Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Louis Schnellbach. Bideo jokoen garatzailea

«Programatzen ikastea hizkuntzak ikastea bezalatsu da»

Quebeceko Ubisotf enpresan ari da bideo jokoak programatzeko lanetan Schnellbach. Bere enpresa sortzea eta mitologiari eta kulturari buruzko joko bat sortzea dira bere ametsa.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Garbine Ubeda -

2017ko irailak 19

Quebecen bizi da Louis Schnellbach (Fontainebleau, Frantzia, 1991), baina harreman estua du Euskal Herriarekin. 16 urterekin iritsi zen Euskal Herrira lehen aldiz, eta «leku zoragarria» iruditu zitzaion; lagun ugari eta emaztea euskal herritarrak ditu. Euskara ikasten ari da.

C++ programatzaileak oso estimatuak zarete ofizioan. Zientzialari eroaren eta frikiaren arteko nahasketa zarete askorentzat.

C++ lengoaia zaharra da —2023an 40 urte beteko ditu—, eta, hura ulertzea zaila bada, are zailagoa da ongi erabiltzea. Gaur egun, lengoaia errazagoekin hasten da jendea (Phyton, C#), baina bideo joko, hegaldi simulagailu, datu base eta beste hainbat sistematan erabakigarria da; horregatik da horren estimatua.

Era berean, aztiak ere bazarete, eta magia egiten duzuela dirudi. Inork ez daki, justuki, zer eta nola egiten duzuen.

Programatzea ordenagailuari aginduak ematea da. Ordenagailuaren xehetasun guztiak hartu behar dira kontuan, arkitektoek etxeak egiten dituztenean bezala. Programatzen ikastea hizkuntzak ikastea bezalatsu da. Baina gizakiari mintzo beharrean, makinari mintzo zara; horixe du ezberdintasuna.

Neska askok maite dituzte bideo jokoak, baina gutxik ekiten dio programazioari. Zer esango zenieke?

Informatika zailegia dela uste dute askok, edo gizonen kontua dela. Guztiz faltsua da, jakina. Emakumea informatikan urri eta bideo jokoetan are urriago izatearen errua estereotipoek dute. Zorionez, gizonak eta bideo jokoen industria, oro har, hasiak dira arazoaz jabetzen; mentalitatea aldatzen ari da. Era berean, arazoari aurre egiteko elkarteak ere sortu dira; esate baterako, Girls Who Code, AEBetan.

Anguleman egin zenituen ikasketak. Komikizalea zara? Maite dituzu? Zergatik?

Batmanen komikiak irakurri ditut, ahalmen magikorik ez duen heroi bakarra delako, baina besterik ez. Nahiago dut bande dessinée-a edo manga. ENJIN Ecole Nationale des Jeux et Media Interactifs Numerique unibertsitatean ikasi nuen. Hango masterra oso interesgarria da, beste hainbat ofiziorekin batera egiten direlako ikasketak. Grafistak, audio sortzaileak, joko diseinatzaileak, proiektu buruak, ergonomistak eta programatzaileak elkarrekin aritzen dira; lan horietariko bakoitzak dituen mugez jabetzen zara berehala.

Zer egin daiteke bideo jokoen bidez, kultura hobetzeko?

Bideo jokoetan, adinaren araberako sailkapena dagoen arren (+16, +18...), gomendioei ez zaie jaramonik egiten, eta haurrak jokoan aritzen dira, tamalez. Joko askoren oinarrian badago kultura bat, herri bat edo historia bat, baina ez dira horren ezagunak, eta hortxe dago koska: enpresa handiek publizitate kanpaina garestiak ordain ditzakete; estudio txikiek, aldiz, ez dute halako baliabiderik beren jokoak iragartzeko. Enpresa txikiak dira, justuki, kultura bat partekatzeko edo joko bortitzetatik ateratzeko ahalegina egiten dutenak.

