ATZEKOZ AURRERA. Pablo Otxoa de Olza. SOS Himalaia fundazioko kidea

«Nepal herrialderik txiroenetako bat da, eta burtsako turistak ditu»

Iñaki Otxoa de Olza zenaren familiak gidatzen du SOS Himalaia fundazioa. Nepalen proiektu berri bat bultzatzeko, puntako 30 mendizaleren kontakizunak bildu dituzte orain liburu batean.

IÑIGO URIZ / FOKU.
itziar ugarte irizar
2018ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Atzo hamar urte hil zen Iñaki Otxoa de Olza, Annapurna mendian. Puntako mendizalea izateaz gain, bazuen ardura eta jardun bat mendialdean ikusten zuen jendearen bizi baldintzen inguruan. Hark hasitako bideari helduta, SOS Himalaia Iñaki Otxoa de Olza Fundazioak hamaika proiektu egin ditu azken hamar urteetan. Otxoa de Olzaren familia dago fundazioaren atzean, eta, horien artean, Pablo anaia dabil buru-belarri. Ospitale bat eraikitzea dute hurrengo erronka, eta, dirua batzeko, SOS Himalaya, relatos solidarios (Sua) liburua plazaratu berri dute, zeinetan goi mailako 32 mendizalek hartu duten parte, kontakizun bana idatzita.

Anaia mendian hil zela hamar urte bete ziren atzo. Liburuaren proiektuan zer pisu izan du Iñakik?

Guztiaren hari eroalea da bera. Honen guztiaren ideologoa. Josu Bereziartua, Felipe Uriarte, Edurne Pasaban, Oscar Gogorza eta beste denak elkartzea eta lerro batzuk idaztea ez zuten hainbesteko emozioz egingo Iñaki egongo ez balitz atzean. Haietako asko ez daude idaztera ohituta, baina ahalegina egin dute Nepalgo haur batzuk bizitza apur bat duinagoa izan dezaten, behintzat.

Aurretik idatzitako testuak bildu dituzue ala enkarguz eskatutakoak izan dira denak?

Libururako propio idatzi dituzte denek. Nahi zutena idazteko esan zitzaien, erabat libre. 31 kontakizun baina 32 egile dira, Iker eta Eneko Pou anaiek batera idatzi baitute.

Istorio bat aurreratzerik?

Aurkezpen egunean, Gogorzaren testua irakurri zidaten Donostiatik Iruñera bidean, eta oso da ederra.Iñakik oinordetzan utzi didan lagunetako bat da Oscar, eta haren idazkera plazer hutsa da: ikaragarria da duen sakontasuna eta zehaztasuna. Jorge Egotxeagak eta Iñaki Otxoa de Olzak behin Gogorza nola erreskatatu zuten kontatzen du, edema zerebral batekin gaixotzen hasi zenean, gauaren erdian. Pasadizo nahiko epiko baten kontakizun eder bat da.

Ez al du hori goi mendizaletasunak? Bizitza jokatu arren, lilurak gain hartzea?

Bai, hala da. Badago esaldi bat, ez dakit norena, baina Iñakik oso bere egina zuena: «Mendiak ez dira gure kirola praktikatzeko ditugun estadioak, gure erlijioa praktikatzen dugun katedralak dira». Euren bizitza da. Horrek azaltzen du guztia.

Badago irudi talka bat Nepal bezalako lekuetan; munduko markarik aberatsenak eta eremurik pobreenak batera. Nola bizi duzue?

Mendira doazen asko luxuzko turistak dira, pobreziaren ranking guztietan dauden herrialdeak bisitatzen dituztenak. Nepal herrialderik txiroenetakoa da, eta burtsako turistak ditu, Wall Streeteko langileak. Haietako baten ekipamenduarekin Nepalgo familia baten hamar urteko elikadura ordaindu daiteke. Baina ezin dugu txanponaren beste aurpegia ukatu; turista horiek gabe, Nepal are eta pobreago litzateke. Herrialdeko diru iturri nagusiak mendiko turismoa eta giza laguntza dira.

Zuek hamar urte daramazue han lanean. Orain, ospitale bat eraikitzen ari zarete Makalu bailaran.

Bai, amaitzear gaude. Gutxienez 25.000 nepaldarri erantzungo die, gaur ez dutenak inolako osasun arretarik jasotzen. Horren atzean faktore asko izan behar dira kontuan, zeren medikua egongo balitz ere biztanleriaren %90ak ezingo luke ordaindu. Horregatik, proiektu beharrezkoa bakarrik ez, presakoa da. Eraiki ostean ere, iraun egin behar du. Oraingoz, 100.000 euro kostatuko zaigu ospitalea eraikitzen eta hura ekipamenduz hornitzen bukatzea; gero, urtero, 55.000 euro funtzionamendu gastuetan.

Liburu asko salduta ere, nekez iritsiko da hori dena ordaintzeko.

Bai. Diru hori milaka pertsonaren eta ehunka enpresaren poltsikoan dago.

Fundazioa babesten dutenak?

Oraindik ez, baina egingo dute. Egitura berritzen gaude orain.

Nolako da gaurkoz egitura?

Gure gurasoak, anai-arrebak eta neuk buru-belarri egiten dugu lan, debalde, hau guztia aurrera ateratzeko. Eta lagun sare bat dugu esku bat botatzen; mezuak erantzuten, kamisetak saltzen... Oraingoz, ez daukagu gasturik, baina lo orduei kentzetik ateratzen da dena.

Bide bat eginda, zer ikusi duzue lan horretan?

Aurrena, ohartzea oso zaila dela laguntza eskaintzea halako herrialde behartsu batean, non gobernuak eta erakundeek behartsuenentzat den dirutik etekina atera nahi duten.

Iñaki kezkatu zuen egoerak egin du zertxobait hobera?

Inola ere ez. Beti bezain izorratuta dago kontua. Diferentzia handituz doala esango nuke, bai hemen eta bai han. Horregatik, egiten dugun apur horrek ere balio handia du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.