ATZEKOZ AURRERA. Jon Garmendia, 'Txuria'. Idazlea

«Deserria ez da urruntasuna bere soilean»

Deserrian pasatutako hamar urteetan idatzi dituen poemekin ikuskizuna osatu du Garmendiak; zalantzak, hutsuneak eta pozak biltzen dituen bidaia baten kontakizuna da.

ISABELLE MIQUELESTORENA.
Nagore Rodriguez.
2015eko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Herri bihurtu zaidan deserrian olerki eta kantu emanaldia estreinatuko dute bihar Hendaian (Lapurdi). Jon Garmendia Txuria-k (Hernani, 1972) deserrian egondako hamar urteetan idatzi dituen poemak biltzen ditu ikuskizunak. Hogei urte baino gehiago daramatza musikaren munduan, abestiak idazten. Taula gainera igoko da orain, baina ez da bakarrik egongo: Xabi Solano, Keu Agirretxe, Ortzi Oihartzabal eta Xabi Azkarate musikariak eta Eider Eibar marrazkilaria izango ditu lagun.

Deserriaren eta herriaren artean sentitu al zara hamar urteotan?

Ez dakit bien artean egotea posible ote den, bien artean dagoena distantzia baita, eta, niretzat, distantzia da egon nahi duzun tokian ez egotea; distantzia da sorlekura ez itzultzea, eta ikustea nola doan denbora aurrera, denak segitzen baitu bere bidean, zuk salbu, oroitzapenekin bizi zarelako. Horregatik uste dut batzuetan herrian egon naizela, ondo joan zaidanean; eta beste batzuetan, deserrian, zalantza eta kezkaz betea egon naizenean, adibidez.

Nola hartzen duzu deserrian egon eta Euskal Herrian egotea?

Deserria ez da urruntasuna bere soilean; adibidez, derrigorturik bizi behar baduzu zure ondoko herrian, nahitaez edukiko dituzu minak, hausturak... eta baita debekuak ere. Bestalde, kolonizazio basatia egon da Euskal Herriko ekialdean; ukaezina da Frantziaren nagusitza politiko eta kulturala ni bizi naizen tokian, Lapurdiko kostan; hemen biziki zaila da euskaldun gisa bizitzea. Problema da ni eta ni bezalako anitz administrazioak ez gaituela kontsideratzen lur honetako, haientzat espainiarrak garela eta hala izango garela bizitza guztian.

Noiz sentitu zenuen deserria herri bihurtu zitzaizula?

«Atzo zer egin nuen» ordez «gaur zer egin behar dut» pentsatuz esnatu nintzenean.

Zer da zuretzat erbestea?

«Amak besoetan hartzen ninduela oroitzea, eta berriro ez nauela hartuko jakitea» idatzi izan dut. Hemen iragana oroitzen dut etengabe; nire buruan baino ez dauden errealitateak bizi ditut nolabait, eta badirudi aurreko bizitza hura zoragarria zela, eta, seguruenik, ez zen. Baina, egun, oroitzapen onekin baino ez naiz bizi; hori amaren besoetan egotea da, babestua, goxo, ederki; eta bat-batean ez dut hori: badakit ez dudala berriro halakorik izango, ez naizela egonen nire burua dagoen tokian, amak —pisuaren pisuz— ezin nauela berriro besoetan hartu, ez eta babestu ere, eta gainera datorkidanaren mende nagoela.

Artista askok aipatu izan dute deserria. Zer eskaini dio deserriak zure sorkuntza lanari?

Gaia ez da berria. Gainera, gaia unibertsala da. Euskal Herrian asko idatzi da atzera begirako kontakizunari buruz, zenbakiei buruz, zenbat iheslari eta halako, baina biziki gutxi horiek izan duten hausturaz, minaz; sentimenduekin gauzak kontatzea ahantzi zaigu, nolabait. Badirudi etsipenak eta minak ez direla kontatu behar. Uste dut ez dela ezer pasatzen sentimenduei bide eginik; nik negar asko egin dut, eta ni izaten segitzen dut, nire alaitasun eta amets berekin; ahula bai, baina ez negarra gordeta izanen nintzatekeen baino ahulago.

Deserriaren hutsunea eta mina betetzen lagundu al dizu poesiak?

Zati ttipi batean, agian, baina nire mina jendeak bete du. Mundua ezezagunez betea dago, ezagutzera iritsi gabeko lagunez, eta, haietako batzuk ezagutzera iritsi naizelarik, lagun eder bilakatu zaizkit.

Deserriratuaren begirada, hala ere, beti dago sorterrira begira.

Beharbada, sorterria berekin eraman duelako, eta etengabe behatu beharra sortu diolako harenganako halako maitasuna sentitzeak. Sorterritik urrun, badago zurea bilakatzen duzun herri bat; nik hala sentitu dut.

Hamar urte hauetan idatzitako poemekin osatu duzu zure bidaiaren ikuskizuna. Askoren bidaia izan al daiteke?

Nire sentimendu intimo batzuk izanik, niretik du gehiena, baina ez dut zalantzarik anitzen isla direla kontakizun gisa. Maitasunari maitasun deitzen diogu mundutar guztiok, eta bakoitzak bere maneran bizi du, baina izen bera du denontzat.

Oholtza gainera igotzeko, lagungarri izango zaizu Xabier Solano ondoan izatea?

Hogei urteko sorkuntza harremana ospatu dugu. Ospatu diot, harekin lan egitea festa bat izan baita. Bihotz erraldoi bat du taupaka Xabik, gardena baita, eta artea borborka du; artista da, handia.

Twitter, bloga... baina oraindik eskuz idazten dituzu abestiak...

Hala ohitu naiz ttipidanik, eskuarekin ukitu behar dut orria, sentitu, ene pentsamenduak han pausatzeko manera errazena zait; eta pentsamendua ez badator, marrazkitxoekin betetzen dut orrialdea; hori ezin dut ordenagailuan egin. Twitter eta bloga nire gauzatxoak garbira pasatzeko bidea dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.