ATZEKOZ AURRERA. Federico Guzman. Artista

«Edozein pertsona izan daiteke artista»

Sahara eta Euskal Herria batzen dituen Hondar Artean egitasmoan murgilduta dabil Guzman. Saharako emakumeekin 'Tuiza' izeneko haima egin zuen, eta, orain, sormen tailer batzuk gidatzen ditu.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
Donostia
2016ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Sahararen eta Euskal Herriaren arteko harremanak estutzen dabil Federico Guzman (Sevilla, Espainia, 1964), artearen bidez. Donostia 2016k eta San Telmo museoak antolatutako Hondar Artean proiektuan Hondarrean Marraztu tailerrak ematen ditu. Parte hartzaileek, Fatma Galia poeta sahararraren En la ciudad del viento (Haizearen hirian) poema entzun, eta horrek iradokitzen dienarekin marrazkiak egiten dituzte hondarretan. Guzmanek grabatu egiten ditu sortutako irudiak, eta, gero, bideo bat osatuko du. Gaur eta bihar arratsaldean ditu saioak, Donostian.

Hondar Artean proiektua, Hondarrean Marraztu tailerra... Zu iritsi eta hondarrez bete da Donostia.

Saharako desertua ekarri dut [barrez]. Niri asko gustatzen zait margotzea, marraztea, eskuekin lan egitea. Gauza asko daude intelektualki adierazi ezin direnak, eta horiek artearen bidez adierazi behar dira. Hondarrezko animazioa perfektua da lan kolektibo bat egiteko idazle sahararrei eskua emanda. Haien lanak hondarrarekin ilustratzen ditugu, desertua osatzen duen material berarekin. Hondarra historia guztia jasotzen duen materiala da; itsasoa izan zen garaiko animalien fosilak aurki daitezke bertan.

Nondik dator Sahara eta zure arteko lotura hain estua?

Heldua nintzela joan nintzen Saharara, eta aurretik Kolonbian, Ameriketako Estatu Batuetan eta Alemanian bizi izan nintzen. Uste nuen guztia ezagutzen nuela, baina iritsi nintzenean erabat harritu ninduen ikusi nuenak. Erabat hunkitu ninduen errefuxiatuen kanpalekuak ezagutzeak, eta, batez ere, jende duina eta erresistentea ezagutzeak, emakumeak eta adinekoak errespetatzen dituen jendea. Duintasunari eusten diote egoera zailenetan, eta beti umorez. Eta, maila sakonago batean, ni sakonago batekin konektatu nuen desertuan.

Zer aurkitu zenuen han?

Artista sahararrengan aurkitu dut umorea eta inozentzia kontzientea, bizitzaren mina sufrimendu bilaka ez dadin. Eta baita kolonialismoak, patriarkatuak eta kapitalismoak gure barnean eraiki dituzten hesiak deuseztatzeko modu bat ere, denok konektatuta gaudela ulertzeko modu bat. Beste kultura batekin elkarrizketan hasteak ispilu moduan balio dizu, aurrez bururatu gabeko ideiak barruan dituzula jabetzeko. Elkarrizketek batzen gaituenaz ohartzeko balio dute, eta ezberdintasunak ospatzeko ere bai.

Euskal Herria eta Sahara elkarrizketan jarri dituzu tailer honetan...

Ariketa honetan eta Tuiza-ko guztietan ikusten ari naizena da lotura oso sakona dagoela bi herrien artean; lurraldearekiko, identitatearekiko, hizkuntzarekiko eta tradizioekiko maitasun horretan. Euskaldunak eta sahararrak hizketan hasi, eta segituan antzematen da hori.

Sevillarra izanda, nolatan murgildu zara halako proiektu batean?

Gizarte globalizatu batean gaude, eta arazoak ja ez dira Afrikan urrun bizi diren pobre batzuenak. Konektatuta daude kapitalismoaren problema guztiarekin. Konponbidea planetaren perspektiba global horretatik soilik imajina dezakegu, baina konexio hori harmonian dago herrien aniztasunarekin. Mendebaldeak asko du ikasteko Afrika, Amerika eta Asiako herrialdeetatik. Antzinatik datozen kontzeptuak dira irtenbidea: elkartasuna, errespetua, hezkuntza kolektiboa...

Lan kolektiboaren aldekoa zara?

Artea ez da artista batek ezerezetik sortzen duena. Sormen prozesu bat da, guztiok naturaren sormen propioarekin konektatzen gaituena. Pertsonen eta kulturen artean loturak sortzea da. Saharako gatazkaren inguruan kontzientzia zabaldu nahi dut, borroka honetan nire hondar alea jarriz. Ni artearen bidez ari naiz horretan, beste aktibista batzuk politikaren bidez ari dira, poesia, musika... Konponbide politikoa eta diplomatikoa nahiko geldirik daude, eta arteari urgentziaz heltzen diote sahararrek. Fusil bat hartu eta gerra egin ordez, pintzel bat hartu eta sinboloak eta mezuak margotzen dituzte munduarentzat.

Protesta egiteko modu asko daude. Zergatik hautatu duzu artea?

Aukeratu baino gehiago, barrutik atera zait. Justizia sozialarekiko kezka Kolonbian sortu zitzaidan; zerbait handiagoren parte sentitzeko egonezin hori, gizarte batena, kultura batena, familia batena. Horrek ikusarazi zidan artista berez ez dela existitzen; ezin dela ulertu bereizitako pertsona bezala. Ez gara eskolan irakatsi zizkiguten jeinu erromantikoak; artea komunikazio prozesu bat da, sendatzeko prozesu bat, ekintza kolektiboa. Edozein pertsona izan daiteke artista.

Artea elkartzeko gune bat da?

Hori da nire proiektuen oinarria. Baina lan indibidualagoak ere egiten ditut: pintura, marrazketa, grabatuak... Biak dira gure aurretik dagoen indar sortzaile handiago baten parte; guk soilik indar horrek zeharka gaitzan utzi behar dugu, eta ahalik eta kanal gardenenak izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.