Legebiltzarrak eskatu du Altsasuko gazteak libre uzteko epai irmoa izan arte

EAJren, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen babesarekin, Eusko Legebiltzarrak legez besteko proposamen bat onartu du auziaren harira

Altsasuko auziko gazteen gurasoek agerraldi bat egin zuten Eusko Legebiltzarrean joan den urrian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Maider Galardi
2019ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak legez besteko proposamen bat onartu du Altsasuko auziaren harira zigortutako zortzi gazteen errugabetasun presuntzioa errespetatzeko eskatzeko eta, bide judiziala amaitu artean, espetxean dauden zazpi lagunak askatzeko eskatzeko. Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean aurkeztutako adierazpena onartu dute EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, eta segurtasun juridikoa eta legezkotasun printzipioa bermatzeko ere eskatu dute. PSEk eta PPk aurka bozkatu dute.

Behin-behineko espetxealdia eteteko eskatu dute hiru alderdiek, kontuan hartuta gazteek dagoeneko «bolada luzea» daramatela espetxean, eta zigorrak «gehiegizkoak» direla. Hain zuzen ere, Altsasuko Gurasoek oroitarazi dute Adur Ramirez de Aldak, Jokin Unamunok eta Oihan Arranzek 27 hilabete daramatela espetxean. Iñaki Abad, Jon Ander Cob, Julen Goikoetxea eta Aratz Urrizola, berriz, joan den ekainetik daude kartzelan. Bi eta hamahiru urte bitarteko zigorra jarri zien orduan Espainiako Auzitegi Nazionalak. Ainara Urkijo da aske dagoen auzipetu bakarra. Zigorren aurrean, helegitea jarri zuten gazteek, eta, orain, epaia berrikusten ari da Auzitegi Nazionala.

Eusko Legebiltzarrean adostutako adierazpenean, ordea, hiru alderdiek adierazi dute «kezka» dutela epaiaren berrikuspen saioekin: «Litekeena da instrukzioak, ahozko ikustaldiak eta epaiak berak defentsarako eskubide legitimoa urratu izana». Besteak beste, azaldu dute Amnesty Internationalek dagoeneko salatu duela hori. Hala nabarmendu du Iñigo Martinez Elkarrekin Podemoseko eledunak: « Justiziak, batzuetan, kode postalaren arabera funtzionatzen du». EH Bilduko Julen Arzuagak ere salatu du tabernako liskar bati «tratamendu juridiko, politiko, polizial eta mediatikoa» eman diotela.

Zigor neurrigabea

Hori dela eta, legebiltzarrak onartutako proposamenean adierazi dute Altsasuko gazteek jasotako zigorrak «neurrigabeak» direla, eta «diskriminazioaren astungarria» aplikatu izana arbuiatu dute. Azpimarratu dute, gainera, ez daudela ados auzia Auzitegi Nazionalean epaitu izanarekin. Horregatik, eskatu dute espetxean dauden zazpi gazteak aske uzteko bide judiziala behin betiko amaitu bitartean.

PSEk eta PPk, berriz, adierazpenaren aurka bozkatu dute. Rafaela Romero PSEko legebiltzarkideak babesa adierazi die gau hartan «erasotako» guardia zibilei eta haien bikotekideei, baina ohartarazi du prozesu judiziala «hasieratik kutsatu» zela, terrorismo gisa izendatu zelako gertakaria, nahiz eta «hala ez izan». Guardia zibilei babesa emateaz gain, justiziaren «independentzia» defendatu du, bestalde, PPko Carmelo Barrio legebiltzarkideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.