ATZEKOZ AURRERA. Iris Orosia Campos Bandres. Aragoieraren ikerlaria

«Hizkuntzen mugek ez dute zertan bat egin muga politikoekin»

Aragoieraren egoera ez da erraza: hiztun sakabanatuak, araudi lausoa, administrazioen borondaterik eza... Baina Campos baikor dago, eta azken bost urteetan lortutako aurrerapenak goratu ditu.

BERRIA.
Jon Rejado.
2016ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Zaila da zehaztea zenbat hiztun dituen aragoierak; 20.000 inguru dituela diote zenbait iturrik. Iris Orosia Campos Bandres ikerlariak (Huesca, Espainia, 1989) hizkuntza horren gainean hitz egin du berriki Gasteizen, Oihaneder Euskararen Etxean, Hitz adina mintzo zikloaren barruan. Camposek zehaztu du hiztunak bitan banatzen direla, oro har: batetik, hiztun berriak, Zaragozan, Huescan eta herri handietan; eta, bestetik, hiztun zaharrak, Pirinioetako ibarretako herri txikiagoetan. Hizkuntza modu ofizialean ikastea ez da erraza, ordea. Aste hasieran, PSOEk eta Chunta Aragonesistak salatu dute hizkuntza eskoletan ez dela aragoiera irakasten.

Aragoiko hizkuntza eskola ofizial batek aragoiera ez eskaintzea egoeraren isla izan al daiteke?

Adibide bat izan daiteke, bai. Orain arte, aragoiera ez da hizkuntz eskola bakar batean ere irakatsi.

Derrigorrezko ikasketetan presentzia ba al du gaur egun?

1997-1998ko ikasturtean pausoak eman ziren, eta, 2007an, LOEk apur bat gehiago landu zuen. Dena dela, irakastearen erabakia ikastetxeei dagokie; hots, zuzendaritza taldeak erabaki dezake aragoiera sartzea edo ez; eta, baiezkoa izanez gero, nola txertatu: hezkuntza sistema elebidun batean, eskolaz kanpoko ekintza gisa, edo beste nolabait.

Inoiz garatu al da ele biko sistema, gaztelerarekin batera?

Ez, inoiz ez da halakorik gertatu. Ikastetxearen borondatearen araberakoa da, eta ez dute ildo horretan lan egin.

Legeak ez ditu halakoak bermatzen?

1997an hasi ziren gaiari arreta jartzen, aragoiera eta katalana ere ofizialak izan zitezen. 2009ra arte ez zen onartu Aragoiko Hizkuntzen Legea; ez zituen hizkuntza ofizialtzat hartzen, baina nolabaiteko bermea eman zien. Legea onartu zen, baina ez zuten diruz hornitu.

Zein da egoera oraintxe?

Gobernu aldaketarekin, PPk legea aldatu zuen. Izendapen berriak asmatu zituen, katalana hitza ez aipatzeko. «Ekialdeko eskualdeko berezko hizkuntza aragoiarra» izendatu zuen katalana, Lapao siglekin. Aragoierari «Pirinio eta pirinioaurreko berezko hizkuntza aragoiarra» esan zion: Lapapyp.

Zer esan nahi du horrek, kokapen geografikora mugatzea?

Hizkuntzari bere izena ukatzen diote. Hori ez da berria. Erkidegoaren araudian ere hori gertatu da, urteetan. Batetik, zerbait aipatzen ez bada, desagertu egiten da; bestetik, errezeloa diote Aragoiko katalanari katalana esateari. Hizkuntzen mugek ez dute zertan bat egin muga politikoekin; gure politikariek ez dute barneratua hori.

2009ko legeak aragoiera arautzeko akademia aurreikusi zuen, baina ez da erabat garatu.

Aragoiera arautzea gai konplexua da. Egun, aragoiera estandarra izateko hiru proposamen daude, baina hiztun zaharrek ez dute beren burua identifikatuta ikusten eredu horietan. Konponbide asko daude mahai gainean, baina, oraindik ere, ez da egoera konpondu.

Nor dabil, gaur egun, aragoiera sustatzen?

Hiztun berriak ari dira normalizazio lan handiena egiten, kultur elkarteen bitartez: irrati saioak prestatzen dituzte, kirol jarduerak, hizkuntza irakasteko eskolak... Hiztun berriak eta zaharrak elkartzeko saioak egin izan dira, baina ez da lortu komunitate bateratua izatea.

Hizkuntzaren transmisiorik ba al da belaunaldien artean?

Unescok adierazi du belaunaldien arteko transmisioa galdu egin dela. Ordea, leku batzuetan hori gertatzen da, modu oso batean ez bada ere. Egoera penagarria da. Ume batzuek jaso dute, baina gazteleraren eragin handiarekin dagoeneko. Bestalde, hiztun berrien artean ikus daiteke transmisioa.

Zer egin behar da aragoieraren etorkizuna bermatzeko?

Giltzarri diren hiru eremu daude: hezkuntza, administrazio publikoa eta hedabideak. Aragoieraz egiten duen biztanle batek ez du inolako erreferenterik. Aragoiera ikasten duten umeak ezin dira inorengan islatuta sentitu: gehien jota, aitona-amonengan, edota, onen-onenean, gurasoengan.

Egoera iluna dela ematen badu ere, baikor zaude etorkizunera begira. Zergatik?

Aragoieraren urrezko aroa XIV. mendea izan zen: Erreinuko hizkuntza ofiziala zen orduan, besteak beste. Egungoa bigarren urrezko aroa dela uste dut. Duela urte eta erdi, Hizkuntza Politikako Zuzendaritza sortu zen, eta lan handia egiten ari da. Egun, Huescako kaleen izenak bi hizkuntzetan daude, baita Zaragozako leku batzuetakoak ere. Duela hiru edo lau urte, pentsaezina zen hori. Aurrerapausoak ematen ari dira, eta aukera asko ditugu aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.