'Katerik gabe katean' leloa izango du Emakunderen Martxoaren 8ko kanpainak

Gaurtik martxoaren 10era egingo dute kanpaina. Emakumeen eskubideak defendatu dituzten belaunaldien topagunea izatea nahi dute

Landaida eta Elordi, Emakunderen Martxoaren 8ko kanpaina aurkezten, atzo goizean, Gasteizen. EMAKUNDE.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Katerik gabe katean. Lelo horixe aukeratu du Emakundek Martxoaren 8ra begira egingo duen kanpainarako. Atzo aurkeztu zuten, Gasteizen, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak eta Zuriñe Elordi idazkari nagusiak. Kanpaina gaur hasiko da, eta martxoaren 10ean amaitu.

Landaidak azaldu du lelo horren bidez erakutsi nahi dutela berdintasunaren eta emakumeen eskubideen aldeko lana «atzetik datorren kate bat» dela. Iraganean eskubideak lortzen eta berdintasunaren aldeko urratsak egiten aritu diren emakume guztiei omenaldi bat egiteaz gain, belaunaldi berriei dei egin nahi diete kateari jarraipena eman diezaioten eta emakumeen ahalduntzea indartzen jarraitu dezaten. «Kanpaina belaunaldien arteko topagune bihurtu nahi dugu, emakumeen eskubideen aldeko balioak transmititzeko leku bat», erantsi du Landaidak. Izan ere, Emakundek argi du transmisioa «ezinbestekoa» izango dela «gizarteak aurrera egiteko eta berdintasun espazioak irabazten jarraitzeko».

Berdintasunarekin eta emakumeen eskubideekin lotutako zenbait urteurren ere ekarriko dituzte gogora aurten; esaterako, Pekingo Adierazpen eta Ekintza Plataformaren 25. urteurrena, Berdintasunerako Euskal Legea onartu zeneko 15. urteurrena eta Garapen Iraunkorreko Helburuak onartu zireneko 5. urteurrena. Landaidak nabarmendu du lehenengo hura izan zela emakumeen eskubideak sustatzeko mundu mailan inoiz izan den planik aurrerakoiena, eta emakumeen ahalduntzean funtsezko estrategia gisa aurkeztu zutela. Bigarrengoa, berriz, «EAEko berdintasun politiken aurrerapenean mugarria» izan zela iruditzen zaio, eta berrienak «genero berdintasuna eta emakumeen eta nesken ahalduntzea» duela helburu.

Azpimarratu duenez, urteurren horiek bat egiten dute aldarrikapen feministen gorakadarekin, bereziki gazteen artean, «azken bi urteetako Martxoaren 8ko mobilizazioetan argi geratu denez». «Iraganarekin lotzen gaituen eta etorkizunera begira proiektatzen gaituen kanpaina aurkeztu nahi izan dugu, jarraitu behar duen katea irudikatuz», erantsi du Landaidak.

Era berean, Elordik iragarri du Emakundek aurten parte hartuko duela NBE Emakumeak erakundeak bultzatutako kanpainan, Berdintasunaren belaunaldia: emakumeen eskubideen eta etorkizun berdinzale baten alde leloa darabilen horretan. Azaldu duenez, horren bidez, duela bi hamarkada baino gehiago Pekingo Ekintza Plataformaren sorreran «ezinbestekoak» izan ziren ekintzaileak eta belaunaldi berrietakoak biltzen ari dira.

Hasteko prestatuta

Prest dute guztia bihar kanpainari ekiteko. Elordik esan duenez, kanpoko euskarrietan, komunikabideetan eta sare sozialetan egingo dute kanpaina, eta kartelak, irratiko iragarkiak, banerrak eta bideo bat izango ditu. Dagoeneko bidali dituzte 8.000 kartel inguru, besteak beste, ikastetxeetara, erakundeetara, osasun zentroetara, elkarteetara, enpresetara eta liburutegietara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.