Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA

Kontxatik harago bada Gipuzkoarik

Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak 'Sagardo Tour' bisita gidatuak egingo ditu udan, turistek Donostiaz harago barnealdeko txokoak eta sagardotegiak ezagut ditzaten.
Euskal Sagardoa zigiluko sagardoa eta Maisor kontserba etxeko antxoa pintxoak dastatu dituzte Zumaian.
Euskal Sagardoa zigiluko sagardoa eta Maisor kontserba etxeko antxoa pintxoak dastatu dituzte Zumaian. J. URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maialen Unanue Irureta -

2018ko ekainak 9 - Zumaia - Hernani

Autobusa Donostiatik kanpora doa: oraingoan ez daramatza turistak, baina hala egingo du udan. Izan ere, Donostian gero eta ohikoagoa da: turista taldeak edonongo bandera bat daraman gidari bati jarraika. Hiriburua izanik, han izaten dira bisitari gehien, baina Kontxatik harago ere bada Gipuzkoarik, eta horixe erakutsi nahi diete Gipuzkoako Sagardogile Elkartekoek turistei. Lurraldeko txoko bat erakustea eta ondoren sagardotegira joatea da plana.

Alazne Cienfuegos gida autobusean bertan hasi da azalpenak ematen: «Donostia da gaur egun Gipuzkoako hiri turistikoena, baina jatorrian herri arrantzalea izan zen; gerora, gotorleku militarra izan zen, eta orduan hasi zen komertzio gune bihurtzen». Gaineratu du sagardoak mendeetan lotu dituela barnealdea eta kosta: horixe egiten du Sagardo Tour-ek, hein batean.

Bisita gidatuok Gipuzkoako lau txoko ezagutzeko baliatuko dituzte, eta, horrez gain, 11 sagardotegik parte hartuko dute bisiten osteko bazkariak ematen. Gaurkoan [atzo] Zumaiara doazenez, gidak Urola Kostaz hitz egin die: zenbat herrik osatzen duten, eta zerk egiten dituen ezagun.

Tirriki-tarraka, baina igo da autobusa Santa Klara nekazaritza turismoraino: hango jabe Maite Mancisidorrek egin die harrera. Autobus gidariari buelta non eta nola eman laguntzera joan da, ez baita oso erraza, eta Cienfuegosek azalpenekin jarraitu du. «Gutxik ezagutzen dute leku hau, eta ikuspegi paregabea eskaintzen du: Itzurun eta Santiago hondartzak ikus daitezke, baita San Telmo ermita ere. Orain, beste aldera joango gara, eta ikusiko dugu geoparkearen beste partea».

Bisita, protagonisten ahotik

Cienfuegosek Santa Klara eraikinaz ere jardun du: «1902an Mancisidor Eizagirre familia ezarri zen arte, talaia izan zen, eta elizarena zen». Abeltzaintzan jardun zuten dozenaka urtetan, eta nekazaritza turismo gisa funtzionatzen du 2004az geroztik, Mancisidor eta haren ahizparen gidaritzapean.

Beste aldean zain dute Ainhoa Iribar, Getariako Maisor kontserba etxeko «produktu izarra» bisitariei dastatzen emateko prest: antxoa. Herriko arrantzaleek ekartzen dutenarekin egiten dituzte kontserbak: berdela, antxoa, hegaluzea eta sardinak, hurrenkera horretan. Duela ehun urte egiten zen modu berean prestatzen dituzte: «Heltzeko, antxoak zazpi hilabete behar izaten ditu gatzetan, eta, gero, banan-banan garbitzen ditugu eskuz». Iribarrek bezperan garbitutakoak ekarri ditu bisitara.

Bertsorik ez du bota, baina Euskal Sagardoa zigilua zerk desberdintzen duen azaldu die bisitariei Unai Agirrek, sagardogileen elkarteko kide gisa. «Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sagarrak erabiltzen dira Euskal Sagardoa egiteko: 115 sagar mota erabiltzen ditugu, nahiz eta 24 diren nagusienak». Antxoak eta sagardoa dastatu ostean abiatu dira Iparragirre sagardotegira, Hernanira.

Sagastietara eraman ditu bisitariak Arantxa Eguskitzak, zeina Iparragirre sagardotegiko jabeetako bat baita. Haien sagastiek zortzi hektarea hartzen dituzte, eta sagarrak biltzen dituztenetik zer prozesu betetzen duten azaldu du. Sagardotegian bertan, jantokiaren gainean, gune berezi bat atondu dute, museo gisa: dolare sagardotegia izanik, makina zaharrak gorde dituzte han, garai batean sagardoa nola egiten zuten erakusteko, eta, horrela, transmisioa bultzatzeko.

Bakailao tortilla, txuleta pixka bat eta, amaitzeko, txotx! hitzaren jatorria azaldu du Amaia Agirre elkarteko kideak: «Garai batean, iturriak jarri aurretik, upelen zuloak animalien gantzarekin estaltzen zituzten: sagardoa edateko txotxak erabiltzen zituzten, eta hortik dator hitza».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Alvaro Arrizabalaga—ezkerretik hasita bigarrena— bisitariei azalpenak ematen. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Lezetxiki, altxor arkeologikoa

Amaia Jimenez Larrea

Paleolitoko indusketetarako bereziki «garrantzitsua» da Lezetxiki. Bertara egin duten bisita gidatuari esker, bisitariek aztarnategiaren egoera ikusi ahal izan dute.

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Aktore asko goi maila artistikora iritsi dira umeentzako obrei esker»

Unai Etxenausia

Teatro Paraiso antzerki konpainiaren sortzaileetako bat da Lopez. Konpainia hori Gasteizko Abetxuku auzoan sortu zen, haurrentzako antzerkia egiteko. Singapur, Kanada, Norvegia... Mundu osoan zehar ematen dituzte antzezlanak.
Gazte batzuk sakelako telefonoa erabiltzen. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Euskal gazteek egunean ordu ugari pasatzen dituzte Instagramen

Urtzi Urkizu

11-17 urte artekoak egunean 23 aldiz sartzen dira aplikazioan, eta aldi bakoitzean, 26 minutuz

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.