ATZEKOZ AURRERA. Alan King. Hizkuntzalaria

«Ustekabean ezagutu nuen nawatera»

Txikitatik ditu hizkuntzak maite Kingek; euskara eta nawatera, batez ere. Hizkuntza gutxituak berreskuratzeko moduak «badaudela» dio, eta horiek azaltzea dela hizkuntzalarien lana.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
aitor biain
2015eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Hizkuntza gutxituak ezagutzeko, Hitz adina mintzo zikloa egiten ari dira Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean. Hilero mundu zabaleko hizkuntza bat hautatu, eta hizkuntza horri lotutako hainbat ekintza egiten dituzte. Hala, hil honetan, El Salvadorko pipilek hitz egiten duten nawat hizkuntzari buruz jardungo dira. Gaur bertan, besteak beste, Alan King (St. Annes, Lancashire, Ingalaterra, 1954) hizkuntzalariak hitzaldia eskainiko du. Izan ere, galtzeko zorian egon zen nawat hizkuntzan berreskuratzeko mugimenduan egin zuen lan Kingek. Euskal Herrian bizi da egun, eta euskara ere ikasi du.

Nola ezagutu zenuen 300 hiztun baino gutxiago dituen hizkuntza bat?

Erdialdeko Amerikan geratzen den jatorrizko hizkuntza bakarra da nawatera, eta aitortu beharra daukat ez nuela nik aukeratu: berak aukeratu ninduela ni. Arrazoi pertsonal batzuengatik joan nintzen El Salvadorrera 2002. urtean. Han nintzela, neure buruari galdetu nion zer egin nezakeen han, herrialdean egongo nintzen bitartean. Izan ere, jakitun nintzen herrialde aberats batetik nindoala, eta han miseria besterik ez zegoela. Nik egin nezakeen ekarpena nire lanbidearen aldetik zen, hizkuntzalaria bainintzen. Eta hala egitea erabaki nuen.

Hain zuzen, hura aztertu eta berreskuratzeko prozesua jarri zenuen abian El Salvadorko unibertsitate batekin. Nola izan zen?

Bai, hala da. Egia esan, inork ez zidan esan hizkuntza galtzeko zorian zegoenik ere. Nik egin nuen topo egoerarekin, ustekabean. Hori dela eta, nik neuk nuen behar bat asetzea ere izan zen, nolabait. Hori dela eta, unibertsitatearekin jarri nintzen harremanetan, eta prozesu bat jarri genuen martxan.

Hala ere, prozesuak ez zuen askorik iraun. Kanporatua izan zinen.

Zailtasun asko izan genituen prozesu osoan. Oso zaila izan zen hasieratik; benetako interesik ere ez zegoen eta baliabideak ere eskasak ziren. Hala, bi urtera edo, beharrezkoa ez nintzela erabaki zuten, eta prozesutik kanporatu ninduten.

Gizartean utzi zenuen hazia, baina. Ordutik zenbait gizarte mugimenduk jarraitzen dute zuk hasitako lanean.

Hutsetik hasi ginen, eta, egia esan, lortutako aurrerapenak ez ziren makalak izan, ez. Arlo akademikoan oso zail zeuden gauzak, baina gizartean sustatzea lortu genuen. Izan ere, hizkuntza bat berreskuratzea ez da gai akademiko bat niretzat; gai sozial bat da. Hori dela eta, gizartean bertan sustatzea beharrezkoa zen. Egun jarraitzen dute lan horretan, eta, batez ere, Internet bidez eta sare sozialen bitartez, hizkuntza sustatzen ari dira zenbait gizarte mugimendu. Hemendik kasu egiten diet nik, eta ahal dela lagundu ere bai.

Nondik datorkizu hizkuntza gutxituenganako zaletasun hori?

Betidanik gustatu izan zaizkit hizkuntzak. Hala ere, gure etxean hizkuntza gutxitu bat hitz egiten zela konturatu nintzen txikitan: gaelikoa, hain zuzen. Gauza batzuetarako bakarrik erabiltzen zela jabetu nintzen. Hori dela eta, egoerak berak, halabeharrez, eraman ninduen mundu horretara.

Hizkuntzalaritza ikasi zenuen, eta euskara aztertzen hasi zinen. Zergatik euskara? Zerk erakarri zintuen?

Egia esan, egoerak jarri ninduen euskararekin aurrez aurre. 25 urte nituelarik Euskal Herrira etorri nintzen bizitzera. Ordurako ezagutzen nuen euskara. Banekien Europako hizkuntza gutxitu bat zela. Hizkuntzak aztertzea eta ikastea atsegin izan dut beti, eta hona etortzean, argi nuen euskara ikasi behar nuela. Hizkuntza ikasteko zeuden zailtasunak gainditu nahi horrek motibatu ninduen.

Londresko Unibertsitatean doktore zara. Euskarari buruzko tesia egin zenuen, hain zuzen.

Berandu samar izan zen hori, egia esan. Nik ordurako banekien euskaraz, eta Londresko Unibertsitatearen eskutik gonbidapen bat jaso nuen: doktoretza tesi bat egitea proposatu zidaten. Bazekiten ni euskararen munduan murgilduta nenbilela. Hori dela eta, euskarari buruzko tesia egiteko esan zidaten. Oker ez banaiz, 1992an aurkeztu nuen.

Euskaltzain urgazlea ere bazara 2003az geroztik.

Bai, eta ohore bat da niretzat. Aukeratu nindutenerako urte asko neramatzan hemen euskararen inguruan lanean, baina orduantxe, hain justu, El Salvadorrera joatekoa nintzen. Hori dela eta, ez nintzen izan diploma emate ekitaldian.

Egungo mundu globalizatuan, hizkuntza gutxituek aukerak ala oztopoak dituzte gehiago?

Biak, esango nuke. Hala ere, ez nuke horretan geratu nahi. Hizkuntzalarion lana da hizkuntzak berreskuratzeko moduak badaudela esatea eta horiek azaltzea. Gizartean itxaropena sortzea ere gure lana da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.