Hotelek pandemia aurreko betetze mailak gainditu dituzte uztailean

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hotelen betetze tasa %72 izan da joan den hilabetean. 383.186 sarrera zenbatu dituzte, eta 766.020 gaualdi

Turista batzuk Bilboko kaleetan, uztailean. LUIS TEJIDO / EFE.
Irune Lasa.
2022ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Uda honetan turismoa sasoi betean dagoela erakusten dute hotelek uztailean izandako datuek; atzean gelditu direla COVID-19ak eta pandemiari aurre egiteko neurriek bisitari kopuruan ekarritako murrizketak. Are gehiago, aspaldiko kopururik handienak izan dira sarreretan eta gaualdietan, eta pentsa daiteke uda honek hainbat marka hautsiko dituela bisitari kopuruetan eta betetze mailetan.

Eustaten arabera, iazko erdipurdiko kopuruak aise gainditu dituzte aurten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hotelek. Sarreren kopurua iazko uztailekoa baino %31,2 handiagoa izan da, eta gaualdiak %34,8 gehiago izan dira landetxeak eta apartamentuak ez diren ostatuetan.

Urte arteko igoera horiek handiak izanda ere, ezin da ahaztu iazko uztailean turismoak oraindik gogotik igarri zituela pandemiari aurre egiteko neurrien ondorioak. Horren erakusgarri, hotelen betetze tasa %57,6 izan zen iazko uztailean eta, aurten, berriz, tasa %72ra iritsi da.

Hotelen betetze mailak, hori bai, pandemia aurreko datuak ere gainditu ditu uztail bero honetan. 2019ko uztaileko %71,1eko betetze tasa ere azpian uzteraino. Establezimenduen betetze maila gelaka neurtuta ere, %80,76 tasarekin, sarrerek 2019ko uztailekoak (%80,34) gainditu dituzte.

Bi eguneko egonaldia

Batez besteko egonaldia ere igo egin da, bi egunera; iaz, 1,95 egunekoa izan zen. Hala ere, ez da gainditu pandemia aurreko (2019) 2,11 eguneko batez besteko egonaldiaren marka.

Bidaiarien jatorriari dagokionez, hotelek Hego Euskal Herriko bezero gutxiago izan dituzte iaz baino: 5.121 sarrera gutxiago. Iazko uztaileko sarreren %14,2 izan ziren Hegoaldeko euskal herritarrenak, eta, aurten, soilik %9,5.

Atzerritarrei dagokienez, Espainiako eta Frantziako estatuetatik etorri dira aurtengo bidaiarien %60,6. Eta gainerako herrialdeetatik, batez ere AEBetako jatorriko sarrerak (21.634), britainiarrenak (15.287) eta Herbehereetatik etorritakoenak (14.864).

Hotel establezimenduetan sarreren %45,4 Bizkaian (174.259 bisitari) izan dira, %41,1 Gipuzkoan (157.360) eta %13,5 Araban (51.567 bisitari). Hala ere, gaualdietan Bizkaia eta Gipuzkoa pareko gelditu dira, 336.969 gaualdien %44narekin. Hiriburuetan, bisitari gehien Bilbok izan ditu, 116.237 sarrera zenbatuta, eta Donostiak 89.833. Gasteizko establezimenduetan, berriz, 37.905 sarrera kontatu dira uztailean.

Ostatu hartzeagatik ordaindutako prezioetan, hotelen eta antzeko establezimenduen eguneko batez besteko tarifa 118 euro ingurukoa izan da uztailean Araban Bizkaian eta Gipuzkoan, iazkoa baino %26,7 garestiagoa.

Gipuzkoan izan da batez besteko tarifarik garestiena: 150 euro —97 euro Bizkaian, eta 83 Araban—. Hiriburuetan, aldeak handiagoak izan dira: Donostia gailendu da (194 euro); Bilbon, 107 eurokoa izan da, eta Gasteizen, 70,5 eurokoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.