ATZEKOZ AURRERA

Oihalezko historia, lekualdatua

Gasteizko Andre Maria Zurian egon da mende luze batean Junguitu oihal denda. Gasteiztar guztientzat denda ezaguna da. Alokairu zaharra iraungita, lokala aldatzera behartu dituzte.

Krisi ekonomikoa ez dute nabaritu Cormenaza ahizpek; «azken urteetan, jendeak gauzak konpontzera jo du». JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2015eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Andre Maria Zuriaren plaza itzalean dago goizeko hamarretan. Oraindik hotz egiten du, eta plazaren albo batean Marisol Cormenzana ari da Junguitu oihal dendako ateak irekitzen. Hala ere, ez dira egun arruntak harentzat eta Mari Carmen ahizparentzat. XIX. mendetik haien familiarena izan den denda lekuz aldatu behar dute. «Irailean gutun bat bidali ziguten, urtarrilaren 1ean dendatik alde egin behar genuela esanez», dio Marisol Cormenzanak. Alokairu zaharra urte berrian iraungi zen, eta hori da aldaketaren arrazoia.

Dendara sartu, eta beste garai batera bidaiatzea bezalakoa da. Egurrezkoak dira hormak eta lurra. Agerikoa da urteen igarotzea. Garai batean gisa horretako hainbat denda zeuden Andre Maria Zuriaren plazan bertan, baina pixkanaka-pixkanaka denak itxi dituzte. Beste garai bateko azkenzantzua da Junguitu.

Dendan nabaritzen da mugimendua. Apal batzuk hutsik daude, eta pasabidean hainbat oihal daude, beste nonbaitera mugitzeko zain. «Argazkia ateratzeko, hobe kanpoan, barrukoa hankaz gora dago eta», esan du Cormenzanak. Lan handia dute esku artean, denda berrian ez baitute zaharrean bezainbeste toki izango. Azken asteetan eskaintza bereziak egin dituzte oihalak saltzeko. Horrez gain, gobernuz kanpoko erakunde batzuk haiekin jarri dira harremanetan.

Olga Cruz Caritaseko kidea da. Gizarte bazterketa pairatzen duten emakumeentzako zentro batean laguntzen du. Han, josteko tailerra egiten dute. «Caritasen badaude Junguituko bezeroak. Denda aldatu behar zutenez, lekualdatzean oihalak sobera izango zituztela pentsatu genuen».

Autoa denda sarreran aparkatu dute, eta maletategia oihalez betetzen hasi dira. Cruzek bi ahizpei esan die hainbat emakume musulman dituztela tailerrean. Orduan, Cormenzanak oihal jakin batzuk aukeratu ditu haientzat: «Hauek ondo etorriko zaizkizue. Normalean horrelako koloreak atsegin dituzte».

Denetarik duen denda

«Jendeak inon aurkitzen ez duena eskatzen du hemen». Gasteizko erreferentziazko oihal denda da Junguitu. Bereziki inauterietan izaten dute lana. Leire Garcia eta haren lagunek, adibidez, iaz han lortu zuten mozorrorako tutua egiteko tul oihala. «Bertara joan ginen Andre Maria Zurian dagoen betiko denda delako. Eskatu, eta berehala eman ziguten nahi genuena».

Gasteiztar asko pasatu da Andre Maria plazan dagoen dendatik. Jon Ortiz de Urtaranek hartz panpinak egin behar zituen eskolarako. Gorputzerako oihala behar zuen, eta Junguitura joan zen, eta han lagundu zioten oihalekin.

Urteekin bezeroak aldatuz joan direla azaldu du Cormenzanak. «Lehen, herrietako jende nagusia asko etortzen zen; gaur egun, berriz, atzerriko emakumeek erosten dute asko». Azken urteetan jende gazte gehiago bildu da dendara. «Badaude josten ikasten hasi diren gazte asko. Urteetan ez dugu hori ikusi».

Cormenzana ahizpen aitonak jarri zuen martxan denda, 1898. urtean. Bi ahizpek XXI. mende hasieran hartu zuten oihal dendaren ardura. Astelehenetik aurrera, ordea, Errementari kaleko 10. zenbakian irekiko dute negozioa.

Denda zaharra sinboloa bada ere, lokal berrian inork saltzen ez duena saltzen jarraituko dute bi ahizpek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.