ATZEKOZ AURRERA. Mike Nield. Sagardo saltzailea

«Besteei kopiatuta, gure bihotza galtzen dugu»

Ingalaterran geroz eta gehiago dira sagardoa egiten duten ekoizle txikiak, Nielden arabera. Edari ohikoa dute tabernetan, eta herrialdetik kanpo, arrakasta du «toki turistikoetan» ere.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
Hernani
2017ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Hogei urtez Ingalaterrako sagardoa esportatzen lan egin du Mike Nieldek (Herefordshire, Erresuma Batua, 1972). Merkatuaren egungo egoeraz eta erronkez hitz egin zuen, atzo, Hernaniko (Gipuzkoa) Orona Ideon, II. Sagardo Forumean. Bihar arte, sagardoaren bueltako beste hainbat ekitaldi egingo dituzte.

Zer zapore dauka Ingalaterrako sagardoak?

Hemengoa baino pixka bat gozoagoa da, azukre gehixeago du. Eta gasa dauka, gasa gehitzen diogu.

Ekoizteko era ere ezberdina da?

Espainian eta Frantzian, %100 zukua da, baina Ingalaterran, edari luzeagoa da; hartzidura egiten dugugutxi gorabehera 8 gradu alkoholarekin, eta ur pixka batekin. Lortzen dugu 5 gradu inguruko alkohol bat, pinta baten modukoa, garagardo baten estilokoa, upelean.

Upelean kontsumitzen da, edo gehiago botiletan?

Botiletan ere bai, baina gehiago upelean, pubetan-eta, garagardoaren antzera. Marka industrial handientzat pubetan saltzeko edaria da sagardoa; txikiagoek saltzen dute botila handietan ere, ardoaren antzera.

Tabernetan asko eskatzen da?

Ingalaterran alkohol guztiaren %9 da sagardoa. Ez da inguru jakin batean bakarrik kontsumitzen, edo gazteek bakarrik; txoko eta taberna guztiek daukate, mundu guztiak.

Ekoizpena ere zabalduta dago lurralde osoan?

Fabrikak hego-mendebaldeko bi tokitan daude, Herefordshiren eta Somerseten; hego-ekialdean ere pixka bat bada, Kent probintzian, baina gehiago dira jateko sagarrak, ez sagardoarenak.

Sagardoari beste fruta batzuen zaporeak gehitzen dizkioten edariak ere hedatuta daude Ingalaterran. Hori sagardoa da?

Suediako ekoizle berri bat dago Ingalaterran, beste fruta batzuen zaporeko sagardoa egiten duena. Marketina izugarria da, gazteei asko-asko gustatzen zaie, baina niretzat ezinezkoa da hor sagarra dastatzea. Arazo bat da Ingalaterrako industriarentzat, enpresek kopiatu egiten baitute hori; besteei kopiatuta, gure bihotza galtzen dugu, gure estrategia.

AICV Europako sagardo elkartearen arabera, Ingalaterra da EBn sagardo ekoizle nagusia.

Europako Batasunean bakarrik ez, mundu osoan. 800 milioi litrotik gertu dago kopurua. Sagardoa iritsi zen Ingalaterrara duela mila urte, Frantziatik.

Ekoizle nagusiak ez ezik, sagardogile txikiak ere bizi dira horretatik?

Handiak lauzpabost dira, merkatuaren %95 hartzen dutenak, baina, Espainia iparraldean gertatzen den bezala, ehunka ekoizle txiki daude, baserri modukoak. Geroz eta gehiago dira. Duela hogei urte, Europan, enpresa handi horiek zeuden... Orain, ez; orain tokikoa nahi du jendeak. Ez dute nahi berrehun kilometrora egin den sagardorik, baizik eta herri bertakoa.

Nora esportatzen duzue gehien?

Interesgarria da hori. Duela hamabost urte, zerrenda bat egin zuten Ingalaterrako sagardoa aurki zenezakeen herrialdeekin, eta gehienez hamabost-hogei zeuden. Orain, aldatu egin da, eta badaude 30-40. Oso ondo saltzen da toki turistikoetan, Mediterraneoa perfektua da guretzat. Europa iparraldean, Eskandinavian, esperimentatzea gustatzen zaie, eta probatu nahi dute. Ingalaterraren antzinako herrialdeetan ere badago, Kanadan, Australian. Orain, sagardo eta garagardo artisauentzat oso herrialde interesgarriak dira Japonia, Txina, Thailandia, Vietnam...

Etorkizuna bide horretatik doa?

Hurrengo hamar-hamabost urteetan oso inguru garrantzitsua izango da, oso interesgarria Europako sagardo ekoizleentzat.

Euskal Herrira esportatzen da?

Toki turistikoak kenduta, oro har penintsulan zaila da. Zerbezaren industria oso-oso azkar hazten ari da, eta espero dugu haren eskutik joanda aukera izatea Ingalaterrako sagardo artisauentzat. Horretan saiatzen ari gara.

Lehen aldia duzu Euskal Herrian?

Forumean, bai, lehen aldia. Donostia bisitatu dut, baina duela 30 urte turista gisa, eta ederra da. Asteburuan uste dut izango dugula sagardotegiak-eta bisitatzeko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.