Pablo Gonzalez kazetariak preso jarraituko du, haren helegitea baztertu ostean

Rzeszowko Apelazio Auzitegiak ebatzi du espetxean jarraitu behar duela. Otsailaren 28an urtebete beteko da Polonian preso hartu zutenetik

Pablo Gonzalez kazetaria, erreportaje bat egiten, Ukrainan. RSF.
Xabier Martin - Jon O. Urain
2023ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Pablo Gonzalez euskal kazetariak (Mosku, 1982) espetxean jarraituko du, Polonian. Espetxealdia luzatzeko erabakiaren aurka helegitea jarri zuen haren abokatu Gonzalo Boyek, baina, atzo, Poloniako Rzeszowko Apelazio Auzitegiak ebatzi zuen helegite hori baztertzea, eta, beraz, Gonzalezek espetxean jarraituko du.

Zygmunt Dudzinski auzitegiko bozeramaileak jakinarazi du Apelazio Auzitegiak Przemyslko Auzitegiaren ebazpena berretsi duela, eta gogorarazi beste hiru hilabetez luzatu ziola kartzelaldia Gonzalezi, otsailaren 23ra arte. Espetxealdia luzatu zioten hirugarren aldia izan zen hura.

Gonzalez iazko otsailaren 28an atxilotu zuten, Errusiak Ukrainari egindako erasoak sortutako errefuxiatu krisiaren berri ematen ari zela. Errusiako zerbitzu sekretu militarrarentzat lan egitea leporatzen diote, eta hamar urteko kartzela zigorra jar diezaiokete horregatik.

Radomgo espetxean dago Gonzalez, eta atxilotu eta zortzi hilabetera jaso zuen senideen lehenbiziko bisita. Kazetari espetxeratua «fisikoki eta animo aldetik» ondo dagoela jakinarazi zuen iazko azaroaren amaieran haren bikotekide Oihana Goirienak. «Hilabete hauetan guztietan bere haurrei eta senideei gertatutako guztiaren berri eman ahal izan diot, bai Espainiakoei eta baita Errusiakoei ere —ez baita ahaztu behar nazionalitate bikoitza izateak eta haren ofizioak eragin dutela haren egungo egoera, hein handi batean—», azaldu zuen Goirienak.

Frogak ez dira azaldu

Izan ere, Gonzalezen bikotekideak eta hura askatzearen aldeko elkarteak uste dute oraindik ez dutela frogatu Gonzalez Errusiarentzat espiatzen ari zenik, eta susmoetan bakarrik oinarrituta behin-behineko espetxealdia luzatzen ari direla salatu dute. Boye abokatuak ez zuen espero atzo Poloniako Estatuak Gonzalezen aurkako frogak erakustea, baina espetxean urtebete egiteagatik froga horiek ezagutaraziko dituztelako esperantza badute kazetariaren abokatuak eta bikotekideak: «Espero dut urteurrenagatik frogak aurkeztera behartuta daudela sentitzea. Itxaropena dut, baina zuhurra izan behar da, Poloniako justizia ez baita bat etorri orain arte Europako legediarekin».

Duela bi aste jakinarazi zuten irabazi-asmorik gabeko elkarte bat erregistratu dutela, #FreePabloGonzalez izenekoa, auzia gizarteratzeko ez ezik, baita babes ekonomikoa eskaintzeko ere. Besteak beste, diru bilketa bat abiatu dute, auzibidetik eratorritako gastuak ordaintzeko eta familiari laguntza emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.