Begoñako hilerrian 5.000 gorpu topatzea espero du Aranzadik abendurako

Hasierako aurreikuspena 1.000 gorpu inguru aurkitzea zen, baina 2.926 topatu dituzte dagoeneko. Baliteke beste 2.100 gorpu egotea oraindik

Begoñako hilerria iazko urrian, lanak hasi berritan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2022ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
5.000 gorpu. Bilboko Begoñako hilerrian urte hasieran uste baino bost bider gorpu gehiago egongo direla uste dute. Hala jakinarazi zuen atzo Aranzadi Zientzia Elkarteak, Bilboko Udalarekin batera egindako agerraldian. Parke bat egin nahi du udalak hilerriaren lekuan; horregatik ari dira ikertzaileak indusketak egiten. Dagoeneko lursailaren erdia baino gehiago aztertu dute, eta orain zuhaitz batzuk kenduko dituzte ikertzeko geratzen den lekuan, uste dutelako azpian gorpu ugari geratzen direla.

«Sumatzen genuen proiektuaren eskala, baina ez genekien hainbestekoa hartuko zuenik», adierazi du Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Saileko zinegotziak. XIX. eta XX. mendeetan hobiratu zituzten bertan gorpuak, lurra Begoñako antzinako errepublikaren parte zenetik hasita. 2006an zarratu zuten, eta lur sail horren iragana azaleratu du orain ikerketak.

Ikerketaren lehen faserako 325.000 euroko aurrekontu bat onartu zuten, eta urrian ekin zioten lanei. Aurkitutakoa uste zen baino handiagoa denez, beste aurrekontu bat onartu dute orain bigarren faseko lanak egiteko, 570.000 eurokoa. 2.926 gorpu aurkitu dituzte oraingoz, eta Aranzadikoek uste dute oraindik 2.100 ateratzeko daudela. Hilerrian dauden zuhaitzen azpian daudela uste dute. Arbolek ez dute balio botaniko handirik, ordea, eta bakarra baino ez dute mantenduko.

Anartz Ormaza Aranzadiko kidea da ikerketa proiektuaren koordinatzailea, eta, azaldu duenez, geruzaka antolatuta daude gorpuak hilerrian. Erregistroek eman zieten pista, eta horregatik ondorioztatu zuten maila bi zeudela. Azkenean, baina, kanposantuaren zenbait eremutan bost geruza aurkitu dituzte. Ustekabeko aurkikuntzek baldintzatu dute ikerketa, eta, lanak urte amaierarako amaituta egotea espero duten arren, epea kalkulatzea zaila dela uste dute ikertzaileek.

Iritzi bera azaldu du udaleko zinegotziak ere: «Seguruenik indusketaren azken faseak eta parkearen diseinurako lehiaketa aldi berean egingo ditugu, baina, ikusita zelako aurkikuntzak egiten ari garen, denbora igaro ahala erabaki beharko dugu».

Hobiek zer esaten duten

Topatutako gehienak banakako lurperatzeak badira ere, hainbat hobi komun ere aurkitu dituzte. Esanguratsuenak Lehen Karlistaldikoa eta 1936ko Gerrakoa izan dira. «Kuriosoa da, bietan kopuru bera aurkitu genuelako, 46 pertsona, nahiz eta 100 urteko tartea egon haien artean», azaldu du Aranzadiko ikerlariak.

Beste hobi komunetako bat izurrite baten ondorio izan zela uste dute. XIX. mendearen amaierakoa da, haien kalkuluen arabera, eta, «seguruenik», kolerak eragindako hildakoena. Baliteke laugarren hobi komuna izatea hilerriko gorpu zaharrenak dauzkana. XIX. mendearen hasierakoa da, eta 60 gorpu dauzka; gehienak, gizonezkoenak. Han aurkitutako zortzi marabeditako txanpon batek lagundu die adina kalkulatzen ikertzaileei.

Yolanda Diez Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak esan du monumentu bat egingo dutela Derioko hilerrian Begoñakoak omentzeko. Familiek oraindik aukera dute gorpuzkiak berreskuratzeko; gainerakoak erre egingo dituzte, eta Derion gorde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.