ATZEKOZ AURRERA

Kemenari eta ekinari, argia

Prentsa saria eman diote Ane Irazabal BERRIAko kolaboratzaileari, errefuxiatuen auziaz egin duen lanarengatik. Imanol Urbieta musikari eta hezitzaileari eman diote Merezimendu saria

Argia sarien irabazleak, atzo, Usurbilgo (Gipuzkoa) Atxega jatetxean, sari banaketaren amaieran. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Gorka Berasategi Otamendi.
Usurbil
2017ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Garesti dago argia. Markak hautsita, neguaren hotzenean. Eta garesti dago Argia saria bera ere, aldizkariko kideek aitortu dutenez. Neguarekin zer ikusi gutxi; udaberritik akaso gehiago. «Erredakzioan aipatzen denez, gero eta zailagoa da saridunak hautatzea, batez ere gero eta proiektu eta pertsona gehiago daudelako saritzeko modukoak». Oharra egina zuten sariak banatzen hasi aurretik.

Euskarazko kazetaritza eta komunikazio jarduneko pertsona eta proiektuak saritzen ditu urtero Argiak. Aurten, 28. aldiz banatu dituzte; ohi bezala, Usurbilgo (Gipuzkoa) Atxega jatetxean.

Ane Irazabal BERRIAko kolaboratzailea izan da sarituetako bat. Irazabalek prentsa idatzian egin duen lana nabarmendu dute; gerratik ihesi, Europan babes hartu nahi duten «errefuxiatuen azalean jartzeko egindako lan handiarengatik». Jardun horren adibide dira BERRIAn argitaratu dituen testuak. Irazabalek irratian eta telebistan ere kazetaritzan diharduen arren, idazteko beharra sentitu duela aipatu du. Errefuxiatuen errealitate latzaren aurrean, egoeraz hausnartzeko eta mintzatzeko arnasa luzeagoa eskaini dio prentsa idatziak. «Barruan neukan guztia botatzeko modu bat izan da».

Imanol Urbieta musikari eta hezitzailearen ibilbideari eman dio Argia-k Merezimendu saria. Urbietak haur kantagintzan utzitako ondarea goraipatu du. «Musika, kantua eta hezkuntza ezin finago lotu» zituela nabarmendu dute. Urbieta joan zen irailean hil zen, eta haren bikotekide izandako Kontxi Aizarnak jaso du ikurra. «Gustura egongo zen hemen, hainbeste gazte herrigintzan dabiltzala ikusita».

Irratigintzan, Amapola Moreak saioak jaso du saria. Antxeta irratiak eta Oiartzun irratiak elkarlanean egiten duten saioaren ahalegina nabarmendu dute, «Euskal Herriko emakumeak lehen lerrora ekartzeko». Aitziber Zapirain eta Mirari Martiarena gidariek hartu dute saria. Emakume aditu eta arituekin egindako gertuko elkarrizketak dira saioaren ardatza.

Ikus-entzunezkoen alorrean, berriz, Busti emanaldi ausart eta berritzailearentzat izan da saria. Euskal Herria Zuzenean musika festibala antolatzen aritzen diren gazteek sortu dute umorezko bideo sail hori, eta Kanaldude web telebistak babestu du. Argia-k balioa aitortu dio proiektuari, «diru gutxirekin, ausardiaz, umore biziz, saio dinamikoa, lotsagabea eta ezustekoz betea» osatu dutelako.

Maialen Duguine eta Maia Iribarnek adierazi dute ezustean iritsi zaiela saria. Busti-ren sustatzaileen iritziz, euskarazko ikus-entzunezko alorrean «hutsunea» dago, eta gabezia horri erantzuteko sortu zuten proiektua. Gazteak gazteentzako telebista sortzera animatu dituzte, eta, datorren otsailaren 4an, Altsasuko gaztetxean (Nafarroa) gazteentzako telebista sortzeko topaketan parte hartzera deitu dute.

Sustapen ekintzen artean, Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako egitasmoarentzat izan da saria, «euskaraz bizitzeko estrategiak bultzatu eta herriz herri hedatzen ari den estilo bat sortzeagatik».

Game Erauntsia bideo jokoen euskal komunitatea ere (www.gamerauntsia.eus) saritu dute, Interneti lotutako proiektuen artean. Bideo jokoen sektore globalizatuan euskarak lekua izan dezan egindako lana nabarmendu dute. Saria Urtzi Odriozola eta Aritz Odriozolak jaso dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.