Euskal mitologian oinarrituriko joko bat egin zenuen, eta Ipar Euskal Herrian estudio bat sortu nahi zenuke. Plan ederra dirudi…

Zoritxarrez, bideo jokoetarako estudio bat sortzea ez da erraza: lehia latza da! Alde ekonomiko eta administratiboaz gain, kontuan hartu behar da milioika joko plazaratzen dela egunero Steam-en. Bideo joko arrakastatsuaren errezeta ez da zientzia zehatza. Ideia on baten jabe izan behar duzu, errealizazio ona ere behar da, eta zeresan aski eman, baina bada zati bat batere kontrola ezin litekeena, eta era berean erabakigarria dena. Mitologiaren eta kulturaren gaineko bideo joko bat sortzea amets moduko bat da niretzat, baina hemen urte batzuk falta zaizkit, abentura horri heldu aurretik.

Bideo jokoetan ariko ez bazina, zein alorretan lan egin nahiko zenuke programatzaile gisa?

Zaila du erantzuna, ez baitut neure burua horretan besterik imajinatzen. Baina alor zientifikoa ere gogoko dut, eta, bideo jokoei heldu izan ez banie, sektore aeroespaziala, robotika edo inteligentzia artifiziala hautatuko nukeela uste dut.

Zer moduz zoaz euskararekin?

Euskara serioski ikasten hasi nintzenean, liburuak eta Internet bakarrik nituen eskura; orduan ez nuen ikastarorik gertu —egun, badira ikastaroak Montrealen, baina ez Quebec hirian—. Beraz, gramatikako arauak ulertzeko, hiztegi pixka bat izateko eta esaldi sinpleak egiteko hasi nintzen. Baina liburuak eta Interneteko guneak oso akademikoak dira, eta hizkuntza baten oinarria jendearekin komunikatzea da: beraz, dakidana praktikan jartzen dut nire lagun elebidunekin. Bideo jokoez aritzen den mintzalagun talde batean ere parte hartzen dut.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ANDONI CANELLADA / @FOKU

«Ahituta amaitzen dugu, baina zoriontsu»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Klasikoetan klasikoena da Arnoldo izozkitegia Donostian. 1935ean hasi ziren, eta laugarren belaunaldiko kidea da Alustiza: «Hauxe da txikitatik edoski duguna; gure odola da, eta ezin genuen hiltzen utzi».
Union Artesanako kideek kantatu zuten atzo <em>Artillero</em> abestia. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Lehertu da festa Donostian

Miren Mujika Telleria

Bi urteko geldialdiaren ostean, kanoikadaren hotsa entzun, eta eztanda egin du festak Donostian. Piratek ere bota dute euren txupinazoa, eta koloretako txalekoz bete da kaia. Hasi da Aste Nagusia.
Mariana Etxegarairen hilobia, Hazparnen (Lapurdi). ©HAZPARNEKO HERRIKO ETXEA

«Kantuan hastean hein bat lotsatua nintzen, baina ahantzia nuen berehala»

Miel A. Elustondo

Julien Vinsoni zor bide zaio bertsolaritzari buruzko aipurik zaharrenetakoa, 1869ko irailean Saran egindako Lore Jokoetakoa. Hantxe dira ageri Jatsuko Piarres Ibarrart 'Bettiri', Azkaineko Mari Luixa Erdozio eta Joanes Etxeto 'Senpereko errienta' koplariak. Usteak ustel, Erdozio ez da salbuespen. Garaian, beste bi emakumezko ere nabarmendu ziren kantuan, Mariana Etxegarai 'Aña Debrua' eta Marie Hargain, bertsolari txapeldunak.
Uribarri Ganboako Garaioko hondartza. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Barnealdeko hondartzak

Eider Etxeberria Soria

Uribarri Ganboako urtegia urte osoan bisitatzeko leku aproposa da, uda sasoian batez ere. Garaioko eta Landako hondartzak daude han, eta bainua hartzea baimendurik dago

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Garbine Ubeda

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...