Fijait fitxategia auzitan jarri dute Peio Hirigoienen kontrako epaiketan

Euskal preso oihari gutxienez 800 euroko isuna ezartzeko eskatu du Baionako prokuradoreak. Urriaren 16an emanen dute erabakia

Elkarretaratzea egin zuten atzo Baionako auzitegi aitzinean, Peio Hirigoieni sostengua erakusteko. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2018ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Baionako auzitegian deklaratzera deitua zen atzo arratsaldean Peio Hirigoien euskal preso ohia, Fijait arau-hauste terroristen egileen Frantziako fitxategi judizial automatizatuan izendatu ondotik ezarri zizkioten neurriak ez betetzeagatik. Haren bizitza pribatu eta familiarra oztopatzen dituela deitoratu zuten hura defendatzera joandako sei abokatuek, eta neurria konstituzioaren aurkakoa dela; kasua Parisko kasazio auzitegira bidaltzeko eskatu zuten, baina epaimahaiak ez zuen onartu. Samuel Vuelta Simon prokuradoreak, berriz, Fijaiten neurriak ukatzeak Hirigoienen bergizarteratzeko borondate falta erakusten duela adierazi zuen, eta, horregatik, gutxienez 800 euroko isuna ezartzeko eskatu zion epaileari. Urriaren 16an emanen dute erabakia.

2015eko urtarrilean Charlie Hebdo aldizkariaren kontra izandako atentatuen ondotik egin zuten zerbitzu sekretuen legean onartu zuen Frantziako Asanbleak Fijaiten sorrera, eta 2016ko udazkenean salatu zuten euskal presoak eta preso ohiak fitxategian sartzen zituztela ohartarazteko jakinarazpenak jasotzen hasi zirela. Horien artean zen atzo lekukotasuna eman zuen Eñaut Aramendi; urte oso batez pairatu zituen kontrol neurri zorrotzak. Astean behin baino gehiagotan joaten da Hego Euskal Herrira: «Hamabost egun lehenago abisatu behar da Frantziako mugetatik aterako garela. Nire kasuan, ezinezkoa zen. Ardura zuen poliziarekin posta elektronikoz komunikatzea erabaki genuen, bientzat errazagoa baitzen». Urte bat geroago, eta neurriak kenduta, polizia horren karta atxikitzen du edozer gerta; «orain ohartzen naiz niregan izan duen eragin psikologikoaz».

Xavier Crettiez Versailleseko unibertsitateko irakasleak ere eman zuen lekukotasuna; «terrorismo» islamiarra eta nazio askapenerako jarduera armatuak, biak ikertu izan ditu. Oroitarazi zuen Euskal Herrian bide armatuak baztertu dituztela eta ez dela itzultzeko aukerarik. «Ez dute batak bestearekin zerikusirik; alta, Fijait fitxategiak parekatzen ditu», deitoratu zuen. Jose Ramon Arano euskal preso ohiaren kasua aipatu zuen: jendarmeriara jakinarazpenaren bila joan zenean, «erradikalizazio islamiko» baten arriskua zuela erran zioten. Prokuradorearen arabera, ETAk jarduera armatua utzi badu ere, higiezinen espekulazioaren kontrako ekintzak oraindik gertatzen dira, eta, beraz, justifikatua da Hirigoien Fijait fitxategian sartzea, ekintza horiegatik kondenatu baitzuten.

Konponbiderako urratsak

150 pertsona elkartu ziren Baionako epaitegi aitzinean Hirigoieni sostengua erakusteko. Jokin Etxebarria preso eta iheslari ohien ordezkariak Fijait salatu eta konponbiderako urratsak eskatu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.