Koronabirusa

EAJ prest dago Sanchezek proposatutako itunean parte hartzeko; EH Bildu, ez

Alarma egoera apirilaren 26ra arte luzatzea onartu du Kongresuak, eta Sanchezek uste du hamabost egun barru berriro luzatu beharko duela

Espainiako Kogresura 43 diputatu soilik joan ziren atzo. MARISKAL/ EFE.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek alarma egoera luzatzeari buruzko azalpenak eman zituen atzo Kongresuan. Neurri hori apirilaren 26ra arte luzatzeari oniritzia eman zioten ofizialki, aurreikusi bezala: alde bozkatu zuten PPk, Ciudadanosek, PSOEk, Unidas Podemosek, EAJk, Mas Paisek, Compromisek, CCk, UPNk, Foro Asturiasek, PRCk eta Teruel Existek; abstentzioaren alde egin zuten EH Bilduk, ERCk, Junts per Catalunyak eta BNGk; VOXek eta CUPek, berriz, aurka bozkatu zuten. Sanchezek atzo ohartarazi zuen uste duela hamabost egun barru alarma dekretua berriro luzatu beharko duela.

Hala ere, datorren asterako jarri zuen lehen zita Sanchezek. Moncloako Itun berria egiteko bilera batera deitu zituen alderdi politikoak, sindikatuak, patronala, autonomia erkidegoetako lehendakariak eta beste sektore batzuetako ordezkariak. COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondoren, Espainia «berreraiki» nahi du. Euskal alderdi nagusiek erantzun zioten proposamenari: EAJk atea ireki dio parte hartzeari; EH Bildu, berriz, ez da joango.

Sanchezek asmoaren berri eman zuenean, Aitor Esteban EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaileak esan zuen bere alderdiak «arduraz» jokatuko duela, eta prest daudela joateko «herritarren interesak jokoan» dauden lekuetara. Hala ere, ohartarazi zuen edozein akordiok kontuan hartu beharko dituela autonomia erkidegoak, eta itunari Moncloakoa deitzea arbuiatu zuen. EH Bilduren diputatu Oskar Matutek azaldu zuen ez direla egongo 1977an lortutakoen «berrargitalpena» diren itunean: «Helburu bakarra da ezkutuan uztea zentralizazio handiago baten aplikazioa eta eskuinaren politika neoliberalak, jendea ito eta haien eskubideak murrizten dituztenak».

Aitor Estebanek esan zuen alarma egoera luzatzea babestuko zuela EAJk, orain «garrantzitsuena» pandemia gainditzea delako, eta horretarako beharrezkoa baita zirkulazio eskubidea murriztea: «Hori alarma egoeran egonda soilik egin daiteke». EH Bilduk, berriz, abstenitzea erabaki zuen. Ezinbestekoak ez diren jarduerak geratzeko beharraz aritu zen Matute, eta esan zuen proposatutako neurriak ez direla nahikoak, «jende asko kutsatzeko arriskuan jartzen ari delako». Zehaztu zuen jarduera horiek geratuta egon behar dutela, osasun bermeak ez dauden bitartean. «Lehenengo bizi, eta, gero, lan egin. Pandemia geratzen dugunean soilik berreraiki ahalko dugu ekonomia». Sanchezek adierazi zuenez, orain kutsatzeak etxe barruan gertatzen dira.

Espainiako Gobernuak koronabirusaren krisiaren inguruan egin duen kudeaketaz ere aritu ziren. «Kolaborazioa eta kooperazioa ezinbestekoak» direla esan zuen Estebanek. Autonomia erkidegoen beharra azpimarratu zuen, eta neurriak hartu aurretik elkarrizketa gehiago eskatu: «Ezin dira gauza bat eta kontrakoa esan, eta kontsultatu gabeko eta ustekabeko erabakiak hartu egun batetik bestera». Alde horretatik, «erabaki errealistak» galdegin zituen: ez «nahasketa» eragiten dutenak, baizik eta «lasaitasuna» dakartenak.

Horri lotuta, Sanchezek ziurtatu zuen elkarrizketarako prest daudela, eta «leialtasuna eta batasuna» eskatu zituen behin eta berriz. Gainera, haren hitzetan, autonomia erkidegoek osasun arloan dituzten eskumenei eutsi diete, eta ez da «birzentralizaziorik» egon. Erantsi zuen erkidegoengan «konfiantza» duela, eta krisitik ateratako ikasketa bat dela «estatu autonomikoa indartzeko beharra».

Autokritika ere bai

Sanchezek goratu egin zuen gobernuak birusaren aurka egindako lana: «Europa guztia berandu iritsi zen, baina Espainia lehenago aritu zen». Osasunaren Mundu Erakundearekin egunez egun egindako lanaren berri ere eman zuen: «Espainia, hasiera-hasieratik, koordinatuta aritu da OMErekin eta Europako Batasunarekin». Osasun materialak kezka eragin duela eta, nabarmendu zuen egunero batez beste hegazkin bat iristen ari dela Espainiara baliabide horiekin. Birusa detektatzeko PCR probei dagokienez, berriz, ziurtatu zuen egunero 20.000 proba inguru egiten direla, eta «test gehien egiten duten herrialdeetako bat» dela. Kutsatu eta ospitaleratu berrien kurba egonkortzen ari dela ere azpimarratu zuen, «milioika espainiarren sakrifizioarekin eta osasun langileen lan ikaragarriarekin».

Hala ere, autokritikarako tartea hartu zuen: «Gaur dakigunarekin, atzo egindako gauza batzuk desberdin egingo genituzke». Eta honako hau erantsi zuen: «Gobernu hau autoexijentea, autokritikoa eta umila da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.