Zuzenbide piriniotarrari buruzko jardunaldiak egingo dituzte Azpeitian

Nabarraldek eta Azpeitiko Udalak antolatu dituzte, ostiralerako eta larunbaterako. Etorkizunari begira «baliagarri» ote den aztertuko dute

Jardunaldien antolatzaileak, aurkezpen ekitaldian, joan den otsailean, Azpeitian. BERRIA.
gotzon hermosilla
2019ko martxoaren 27a
00:00
Entzun

Nabarralde elkarteak eta Azpeitiko Udalak (Gipuzkoa) antolaturik, Zuzenbide Piriniotarrari Buruzko II. Jardunaldiak egingo dituzte Azpeitian martxoaren 29an eta 30ean. Duela hiru urte gai beraren inguruan Agurainen (Araba) antolatutakoen segida izango dira oraingo jardunaldiak, eta haien helburua da «jatorria eta sustraiak kontuan hartuta gaur egungo gizartean zuzenbide piriniotar hark duen eragina» aztertzea. Lehenengo jardunaldiak Agurainen egin zituzten, 2016an; 60 lagun inguru bildu ziren han, eta horren helburua izan zen «materiala biltzea», Angel Rekalde Nabarraldeko zuzendaria dioenez: «Ikuspegi juridikotik egindako jardunaldiak izan ziren, oso akademikoak». Liburu bat argitaratu zuten han jasotako ekarpenekin.

Orain, bigarren jardunaldietan, planteamendua guztiz desberdina izango da, Rekaldek azaldu duenez: «Erreferentzia historikoak bildu ditugu, baina, gaur egun, zuzenbide piriniotar horretatik zer dago? Eta, batez ere, ba al du etorkizunerako interesik?»

Zuzenbide erromatarrarekin eta germaniarrarekin alderatuta, askoz ezezagunagoa da piriniotarra. Baina, Rekaldek azaldutakoaren arabera, «euskaldunok gure zuzenbide berezi eta propioa izan genuen, Pirinioetako lurralde osoan ezaugarri komunak izan zituena: Aragoi, Andorra, Katalunia eta abarretan. Erreferentziak badaude; esaterako, foruak zuzenbide horretan oinarriturik daude. Baina datu eta azterketa gutxi aurkitu dugu horren inguruan. Horregatik, gaia interesgarria iruditu zaigu beti».

Ohituretan oinarritua

Zaila da zuzenbide piriniotarra denboran kokatzea: «Zuzenbideko arauak idazten direnean, errazagoa da horri data jartzea, baina zuzenbide piriniotarra ohituretan oinarritzen da. Gure esparruan, forurik zaharrena Jakakoa da [1060. urte ingurukoa], geroago Lizarrara zabaldu zena. Baina foruen balioa da jendearen ohitura eta arauak idatzi egiten direla eta lege gisa onartzen direla; ohitura eta arau horiek lehenagotik datoz».

Beste zuzenbide tradizio batzuekin alderatuta, «jabego komunalari» ematen zaion garrantzia da zuzenbide piriniotarraren ezaugarririk behinena: «Zuzenbide horren ardatz edo filosofia komunitatea da, eta hori auzoan gauzatzen da. Hortik dator auzolana, batzarraren garrantzia eta abar. Guk hipotesi moduan planteatzen dugu zenbateraino laguntzen digun horrek erabakiak hartzeko, gure inguruko interesak zaintzeko tresna gisa».

Jardunaldien lehenengo atalean, arlo historiko eta juridikotik jorratuko dute gaia. Jose Luis Orella Unzue eta Jaume Renyer arituko dira horretan.

Bigarren egunean, berriz, horren garapena aztertu nahi dute. «Komunitatean oinarritutako hainbat esperientzia izan ditugu Euskal Herrian», esan du Rekaldek, «behetik gora antolatutakoak: ikastolen mugimendua, kooperatibak, gaztetxeak eta abar. Gure asmoa da atalka joatea eta esperientzia horiek zertan diren azaltzea. Gu ideia horrekin goaz jardunaldietara: ikusiko dugu hortik zer ateratzen den».

Feminismoa, euskalgintza, kooperatibak, gaztetxeak eta eredu horri jarraikiz antolaturiko beste zenbait esperientzia eta herri mugimendu aztertuko dituzte bigarren atal honetan. Amaia Nausia, Asisko Urmeneta, Mikel Lezamiz, Eneko Bidegain, Idoia Arrieta, Izaro Gorostidi, Hodei Mendinueta, Xubane Iza, Maite Azpiazu, Xabier Gantzarain eta beste zenbait arituko dira hizlari egun osoko saio horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.