ATZEKOZ AURRERA. Iñigo Gamonal eta Fernando Gamonal. Burgosko Gamonal auzoko komunitateko kideak

«Komunitateak ez du presidenterik behar»

Espainiako Burgosko Gamonal auzoan bulebar bat eraikitzea galarazi zuten herritarren protestek duela bi urte. Auzo horretako komunitateko bi kideak Donostian izan dira hitzaldi batean.

Burgosko Gamonal auzoko (Espainia) bizilagunek 2014ko urtarrilaren 19an egindako batzarran. Iñigo eta Fernando Gamonalek ez dute elkarrizketako argazkian atera nahi izan. SANTI OTERO / EFE.
Ihintza Elustondo
Donostia
2016ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Ez dute abizenik eman nahi Burgosko (Espainia) Gamonal auzoko Iñigok eta Fernandok, eta ez dute elkarrizketarako argazkian atera nahi izan. Ez dute auzoan inor nabarmentzerik nahi, ez dutelako auzoaren komunitate zentzua apurtu nahi. Horregatik, Iñigo Gamonal eta Fernando Gamonal gisa aurkeztu dituzte beren buruak. Donostiako metroa gelditzeko Satorralaia bizilagunen mugimenduak gonbidatuta egon dira Donostian.

Bi urte igaro dira bulebarra ez zutela eraikiko jakin zenutela. Nola oroitzen duzue?

IÑIGO GAMONAL: Beti oroitzen dira borrokaren une gorenak, baina ezinbestekoa da jakitea ibilbide hauek Gaussen kanpaiaren formakoak direla. Puntu gorenak ditu, baina beti itzultzen dira normaltasunera; zaila da auzo bat beti gerran egotea. Hoberena da jarraipena izan duela lortutakoak, eta horrek balio du auzoa eraikitzen jarraitzeko.

FERNANDO GAMONAL: Gatazka guztiek uzten dute hondarra. Oraindik jendea epaiketen zain dago, eta auzoak hori ez du ahaztu. Dirua biltzen eta manifestazioak egiten jarraitzen dugu, udalari salaketak ken ditzala eskatzeko, oraindik presioa egiten jarraitzen baitu.

Norena da kalea?

I.G.: Kalea zerbitzu publiko moduan har daiteke, udalak edo kudeatzaile pribatu batek administratuta; edo ondasun komun baten moduan. Ondasun komun baten moduan hartzen dugunean, jendea parte hartzen hasten da. Parte hartze horrek bizitzea merezi duten lekuak sortzen ditu. Eta bizitzea merezi badu, kalea bizilagunena da.

Herritarrek nola parte har dezakete erabakietan?

I.G.:Herria hitza dimentsio politiko interesgarria hartzen hasten da komunitateak indarra hartzen duenean. Komunitatea estatuaren eta merkatuaren bitartekotzarik gabe erlazionatzen den giza talde bat da. Gamonalek bere instituzioak sortu zituen: auzoko batzarra, esaterako. Kalea norberarena dela sentitzean, jendea elkartzen hasten da. Denok elkarren beharra genuela aitortzeak egin zuen posible Gamonal zutik mantentzea.

Donostian metroarekin antzeko zerbait gertatzen ari da...

F.G.: Bulebarra edo metroa izan daiteke. Kontua da bizilagunek ezin dutela erabaki beraien beharren aurrean. Bizilagunek zalantzan jartzen badute, zerbaitegatik da. Udal batek ezin du inposatu erabakirik.

Herriaren hitza kontuan hartzen ez bada, beti sortzen da gatazka.

F.G.: Gatazka sortzen da herriak hitza ez baldin badu, bere bizian eragiten duenaren inguruan erabakitzeko mekanismorik ez duelako. Nahiz eta iritzia eskatzen dizuten, hori ez da kolektiboki eraikitzeko modu bat. Auzoak komunitate bidez eraiki behar dira, erabakitzeko eskubidea izan dezaten.

Lurreko zulo batzuk estaltzeko dirurik ez zegoela zioen udalak, eta bulebar bat eraiki nahi zuen.

I.G.: Auzo guztietan daude halako kontraesanak. Hiriak ez ditu diseinatu bertan bizi den jendeak, kapitalaren interesekin egin dituzte.Baina Gamonalgo jendeak erabaki zuen gatazkari aurre egitea. Jende asko borrokaren bidez irten zen egoera animiko oso gogorretatik: depresioetatik. Momentu batean, bulebarraren borroka gutxienekoa izan zen. Hori Gamonalgo jende ugarik esaten du. Jendea kalera atera zen gauza askorengatik nekatuta zegoelako.

Zergatik lortu du Gamonalek horrelako kohesioa? Beste leku batzuetan ez da hori gertatu...

I.G.: Faktore asko daude. Auzoko jendea landa eremutik dator. Landa eremuaz ari garenean, hango tradizio komunitarioez ari gara. Horri gehitu behar zaizkio 1960-70eko hamarkadetan hasitako auzoa eraikitzeko borrokak, langileen borroka... Etsaiak eraikitako hirigintza du, eta, modu batera edo bestera, identitateari gogor eutsi dio Burgosek markatutako zentralitatearen aurrean. Horiek batuta, posible izan da estatu militarra zuen auzo batek borroka kolektiboari zentzua ematea.

Alderdi politikoetan konfiantza zuen lehen jendeak arazoei aurre egiteko. Ez al da hori aldatzen ari?

I.G.: Egitura zahar guztiak zalantzan jartzen ari dira: alderdi politikoak, sindikatuak, Eliza, familia... Gamonalen gertatzen ari dena Espainiako gainontzeko lekuetan ere ari da gertatzen. Sistema krisian dago, baina oinarri berdinen gainean birdefinitzen da. Ustelkeriak jotako alderdien ordez, alderdi alternatiboak sortzen ari dira. Lider berriak lepoko ezberdinarekin agertu dira, baina horrek funtzio bat du: jendea etxera itzultzea, eta dena normaltasunera itzultzea. Eragin gehiena duen errepresioa ez dira Poliziaren borrak, normaltasunera itzultzea baizik.

Arnaldo Otegik kartzelatik atera berritan esandako hitzak dira: «Lehendakaririk onena herria da».

I.G.: Komunitateak ez du presidenterik behar. Presidente bat dagoenean, agian ez dago herririk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.