ATZEKOZ AURRERA. Balu. Artista

«Gizonengan eta andreengan dago artea»

Berri Txarrak taldearen azken diskoko 'Beude' abestia oinarri hartuta, taldekideei eskainitako horma irudi sorta bat jarri du Baluk, omenaldi gisa: artea kalera ateratzearen garrantzia aipatu du.

Maialen Unanue Irureta.
2018ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Bartzelona du bizileku azken urte luzeetan Baluk (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1984). Horma irudiak sortzen ditu, eta kalean jarri: AEBetan da egunotan, eta material pixka bat darama maletan, han ere zer edo zer egiteko asmotan. Azken egunotan dezente zabaldu da sarean haren azken esku hartzea: Berri Txarrak-en Beude abestia oinarri hartuta, taldekideen aurpegiak jarri ditu kantuan aipatzen diren leku guztietan.

Ez ziren gutxi izango Berri Txarrak-en irudi horien guztien atzean marketin kanpaina bat dagoela pentsatuko zutenak... Hala da?

[Barreak] Hori esaten didan lehenengoa zara! Egia esan, ez da marketin kanpaina bat, baina egia da eragin handia eduki duen artelan bat izan dela. Orain dela asko pentsatua nuen Berri Txarrak taldeari omenaldi bat egitea, izan duen ibilbideagatik eta beti gustuko izan dudan talde bat delako. Beude abestia entzun nuenean, erabat garbi ikusi nuen zer egin behar nuen: Euskal Herriko hainbat gaztetxe eta kontzertu areto aipatzen ditu kantak. Nire esku hartzeak abestian aipatzen diren toki guztietan daude, Berri Txarrak eta leku horiek omentzeko.

11 leku aipatzen ditu abestiak: denbora pixka bat emango zizun guztietara joateak...

Denbora asko, bai. Lehenengo lana Lekunberrin jarri nuen, Kantinan, eta hurrengoa Durangon, Plateruenan. Berriz etxera bueltatu nintzen lan gehiago margotzeko, 11 herri baitira, beraz, 11 lan margotu behar, denbora errekor batean. Hurrengo egunean Gipuzkoa, Nafarroa, Iparralde, Araba eta Bizkaiko herrietara joan nintzen gainontzekoak egiteko; guztira, 700 kilometro baino gehiago.

Zure sormena kalera ateratzen duzu, hormetara. Zergatik?

Artea ez dago museoetan, artea gizonengan eta andreengan dago. Nire lana espazioan oinarritzen da, espazio publikoan hain zuzen ere, non artelanek eta tokiak harreman estua duten: horien barruan beste kontzeptu batzuk daude, beraz, gai garenean artelanak eta tokiak duten mamia ikusten, zentzu berri batzuk sortzen dira, era poetiko batean. Esku hartze batzuetan berezko zentzua edo esanahia duten gauzei esanahia erabat aldatu diet, umore kutsu batekin. Beude abestiaren kasuan, adibidez, esan dezakegu abesti bat fisiko bihurtu dela non artearen bi diziplinak elkarri eskua eman dioten, pinturak eta musikak.

Zenbat denbora hartzen dizu esku hartze bat lantzen hasten zarenetik bukatu arte?

Geruzak mozten, 6-7 ordu, eta, gero, papera margotzen, beste ordu bat. Esku hartzea tokian jartzeak ez du berez denbora asko eramaten, paper margotua itsatsi besterik ez baita egin behar: asko jota, bost minutu. Baina Beude-ren kasuan, denbora gehiago eskatu zidan tokietara joateak lana egiteak baino.

Ez dizu inporta zure lanak iraupen gutxikoak izateak?

Iraupen gutxikoak izatean datza nire lana. Donostian, adibidez, Jorge Oteizaren artelan bat jarri nuen haren Eraikuntza hutsa eskulturaren azpian. Hiru edo lau egun iraun zuen, Donostiako garbiketa enpresak ezabatu zuelako. Hortik gutxira, herritarrek eta alkateak berak deialdi bat egin zuten, lan hori berreskuratu nahian. Beraz, Donostiako Udala eta ni harremanetan jarri ginen lana legez jarri arte. Orain, lan hori Donostiako Pasealeku Berrian ikus dezakegu, berezkoa zaion tokian. Kasu honetan, iraupen gutxikoa izateak lanari fabore egin dio, herritarrek mantentzeko eskatu baitzuten.

Inoiz izan duzu arazorik hormetan-eta aritzeagatik?

Hogei urte hauetan oraindik ez dut izan arazorik, eta horrela jarraitu dezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.