Pello Agirrezabal. Herrikide ikastetxeko zuzendaria

«Helburua da estrategiak eta lanabesak ematea ikasleei, kapaz izateko»

BERRIA.
arantxa iraola
2017ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Adimen emozionala. Erabiliaren erabiliz, kontzeptua maiztu ere egin dela uste du Pello Agirrezabal Tolosako Herrikide ikastetxeko zuzendariak (Urretxu, Gipuzkoa, 1967). Baina argi du: ezinbestekoa da eskola giroko elkarbizitzaz mintzatzeko. Hain justu, zimendu hori oinarri hartuta hasi ziren orain hamalau urte —herriko hiru itunpeko eskolak bat egin zuten sasoian—, elkarbizitzarako tresnak lantzen, eta egun Kide programan dituzte horiek bilduak. Eredu dira hainbatentzat.

Zein izan zen egun martxan duzuen programa horren hazia?

Hainbat ildo ipini genituen duela hamalau urte: nagusiki, adimen emozionala eta bizikidetza positiboa; horrez gain, metodologikoki adi egotea —puntan zein metodologia zeuden ikustea—; eta ikaskuntza kooperatiboa — egun asko entzuten da, baina garai hartan ez zen hain ohikoa—. Zortea izan genuen, garai hartan Gipuzkoako Foru Aldundiak arreta jarri zuelako adimen emozionalaren gaian, eta dirua ipini zuen trebakuntzarako. Irakasleok ikastaroak egin genituen, eta ikusi genuen jasotako hori onuragarria zela guretzat: bai familian, bai lagun artean, bai lanean... Ikasleekin landu behar zela ikusi genuen, baina ez zegoen horretarako era sistematizaturik. Jose Antonio Gonzalez adituarekin egin genuen lan, eta materialak sortzen hasi ginen: gure ikastetxean sortu ziren Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzarako, eta Laskorain ikastolan, DBHrako; gero, material hura aldundiak doan banatu zuen Gipuzkoako ikastetxe guztietan. Horrekin batera, adimen emozionala lantzen hasi ginen ikasgeletan; hasieran, tutoretza orduetan, baina gero ulertu genuen ezin zela hala egin, zeharkakoa zela. Hortik abiatuta heldu nahi izan genion gatazken kudeaketari.

Nola hasi zineten horretan?

Hemen, Tolosako kultur etxean,adostokien programa ezagutu genuen —Bilboko Zamakola ikastetxean zuten martxan—. Gure helburua inoiz ez da izan gatazkarik ez izatea; hori absurdo bat da. Bi pertsona dauden unetik, gatazkak egongo dira. Helburua da estrategiak eta lanabesak ematea ikasleei, haiek kapazak izan daitezen egoera horiei irtenbide egoki bat emateko, bai emozioen kudeaketaren aldetik, baita gatazkaren kaltea ordainaraztearen aldetik ere. Adostokietan, gatazka izan dutenak txoko horretara joaten dira, eta aho bat eta belarri bat egoten dira: ahoa duenak aurrena hitz egiten du, eta besteak entzun; gero, alderantziz. Oso inportantea izan da tresna hori adimen emozionala erabiltzeko: entzute aktiboa nola egiten den, mezuak nola ematen diren, enpatia, asertibotasuna... Eta, hain justu, ikusi genuen gatazka asko bideratzen zirela adostokietan.

Adostokiez aparte, bitartekarien figura ere badarabilzue. Hautuz sartzen dira ikasleak horretan, eta trebakuntza jasotzen dute arloan taxuz aritzeko...

Bai, izan ere, zenbaitetan adostokietan ikasleek ezin zuten adostasun bat lortu. Horregatik erreparatu genien bitartekaritza programei, eta bigarren hezkuntzarako prestatutako programa bat aurkitu genuen, baina LHko bosgarren eta seigarren mailako ikasleentzat ere moldatu genuen. Hartara, bigarren hezkuntzara heltzerako ibilbide bat eginda iritsiko ziren.

Bitartekarien zereginak handitu egiten dituzue bigarren hezkuntzan. Zein da haien funtzioa?

DBHn, behaketa lana ere badaukate: ikasleren bat jolastokian bakarrik dabilen, heldu berriren batek integratzeko laguntza behar duen... Halaber, ikusten badute ikasleren batek zailtasunak dituela bere burua antolatzeko, laguntzen diote. LHn horrelakorik ez dute egiten; DBHn zabalagoa da. Ez da, gainera, ikasleen artean bakarrik erabiltzeko tresna bat; ikastetxean erabili izan da bitartekaritza, adibidez, tutore baten eta ikasle baten artean... Horiez gain, bizikidetza behatokia daukagu. 11. ikasturtea du aurten; gurasoen, kale hezitzaileen eta irakasleen ordezkariak batzen ditu, eta hilean behin elkartzen dira, eskolako gatazken kudeaketaren inguruan aritzeko.

Ziberkide izeneko egitasmoa ere martxan duzue.

DBHko 4. mailako ikasleak dira: sare sozialez-eta trebakuntza jasotzen dute, eta gero ikasle gazteagoak tutorizatzen dituzte.

Gatazkak lantzen dituzue ikasleak ume direnetik. Baina ez dira guztiz desagertzen, ezta?

Ez dira desagertzen, ezin dira desagertu. LHko seigarren eta DBHko lehen mailan, adina ere kontuan hartu behar da: kuadrillek garrantzi handia hartzen dute...

Sumatzen da zuenean neurri horien guztien onura?

Praktiketara, esaterako, jende dezente etortzen da gurera. Gehienek esaten dute asko igartzen dela, irakasleetatik hasita, inplikazioa, lana, giro ona... Gu konbentzituta gaude adimen emozionalaren ondorioz dela. Aurten, esaterako, bigarren aldiz joan gara Mondragon Unibertsitateko Irakasletza Eskolara: 10-12 urteko ikasleak unibertsitatean azaltzen zer lan egiten duten elkarbizitzaren alorrean!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.