Musikaren bidez salatuko dute Mendebaldeko Saharako gatazka

Bilbon eta Donostian izango dira 'Singing Through The Wall' kontzertuak. Bi filmek ere gai hori landuko dute gaur, Giza Eskubideen Zinemaldian

Soroeta eta Harding, atzo, kontzertuaren aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Miren Garate.
Donostia
2019ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Lau hamarkada baino gehiago dira Mendebaldeko Sahara okupatu zutela. Eta denborak gatazkari buruzko oihartzuna apal dezakeen arren, Juan Soroeta Club 44 elkarteko kideak gogorarazi du jendeak sufritzen jarraitzen duela. Hala, elkarteak Singing Through The Wall (Harresian zehar abesten) izeneko kontzertuak antolatu ditu zenbait erakunderen laguntzarekin. Bilbon izango da gaur lehena, Bilborocken, 20:00etan; bihar, berriz, ordu berean joko dute Donostiako Antzoki Zaharrean. Azken hori Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren egitarauan sartu dute, eta atzo egin zuten haren aurkezpena. «Hori ere manifestatzeko modu bat da, kulturala, ludikoa eta jai girokoa, baina aldarrikatzeko modu bat», azaldu zuen Soroetak.

Club 44ren ekimenez, disko bikoitz bat argitaratu zuten iaz Mendebaldeko Sahararen egoera salatzeko, eta han parte hartu zuten hiru talde izango dira bi kontzertuetan: Matt Harding (AEB), Martha Fields Band (AEB) eta My Darling Clementine (Erresuma Batua). Eta nahiz eta lan horretan ez ageri, John Gorka folk abeslaria (AEB) ere izango da Donostiako emanaldian.

Hardinek azaldu duenez, Soroetaren bidez izan zuen Saharako gatazkaren berri: «Juanek aurkeztu zizkidan saharar batzuk, hamasei urtean kartzelan egondakoak eta sekulako kalamitateak jasan zituztenak. Abestia egiteko, haien azalean jartzen saiatu nintzen, gauzak irakurriz, jendearen lekukotzak entzunez eta abar». Sand, Siroco and Tea (Hondarra, sirokoa eta tea) abestia izan zen emaitza, eta hamasei urte kartzelan egon ostean amorrurik gabe, mendekurako grinarikgabe eta alaitasunez bizitzeko gogoz ateratzen den pertsona baten istorioa du ardatz. «Mendeku goserik ez dutelako, bakezaleak direlako eta indarkeriarik ez dutelako erabiltzen; horregatik, munduko toki askotan jendeak ez du gatazka horren berri, baina uste dut hori dela beren indargunea», gaineratu du Soroetak.

Zehaztu zutenez, pare bat ordu iraungo du Donostiako kontzertuak. Horrez gain, Saharako gatazkari lotuta, bi film emango dituzte gaur Giza Eskubideen Zinemaldian; alde batetik, Elena Molinaren Laatash film laburra; eta, bestetik, Eloy Dominguez Serenek zuzendutako Hamada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.