Ikurrinari «jazarrita», adierazpen askatasuna ukatzea egotzi diote Maiari

Protesta egin dute Iruñean, ikurrina ateratzeagatik sei laguni isuna jarri dietelako. Dei egin dute: «Ez utzi bigarren mailako herritartzat jotzen»

Iruñeko Udaletxe plazan atzo arratsaldean eginiko elkarretaratzea. IÑIGO URIZ / FOKU.
jon olano
2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Ekainaren 15ean, Iruñeko alkatetza eskuratu zuen Enrique Maia Navarra Sumako hautagaiak, eta, hiru aste geroago, sanferminetako txupinazoan, bando bat argitaratu zuen, Gazteluko eta Udaletxe plazetan oihal erraldoiak jartzea debekatuz. Egun horretan, ordea, hainbat laguni 150 ikurrin txiki konfiskatu zizkieten udaltzainek, eta sei laguni isuna jarri diete.

Ikurrinaren aurkako «jazarpena» salatzeko, elkarretaratze bat egin zuten atzo arratsaldean Iruñeko Udaletxe plazan bertan, Gure ikurren alde lelopean, eta prentsaurreko bat eman zuten elkarretaratzearekin batera. «Harrigarria dirudien arren, 2019ko irailean, oraindik ere, ikurrinaren jazarpenaren aurka eta ikurrinaren defentsan kalera atera behar dugu», kexatu ziren, eta gogora ekarri zuten UPNk Iruñeko alkatetzan aurreko legealdietan izandako politika: «Euskal identitatearen aurkako jarrerak ezagutu genituen. Eta badirudi horretan jarraitu nahi dutela».

Izan ere, nabarmendu zuten «Irun?earen zati handi bat ezkutatzen» saiatu zirela «urte luzez, milaka eta milaka iruindarrei mespretxu eginez», baina gaineratu zuten azken urteetan «ikur eta adierazpide anitzek lekua» izan dutela Nafarroako hiriburuan, «behar luketen normaltasunarekin. Zergatik ez da horrela izan azken jaietan?». Udaletxe plazara ikurrinak sartzen ahalegindu zirenetatik seiri, isunak jartzeaz gain, «desordena publikoak» egitea leporatu diete, baina akusazioa ukatu dute, eta salatu ikurrina bera kriminalizatzeko nahia dagoela.

Plazakoa ez zen izan uztailaren 6an txupinazoan izandako gertakari bakarra: udaletxeko balkoietako batean, Geroa Baiko eta EH Bilduko zinegotziak ikurrin bat zintzilikatu nahian ari zirela, Foruzaingoak indarrez galarazi zien hori egitea. Horregatik, Maider Beloki EH Bilduko zinegotziari egin zizkioten lesioak epaitegian salatu zituen koalizioak, eta Carmen Alba Navarra Sumako zinegotziak Joxe Abaurrea EH Bildukoaren aurka jo zuen, ostikadak jo zizkiolakoan.

Atzo, salatu zuten ikurrinaren kontra egitea ez dela soilik «ikur baten» aurka aritzea, ezta «identitate kontu soila» ere, baizik eta«demokrazia» auzi bat dagoela funtsean, banderak debekatzea «adierazpen askatasuna ukatzea» delako: «Aurtengo jaietan ez dugu onartu gure identitatea aitzakia harturik atzerapausoak ematea». Horregatik, herritarrei dei egin diete: «Ez utzi bigarren mailako herritartzat tratatzen. Ez utzi Irun?ea iragan grisera bueltatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.