauso garrantzitsu bat da Yemengo herriarentzat».

Hudaida, eta batez ere haren portua, estrategikoak dira gerrako bi aldeentzat zein herritarrentzat. Itsaso Gorrirako irteera izateaz gain, portu horretatik sartzen da Yemenen inportatzen duten elikagaien, sendagaien eta erregaiaren %70; egun, hiria matxino huthien kontrolpean dago, eta Saudi Arabia buru duen nazioarteko koalizioaren bonbardaketak jasan ditu, Yemengo Gobernuaren indarrek eremuaren kontrola berreskura dezaten—2015ean galdu zuen kontrola—.

Batez ere, bonbardaketa horiek nabarmen zaildu dute yemendarren egunerokoa: NBEren arabera, 14 milioi herritar daude gosetea jasatear, eta dagoeneko 16 milioi esnatzen dira egunero jateko elikagairik gabe. Laburbilduz, «munduko krisi humanitariorik okerrena» eragin du Yemengo gerrak, erakundearen arabera.

Gainontzeko akordioak

Su-etena ez da bake elkarrizketetan bi aldeek adosturiko akordio bakarra: 16.000 preso inguru trukatzea, eta Sana hiriburuko aireportua irekitzea ere erabaki dute. Adostasunok begi onez eta pozez hartu dituzte nazioarteko estatuek, itxaropen gutxi zeudelako ezarrita atzo amaitu zen hitzorduan; izan ere, bi urte ziren gobernua eta matxinoak ez zirela mahai baten inguruan elkartzen, eta aurreko bi saiakerek huts egin zuten.

Arrazoi horien guztiengatik, atzoko irudiak esanahi berezia izan zuen: Guterres alboan zutela, elkarri eskua eman zioten Yemengo Atzerri ministro Khaled al-Yamanik eta huthien buruzagi eta negoziatzaile Mohammad Abdelsalamek, eta biek ala biek ospatu zuten astebete iraun duten negoziazioen emaitza.

Hurrengo hitzordua finkatua dute jada bi aldeek eta NBEk: datorren hilabetearen amaieran elkartuko dira berriz ere, erakundearen Yemenerako mandatari Martin Griffithsek proposatu duen esparru politikoa aztertzeko.

Yemengo gerra 2014an hasi zen, matxino huthiek Sana hiriburuaren kontrola lortu zutenean. Gatazka hurrengo urtean hedatu zen herrialde osora: Saudi Arabia buru duen nazioarteko koalizioa herrialdea bonbardatzen hasi zen, matxinoak geratu nahian, eta AEBek eta Mendebaldeko estatuek salduriko armak erabili izan ditu horretarako.

Lise Grande NBEren koordinatzaile humanitarioaren arabera, 2016az geroztik 10.000 pertsona inguru hil dituzte Yemengo gerran —aurreko urteetako datuak ez dituzte jaso—, eta 65.000 hiltzear leudeke.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.