Albistea entzun

COVID-19aren kontrako laugarren dosia jartzen hasiko dira Hegoaldean

60 urtetik gorakoek, talde zaurgarriek eta osasun arloko profesionalek izanen dute txertoa hartzeko aukera. Gripea «goiz» iritsi da aurten
Adineko bat txertoa jartzen iragan urtean, Hendaiako txertaketa gunean.
Adineko bat txertoa jartzen iragan urtean, Hendaiako txertaketa gunean. GUILLAUME FAUVEAU Tamaina handiagoan ikusi

Isabel Jaurena - Oihana Teyseyre Koskarat -

2022ko irailak 17

Hego Euskal Herriko agintariek atzo adierazi zuten hilaren bukaeran hasiko direla koronabirusaren aurkako laugarren dosia jartzen. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzako Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren arabera, irailaren 26rako zehaztuko dute kanpaina nola antolatuko duten. Nafarroan, zahar etxeetan daudenak izanen dira txertoa hartuko duten lehenak: irailaren 26tik aitzina, 8.500 lagun inguruk hartu ahal izanen dute laugarren dosia. 60 urtetik gorakoak, talde zaurgarriak eta osasun arloko profesionalak izanen dira hurrengoak. Hiru talde horiek urriaren 10etik aurrera izanen dute laugarren dosia hartzeko aukera. Gainerako herritarrak txertatzea, berriz, ez dago aurreikusita.

Sagarduiren erranetan, Osakidetza, «beti bezala», prest dago txertaketa kanpainari aurre egiteko. «Garrantzitsuena da txertoak edukitzea, horiek banatu ahal izateko». Txertoak lortu bezain azkar, txertaketa prozeduren berri emanen du Osakidetzak, eta, denbora berean, zehaztuko du gripearen kontrako txertaketa nola iraganen den.

Carlos Artundo Nafarroako Gobernuko osasun zuzendari nagusiak adierazi zuen «komeni» dela txertoa hartzea, batez ere pertsona zaurgarriek. «Pentsatu nahi dugu bukaeran gaudela, eta badira aditu anitz hori diotenak, baina kasu, udazkenean edo neguan gorakada izaten ahal dugu eta».

Agintariek zehaztu dutenez, laugarren dosirako erabiliko diren txertoek orain artekoek baino babes «zabalagoa» izanen dute. Izan ere, orain arteko txertoak eritasunetik babesteko «ezinbestekoak» izan badira ere, «kutsatzeen prebentzioan ez dute eraginkortasun handia izan». Txerto berria, ordea, gai izanen da aurre egiteko bai birusaren aldaera ohikoari, bai omikronari eta haren azpialdaerei.

Ipar Euskal Herrian, iragan martxoan hasi ziren laugarren dosia jartzen; hasieran, zahar etxeetako egoiliarrei, immunodepresioa dutenei eta 80 urtetik gorakoei ireki zieten aukera. Apiriletik, 60 urtetik gorakoek jar dezakete laugarren dosia, eta uztailetik, herritar zaurgarriek.

Gripea heldu da

Artundok nabarmendu zuen ZIUetako egoerak hobera egin duela. Hain zuzen ere, atzo, Nafarroako erietxeetako ZIUetan ez zegoen COVID-19arekin ospitaleratutako pazienterik. Keinu baikortzat jo zuen datua, baina «zuhurtzia» eskatu zuen. «Bi urte luze hauetan ikasi dugun guztiaren ondoren, oso zuhurrak izan behar dugu, ez baitugu ziurtasunik. Ez dakigu nola funtzionatuko duen birusak udazkenean eta neguan. Espero dugu, ahots askok dioten bezala, amaieraren hasieran egotea», adierazi zuen.

COVID-19aren egoera hobera egiten ari bada ere, urtero bezala, gripearen birusa ere hedatzen hasia da. Adituek ikusi dutenez, ohiko epeak baino «lehenago» heldu da Euskal Herrira aurten. Itziar Larizgoitia Osakidetzako Osasun Publikoko zuzendariak Radio Vitoria irratian egindako elkarrizketan adierazi zuen «inoiz baino goizago» heldu dela, eta «goia jo» duela udan.

Zehaztu du aurten gripearen segipen zorrotzagoa egiten ari direla urte osoan, eta ez dutela aurreko urteetako daturik udako kutsatzeak alderatu ahal izateko. Dena den, susmoa dute lehenago iritsi dela, eta hipotesi bat dago horren esplikatzeko: «Litekeena da COVID-19aren ondorioz unibertso birikoan gertatu diren aldaketek eraldaketak eragin izana beste birus batzuen portaeran».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea gaurko prentsaurrekoan ©Irekia

Zupiriak esan du Osakidetzaren lan ildoarekin «erresistentzia» agertzeagatik izan direla kargugabetzeak

Edurne Begiristain

Gotzone Sagarduik Eusko Legebiltzarrean agerraldia eskatu du, Donostialdeko ESIaren egoera azaltzeko.

Donostiako ospitalaren atarian gaur goizean egindako protesta bilkura ©Javier Etxezarreta / Efe

Donostia ospitaleko 150 langile inguru batu dira gaur ESIko zerbitzuburuen elkarretaratzera

Edurne Begiristain

Osakidetzaren eta Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa salatzeko protesta bilkura jendetsua egin dute goizean ospitaleko atarian. ESIko zerbitzuburuek arratsaldean eskainiko dute prentsaurrekoa.

Duintasunaren Kolunbarioa inauguratu zuten uztailean, Urduñako hilerrian ©Monika Del Valle / FOKU

Urduñako espetxe frankistako hogeita hamar presoren gorpuzkiak aurkitu dituzte herriko hilerrian

Berria

Aranzadi zientzia elkartea ari da desobiratze lanetan. Gogora Institutua biktimen senideekin harremanetan jarri da.

Senperen izandako atxiloketak salatzeko manifestazioa, ekainean. ©Guillaume Fauveau

Senpertar gazte bat Paueko polizia etxera eraman dute etxe agentzietako pintaketen harira

Berria

Senpereko gazte bat Baionako polizia etxera konbokatu dute goizean, eta handik Pauera eraman dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.