ATZEKOZ AURRERA. Chuserra Barrios. Aragoiera hiztuna

«Aragoieran ez daukate erreferente bat euskara batuaren modukoa»

Azken erroldaren arabera, 25.000 hiztun inguru ditu aragoierak. Barriosen arabera, Aragoiko Gobernuak hizkuntza sustatzeko ematen duen laguntza ez da nahikoa: «Dena boluntarioa da».

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
2017ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Orain dela zazpi bat urte etorri zen Euskal Herrira Chuserra Barrios (Zaragoza, Aragoi, 1980). Aragoiera hiztuna da, eta argi zuen «inportantea» zela euskara ikastea. Hala, herriko AEKren euskaltegian eman zuen izena, Ondarroan (Bizkaia). «Gustatzen zait euskara, eta euskaltegian giro ona egoten da». Korrika Kulturalaren barruan, aragoiera-euskara topaketetan hizlari aritu zen, larunbatean, Ondarroako gaztetxean.

Imajinatzen al duzu aragoieraren aldeko Korrika?

Ahalegindu ginen, orain dela lau bat urte uste dut. Hasi ginen Korrika txiki bat egiten, martxa bat aragoieraren alde. Nik 3-4 urtetan egin dut; jende gutxik parte hartzen du, baina zerbait egiten dugu.

Duela bi urte Korrikan bertan egin zen aragoieraren aldeko kilometro bat, ezta?

Bai, ezagutzen dut parte hartu zuen jendea, Tarazonako [Zaragoza] jendea, Cascante inguruan [Nafarroa]. Eskola bat egiten dute aragoieraz, eta parte hartu zuten Korrikan. Nik orain dela bi urte Ondarroan parte hartu nuen, eta pozik. Gainera, gauez ikusi nuen lehenengo aldia, eta jende piloa egon zen.

Joan den abenduan, aragoiera presente izan zen Donostian, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa sinatzean. «Arriskuan» egoteak zer dakar berekin?

Orain dela bi hilabete, errolda bat atera zuten, eta hor esaten dute, gutxi gorabehera, 25.000 hiztun daudela. Bizitasuna, hala ere, inguruaren araberakoa da. Batez ere Huesca probintzian hitz egiten da, baina baita Zaragozako probintzian ere. Gauza interesgarria da azken erroldan esaten dela hiztun berrien ehunekoa hiriburuetan igotzen dela gehien, batez ere Zaragozan.

Zergatik hori?

Nire ustez, kontzientzia gehiago daukatelako. Pirinioetan, azkenean landa mundua oso zaila da, baliabide teknologikoak eta dena mantsoago iristen da...

Zuk, zaragozarra izanik, nola ikasi zenuen?

Egia esan, aragoiera Zaragozan galduta dago, baina, lexiko aldetik, pila bat hitz oraindik esaten dira. Nire familia beste herri batetik dator, eta han oraindik Zaragozan baino jende gehiagok hitz egiten du aragoieraz. Hasten zarenean eskola batean aragoieraz ikasten, konturatzen zara zuk hondar bat daukazula, zerbait daukazula.

Euskararen eragina jaso omen zuen aragoierak.

Pentsatzen da latina etorri aurretik, Aragoin, batez ere iparraldean, hitz egiten zela protoeuskara izan litekeen hizkuntza bat. Hori lexikoan igartzen da.

Adibidez?

Batez ere Anso bailaran —Nafarroako mugan—, aragoieraz hitz egiten da oraindik, eta, adibidez, aragoieraz marrubia fraga da, eta, han, Anson, magoria deitzen da.

Aragoieraren dialektoak eta euskararen euskalkiak. Konparatzerik ba al dago?

Aragoieraren dialektoak antzekoak dira euren artean; azken ikerketetan agertzen da bi dialekto bakarrik daudela. Euskararekin konparatuta, ez dauka zerikusirik: euskaraz oso markatuta daude. Arazoa da aragoieran ez daukatela erreferente bat euskara batuaren modukoa.

Saiakerarik egon da noizbait?

Gobernuak inoiz ere ez du bultzatu araudi bat aragoieraz idazteko. Ez da ofiziala, eta grafia ere ez. Orain dela urte eta erdi, gobernu berria sartu zenean, bultzatu zuen arau bat grafia definitzeko, eta orain departamentu bat dago: Hizkuntz Politikaren Zuzendaritza Orokorra. Orain dela bi hilabete aurkeztu zuen arau grafiko komun bat.

Charrar, hablar, parlar leloa du Aragoiko Gobernuak. Hizkuntza propiotzat ditu aragoiera eta katalana, baina maila berean daude?

Ofizialki, bai, Aragoiko hizkuntza propio moduan onartuta daude biak. Baina, bizitasunaren aldetik, aragoiera gehiago dago galduta katalana baino.

Aragoieraren Behatokiaren txosten batek dio 2014an gobernuak biztanleko bi zentimo gastatu zituela hizkuntza propioetarako.

Hezkuntzan, iparraldeko Aragoin aragoieraz ikas daitekeen 20-23 eskola daude, baina bakarrik ordu bat astean, eta eskolaz kanpo. Ez da nahikoa hizkuntzari eusteko. Gero, Luzia Dueso proiektua dago. Gobernuak ematen du dirua animazio ordu batzuk eskola batean egiteko. Adibidez, joaten dira musikari batzuk edo txotxongilo antzerkia egiten dute, aragoieraz.

Elkarte batzuek ere egiten dute lana: Zaragozan, Nogara dago; Huescan, Consello... Herrietan, ikastaroak ematen dituzte, baina dena boluntarioa da; ez dago diru laguntzarik. Literatura liburuak eta umeentzako batzuk ere ateratzen dira urtero, eta pila bat ikerketa. Baina hori ere, dena boluntarioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.