«Biktima guztiei» ahotsa emateko eskatu dute Foro Sozialaren jardunaldietan

Foro Sozialak eta ICIPek ETAren bi biktima eta Espainiako Estatuaren eta GALen beste bi elkartu dituzte Bartzelonan egindako topaketetan

Andoni Txasko, Rosa Lluch, Robert Manrique eta Axun Lasa, atzo, Bartzelonako Kazetarien Elkargoan. BERRIA.
Maider Galardi
2019ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Ikasturtea amaitzeko, askotariko biktimen topaketak antolatu dituzte Foro Sozialak eta ICIP Institut Catala Internacional per la Pau elkarteak, Bartzelonan azken bi egunetan. Herenegun, Kataluniako Parlamentuan izan ziren ETAren eta Espainiako Estatuaren biktimak, eta, atzo, Bartzelonako Kazetarien Elkargoan solasaldia egin zuten Robert Manriquek Hipercorreko atentatuko ETAren biktima—, Rosa Lluchek—ETAk hildako Ernest Lluchen alaba—, Axun Lasak —GALek hildako Joxean Lasaren arreba—, eta Andoni Txaskok 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko gertakarien Espainiako Estatuaren biktima—. «Elkar entzuteko eta beste biktimen errealitatea ezagutzeko», baliagarriak izan dira topaketak, antolatzaileen arabera, eta euskal gatazkaren ondorioak «gainditzeko» saio horiek duten garrantzia goraipatu du Foro Sozialak. «Biktima guztien ahotsa» entzuteko eskatu zuten han bildutakoek.

Kristian Herbolzheimer ICIPeko zuzendaria izan zen saioaren gidaria. Biktima bakoitzak izan zuen bere esperientzia kontatzeko aukera, eta, ondoren, bizipen horietatik abiatuta gogoeta egin zuten elkarbizitzaren eta elkar entzutearen garrantziaren inguruan. Lau parte hartzaileek esan zuten garrantzitsua dela elkar ezagutu eta besteen istorioen berri jakitea.

Lasak Glencreeko topaketak ekarri zituen gogora 2007an abiatu eta 2012an atera zituzten argitara Eusko Jaurlaritzak abiatutako askotariko biktimen arteko solasaldi horiek—: «Han, zerbaiten kontra egoteari utzi nion, eta gauza askoren alde egoten hasi nintzen». Bestea entzutea «mingarria» izan daitekeela ohartarazi zuen Lasak, baina beste biktimekin egoteak «asko betetzen» duela ere salatu zuen.

Manriquek azpimarratu zuen ETAren biktimez gain badirela beste jatorri batzuetako biktimak ere, «baita [Espainiako] Estatuaren delituzko ekintzen biktimak ere». Guztiek eskubide berak dituztela nabarmendu zuen, baina denek ez dutela aitortza bera.

Bide beretik jo zuen Lluchek ere. Haren ustez, beharrezkoa da «biktima guztien ahotsa» aintzat hartzea. Lanbidez historialaria da Lluch —irakaslea Bartzelonako Unibertsitatean—, eta gatazken ostean «kontaketek duten garrantzia» handia dela ohartarazi zuen: «Kontakizunak egiteko denbora asko behar da. Ezinezkoa da presaz aritzea». Bartzelonako esperientziaz ere jardun zen: «Oso positiboa da bizi izan duguna. Ikusi dugu gure minetan eta sufrimenduetan antzekotasunak daudela».

«Estereotipoak aldatu» zaizkiola aitortu zuen, bestalde, Txaskok: «Nire kasuistika pertsonaletik atera naiz, eta beste biktimengana hurbildu. Hori askatzailea izan da».

Topaketen garrantzia

Nor bere bizipenetatik abiatuta, elkar entzuteko eta ulertzeko ariketa egin zuten atzo, Bartzelonan. Gainera, mahai inguruan ez ezik, publikoan ere izan ziren GRAPOren, ETAren eta Estatu Islamikoaren biktimak. Sortutako giro «positiboagatik», solasaldiek duten garrantzia goraipatu zuen Agus Hernan Foro Sozialeko bozeramaileak: «Eskertzekoa da biktimen ekarpena. Bake prozesuetan ez da ohikoa hain argi hitz egitea, eta, horregatik, itsasargia dira elkarbizitzaren eraikuntzan». Tasio Arrizabalaga Foro Sozialeko kideak ere bat egin zuen: «Sufrimenduak elkartu ditu lagun hauek; horregatik dute asko emateko, eta guk, berriz, asko ikasteko. Oraindik egiteko dagoen bidea zein den ikusteko ere baliagarria izan da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.