Altsasuko gazteek auzia salatzen jarraitzeko eskatu diote diputatu talde bati

EAJ, EH Bildu, ERC, En Comu Podem eta Unidos Podemoseko bost diputatuk bisita egin diete Altsasuko zazpi gazteei Zaballako espetxean

Bost diputatuak, atzo, Zaballako espetxetik irten ostean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2019ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Gogotsu eta indartsu topatu dituzte. EH Bilduko Marian Beitialarrangoitiaren arabera, Altsasuko gazteek «poza eta indarra transmititzen dute». EAJko Joseba Agirretxeak, berriz, «prestatuta eta orekatuta» ikusi ditu, «herrarik eta gorrotorik gabe». Bi diputatuok, Gabriel Rufianekin (ERC), Maria Sibinarekin (En Comu Podem) eta Alexandra Fernandezekin (Unidos Podemos) batera, Zaballako espetxean izan ziren atzo, Altsasuko zazpi gazteak bisitatzen. Espetxea Altsasutik hurren izanagatik eta zazpiak elkarrekin egonagatik, gazteek kezka bat helarazi zioten diputatu taldeari: «Zigorra 50 urtetik hamahirura jaitsi izan delako, beldur ziren ea jendeak ez ote dien babesteari utziko. Eskatu digute auzia salatzen jarraitzeko, bidegabekeria bat baita», laburbildu zuen Sibinak.

Egunak aurrera doaz, eta, jada, Adur Ramirez de Aldak, Oihan Arnanzek eta Jokin Unamunok gaur 838 egun beteko dituzte espetxean; gainerako lau gazteek—Jon Ander Cobek, Aratz Urruzolak, Iñaki Abadek eta Julen Goikoetxeak— lau hilabete daramatzate preso. Urtarrilean, auzia berriz aztertzeko saioa egin zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretoak, eta epaia laster helduko dela aurreikusten da.

Testuinguru horretan joan ziren Zaballako espetxera bost diputatuak. Auziaren neurrigabekeria salatzearekin batera, Beitialarrangoitik gazteek espetxean egin duten egun kopuru handia azpimarratu zuen. Azken batean, oraindik ere ez dago epai irmorik, eta badaezpadako espetxealdia ezarri die Auzitegi Nazionalak. Beste kasu batzuen aldean salbuespena dela salatu zuen Beitialarrangoitiak. «Ez dira arrisku inorentzat, eta espetxean daude; aldiz, hiltzen ahalegindu eta gero, Izarren aitak kalean itxarongo du auzibidea amaitu arte, eta Iruñeko bortxatzaileek kalean itxarongo dute epai irmoa izan arte. Haiek bai direla arrisku». Neurri horiekin, Altsasuko gazteei bizi proiektu bat eraiki ahal izatea eragotzi eta hautsi egin nahi dietela deritzo.

Joseba Agirretxea diputatu jeltzaleak auziaren izaera politikoa salatu du. «Taberna hartan gertatutakoa gertatu zelarik, ez zen inondik ere terrorismo, eta, ondorioz, Iruñean epaitua izan behar zen». Agirretxearen arabera, Iruñean epaiketa egin ahal izateak gertaeren araberako zigorra ezarriko zuen, «baina norbaitek erabaki zuen terrorismo izatea nahi zuela». Auzia Auzitegi Nazionalera heltzeak ahalbidetu zuen zigor eskaerak hain handiak izatea, nahiz eta, gero, epaiak hasierako terrorismo delituaren akusazioa kendu.

«Nor izango da hurrena?»

Katalunian Altsasuko auziari interes handiz erreparatu diote, prozesu subiranistaren aurkako auzibidearekin alderatu dutelako. Gabriel Rufian ERCko diputatuaren arabera, ez da halabeharra bi kasuetan espetxe zigor handiekin erantzun nahi izatea Espainiako justizia sistemak: «Uste duenak hor amaituko dela dena, oker dago. Estatuaren gainbeheraren eta erreakzio atzerakoiaren isla da. Argitzeko geratzen zaigun galdera bakarra da nor izango den hurrengoa». Hori dela eta, Rufianek egoera salatzera dei egin du. «Batez ere, Espainiako ezker koldarrari egiten diot dei, beti isilik geratzen baita ez dakit non boto batzuk irabazteko».

Diputatuen arabera, gazteek hasierako egoerari buelta ematea lortu badute ere, oraindik ere ez dute ulertzen bizitakoa. «Niretzat izugarria izan da. Ama naiz, eta nire semeetako bati ere gerta zekiokeen. Surrealista da halakorik gertatzea», esan zuen Sibinak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.