Iberdrolak ikerketa bat abiarazi du Villarejorekin dituen loturak argitzeko

Politikariak, lehiakideak eta partikularrak zelatatzeko kontratatu zuen komisario ohia, Espainiako zenbait hedabidek argitaratu dutenez

Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentea aurtengo akziodunen batzarrean. LUIS TEJIDO / EFE.
xabier martin
2019ko urriaren 11
00:00
Entzun
BBVAk Villarejo auzian pertsona juridiko ikertu gisa deklaratu behar zuen egunean jakinarazi du Iberdrolak barne ikerketa bat abiarazi duela, hain zuzen komisario ohiarekin dituen loturak argitzeko. Denborak esango du ea, bankuak bezala, konpainia elektrikoak ere epaitegi batean bukatuko duen ala ez, baina Jose Ignacio Galan presidente duen multinazionalak serio hartu ditu El Confidencial eta Moncloa.com hedabideetan kaleratutako salaketak, eta «ikerketa zorrotz» bat agindu du. Haren ondorioz ziurtatzen badu inork konpainiaren kontrol prozedurak gainditu dituela, «beharrezkoak diren neurri guztiak» hartuko ditu.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Manuel Garcia Castellonek atzeratu egin zuen BBVAren deklarazioa atzo, «agenda arazoak» tarteko, baina, hala ere, hitzetik hortzera ibili zen Bilboko hainbat bulegotan espioitzaren mertzenario aritutako komisario kartzelatuaren izena; Iberdrola izan zen horren erantzule. Izan ere, Jose Manuel Villarejo polizia nork ez zuen kontratatu Espainiako konpainia eta alderdi nagusien artean: horixe da mahairatzen ari den galdera aztoragarria, azken egunetan jakin baita Iberdrolak ere bere lehiakideak, politikariak eta partikularrak espiatzeko kontratatu zuela, aipatutako hedabideen arabera.

Endesa eta Pizarro

Orain, informazio horrek funtsik baduen ikertzen hasi da Iberdrola, konpainiaren kode etikoa urratu ote den jakin nahi duelako; eskandaluari nolabait erantzuteko behar handia duela ere argi dago. Ignacio Sanchez Galanen multinazionalak onartu du ez dituela ezagutzen Cenytekin —Villarejoren enpresarekin— lotzen duten informazioetan islatzen diren datu asko. Hori dela eta, «azterketa sakona» egingo du.

Kaleratutako informazioak dio Iberdrolak polizia ustelaren zerbitzuak kontratatu zituela, besteak beste, Endesako presidente Manuel Pizarro espiatzeko, «edota gutxiesteko», haren bizitza pribatua baliatuta; informazio berak dio Gas Naturalekin batera Endesaren jabe egin nahi izan zuela Bilboko konpainiak. Esan beharrik ere ez dago: salaketa gogor horiek oinarri sendoa balute, eta Villarejoren esku beltza frogatuko balitz, kinka larrian legoke Galanen kargua.

Horrez gain, Iberdrolak Villarejoren lanak baliatu zituen, El Confidencial-en arabera betiere, Arcos de la Fronterako (Cadiz, Espainia) ziklo konbinatuko zentrala aurrera ateratzeko hura ezbaian zegoenean. Hark eragiten duen kutsaduraren aurka, herritarren plataforma handi bat sortu zen, eta taldea indarrik gabe uzteko aritu zen Villarejo, bere espioiak hiritarren artean sartu eta plataforma barrutik deseginez.

Aste honetako informazioek segida eman diote 2018. urtean hasitako zurrumurruei. Iberdrolak berak ikerketa bat agindu zuen iazko azaroan, eta beste bat ere bai aurtengo uztailean. Haien arabera, hamazazpi aldiz kontratatu zituen «ohiko zerbitzuak» segurtasunaren alorrean, 2004tik 2017ra. Baina eskaera horiek guztiak prozeduren barruan egin zirela dio Iberdrolak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.