ATZEKOZ AURRERA. Zaida Muxi. Arkitektoa

«Desberdintasun oro kalean ikusten da»

Kalea eraikitzerakoan, pertsonak izan behar dira gogoan, Muxiren ustez. Generoaz gaindi, bizilagun guztien beharrak ase behar ditu hiriak, hori baitu plurala eta horizontala izateko bide bakarra.

Araitz Muguruza.
2015eko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Hirien egiturak ez dira ezerezetik sortuak: behar jakin batzuk gogoan izanda eraiki da kalea, Zaida Muxi arkitektoaren arabera (Buenos Aires, 1964). Gaur egungo antolamenduak albo batean uzten ditu, ordea, gizarteko talde gutxituak; emakumeak, kasurako. Joan den astean, Muxi hizlari gonbidatua izan zen Agora-2015 hiri berrikuntzarako jardunaldietan.

Nolako biztanleak eduki izan dira gogoan hiriak eraikitzerakoan?

Norbanako neutro eta abstraktu bat gogoan izanik eraiki dira hiriak. Gizartearen aniztasuna ez dute ikusgai jarri, eta bertako biztanleen generoa ere ez dute kontuan hartu. Emakumeek eta gizonezkoek desberdin erabiltzen dute espazio publikoa; gizarteak andreei ezarri dizkien ugaltze eta zaintza rolak beti etxe barruko gauzak izan dira; kalea ez dago horientzat egokitua.

Generoaren arabera, nola banatzen da espazioa?

Inoiz ez duzu emakumea kalean denbora-pasa ikusiko. Beti ari da zerbaitetan: haurra edo adinekoa zaintzen, edo erosketak egiten. Gizonezkoek gehiago erabiltzen dituzte espazio publikoak denbora-pasarako. Desberdintasun oro kalean ikusten da.

Noiztik dituzte hiriek horrelako desberdintasunak?

XX. mendearen erdialdetik, gutxi gorabehera. Ordutik jarri dira industrialdeak eta langileen etxebizitzak hiriaren alde banatan. Garraio publikoaren bidez mugitzen da jendea. Lotarako auzo deitu izan zaie etxebizitza horiei, baina badago urteetan han bizi den jendea: etxetik kanpo lan egiten ez duten emakumeak, gazteak, adinekoak... Lotarako auzo deitzean, beraz, bizimodu jakin bat dutenei buruz ari dira.

Banaketa horrek zer dakar?

Hiriburua funtzioka banatzeak beste hainbat ezaugarri alboratzea dakar. Hala, erosketak egitera joatea edo haurrak eskolara eramatea ez dira ibilbide ofizialak. Lanera edo ikastera joaten direnen joan-etorriak dira garrantzitsuak. Hain zuzen ere, hirigintzan oraindik ere derrigorrezko ibilbideak deitzen diete. Nork esan du besteak ez direla nahitaez egiten direnak?

Horren arabera dago antolatuta garraio publikoa?

Ordutegi zabalenak joan-etorri ofizialetan izaten dira; 11:00etan, adibidez, garraio zerbitzua murritzagoa izaten da. Oinez ibiltzeko, berriz, zailtasunak daude, oinezkoen bideak ez direlako horren zabalak. Eta autoa ez dago emakume guztien esku. Zenbait tokitara autoz joatera derrigortuta bagaude, emakumeek daukaten beste oztopo bat da.

Zein ikuspunturekin eraiki behar dira hiriak?

Gertutasunetik eraiki behar da. Kaleko arazoen informazio erreala izan behar da hiriak eraikitzeko. Bizi direnen adina eta generoa, behintzat, kontuan har daitezke; hala, kalea pluralagoa eta horizontalagoa izango baita. Teknikariek gogoan izan behar dute pertsonak erdigunean jarri behar dituztela.

Orain arte egin diren aldaketak nolakoak izan dira, oro har?

Eraikuntzan inbertitu den guztia ez da hutsala izan. Bartzelonan, esaterako, azokak indartu egin dira, erosketak bertatik bertara egitea lehenetsiz. Espazio publiko batzuk, gainera, ekonomikoki horren ongi ez daudenentzako babesgune bihurtu dira. Liburutegiak dira horren adibide garbia, ikastera joan baitaitezke berogailurik ordaindu gabe. Publikoak bete ditu, neurri batean, pribatuaren gabeziak. Dena den, hirien erdigunean izan dira horrelako kasu gehienak.

Auzoan aniztasuna zenbat eta handiagoa izan, gizarte berdintasun handiagoa dago?

Igartzen da aldea, bai. Sozioekonomikoki apalak diren auzoetan elkarren laguntza izaten dute, nahiz eta ongizatea hobetuko dieten zerbitzuak ez dituzten gertu izaten. Harremanen sarea handiagoa da aniztasun handiko auzoetan; gutxienez, elkar ezagutzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.