ATZEKOZ AURRERA. Akosua Adoma Owusu. Zinemagilea

«Identitateari buruz aritzea ukaezina zait»

Bi munduren artean bizi da Owusu: Ameriketako Estatu Batuak eta Afrika. Eta bi mundu horiek dira haren filmen inspirazio iturri. Euskal Herrian izan da, egindako lanak aurkezten.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
aitor biain
Gasteiz
2016ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
«Ezin diot naizenari uko egin». Erroak non dituen oso argi dauka Akosua Adoma Owusu zinemagileak (Alexandria, Virginia, AEB, 1984). Bere identitatea osatzen duten «bi munduak» uztartzen saiatzen baita egiten dituen filmetan, eta, hala, fikzioak errealitatea gainditzen du askotan. Izan ere, ia lan guztiek dute egilearen bizitzaren ezaugarrietako bat oinarri. Nazioarteko zinemaldi garrantzitsuenetan saritu dituzte dagoeneko haren lanak. Zinema munduan, Owusu izena gero eta ozenago entzuten da.

Ameriketako Estatu Batuetan jaio zinen, baina gurasoak Ghanakoak dira. Eragin handia du horrek zure filmetan?

Niretzat oso garrantzitsua da identitatearen gaia, horri buruz aritzea ukaezina zait. Ameriketan jaioa den bakarra naiz nire familian. Bada, ni naizenaren zati bat ghanatarra da, eta, aldi berean, beste zati bat amerikarra. Eta hala ikusten dut neure burua nik neuk ere: Ameriketan nagoen bitartean, oso ghanatarra naizela sentitzen dut; eta, aldiz, Ghanan nagoenean, oso amerikarra. Hori bera islatzen saiatzen naiz nire filmetan: alegia, bi munduren artean egotearen sentipen hori. Nire egoerarekin identifikatzen diren asko daude, eta horiekin lotura berezi bat izaten saiatzen naiz beti.

Horregatik dira zure lan gehienak autobiografikoak?

Bai, denek dute zantzuren bat edo beste horregatik. Bizitako esperientzietan oinarritzen naiz. Esaterako, Kwaku Ananse [2013] egiteko, nire sentipenetan oinarritu nintzen. Neska gazte afroamerikar batek Ghanara, bere aitaren hiletara egindako bidaia kontatzen du. Aldiz,Me Bromi Ba [Nire haurtxo zuria, 2009] filmerako nire ahizpa izan zen inspirazio iturri. Kasu horretan,Ghanatik AEBetara emigratuko duen gazte baten istorioa kontatzen du.

Identitateaz gain, generoa eta arraza bera ere zure filmen gai nagusiak izan ohi dira. Zergatik?

Hala da, bai. Hiruko identitatea dudala esan ohi dut: emakumea, beltza eta guraso migratzaileak dituena. Hori naiz ni, eta, ni bezala, beste asko. Nire lanak oso pertsonalak izan ohi dira, eta, beraz, ukaezina da gai horietatik inspirazioa lortzea. Egia da nik neuk bilatzen ditudala halako gaiak askotan, baina, beste batzuetan, zinemak berak eramaten nau gai horietara.

Emakumea, beltza eta migratzaileen alaba izateagatik zailtasunik izaten duzu zure lanean ?

Bai, asko. Hala ere, zorionez, gero eta baliabide eta erraztasun gehiago ditugu filmak egiteko.

Film laburrak egin izan dituzu orain arte. Zergatik? Zer kontatu nahi izan duzu filmetan?

Hasi berria den zinemagile ororentzat da aukera ona film laburrak egitea. Nire kasuan, kontatu nahi ditudan istorioak kontatzeko ere aproposak dira: buruan ditudan ideiekin jolas egiteko aukera ematen didate. Kultura, identitatea, kolorea, arraza... eta antzeko gaiak esploratzeko oso aproposak dira film laburrak. Horrez gain, nire lengoaia propioa lantzeko ere oso baliagarriak dira.

Hala ere, zure lehen film luzea izango dena prestatzen ari zara. Hori ere erdi autobiografikoa izango al da?

Bai, hala da, eta oso pozik nago. Black Sunshine [Eguzki beltza] du izena. Hemen ere, identitatea, arraza eta halako gaiak jorratuko ditut. Afrikako emakumeek azala zuritzeari buruz duten idealizazioa eta, aldi berean, albinoek sufritzen duten egoera nahasten duen filma da. Denbora asko daramat proiektuarekin. Ea azkar amaitzerik dudan.

Ezagunak dira zure filmak Ghanan? Zer iritzi dute?

Ezagunak dira, bai. 2013an, gainera, Afrikako Zinema Akademiak Kwaku Ananse film laburra saritu zuen. Ordura arte ez ninduten ezagutzen. Izan ere, hasiera batean Ghanako ipuin tradizionaletan oinarritutako filmak egiten zituen zinemagile amerikarra nintzen haientzat. Orain ezagutzen dituzte nire filmak.

Duela urte batzuk Save the REX proiektua jarri zenuen martxan. Ghanako zinema zaharrenetariko bat zaharberritzea zuen xede. Nolakoa izan zen proiektu hura?

Hala da. REX zinema zaharra berreskuratu nahi nuen: zinema, musika eta artea uztartuko zituzkeen sorkuntza gune bat bilakatzea zen helburua. Utzi egin behar izan nuen, zoritxarrez. Hala ere, film batean batu nuen esperientzia hura.

Garrantzitsua da zuretzat diasporatik ere Afrikako kulturari buruzko lanak egitea?

Bai, oso garrantzitsua. Nire kasuan, afroamerikarra izanik, are gehiago baloratzen dut nire lana. Izan ere, urte askoan afroamerikarrei ukatu egin zaie lan hau egiteko aukera. Historia berreskuratu eta Afrikako eta, batez ere, Ghanako kulturara hurbiltzeko komunikabide gisa erabili nahi dut zinema. Horretarako, nire lengoaia propioa bilatu nahi dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.