Torra eta Sanchez gaur bilduko dira elkarrizketari nola bide eman aztertzeko

PPk kereila jarri dio Torrari, kargua «usurpatzeagatik». Torrari diputatu akta kentzeko erabakiari errekurtsoa jarriko du Kataluniako Parlamentuak

Pedro Sanchez Espainiako presidentea eta Quim Torra Kataluniakoa, 2018ko uztailaren 9an, Moncloan. F. CALVO / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Quim Torra Kataluniako presidentea eta Pedro Sanchez Espainiakoa elkarrekin bilduko dira gaur, Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko elkarrizketa mahaiari nola bide eman aztertzeko. Eguerdian bilduko dira, Generalitatearen Jauregian, eta Torrak ekitaldirik garrantzitsuenetarako protokoloarekin hartuko du Sanchez. Bilerari handitasun izaera emanagatik, ordea, ikusi egin beharko da bilkurak emaitza esanguratsurik ekarriko duen. Hau da, mahaiaren lehen bilkurarako data bat zehaztuko duten ala ez.

Torra mesfidati agertu da mahaiak izan dezakeen erabilgarritasunarekin. Horrez gain, gaurko bilera Kataluniako bozen aurreko giroan egingo da. JxC eta ERCren arteko urruntzearen ostean, ez dago argi Torrak oniritzia emango dion PSOEk eta ERCk adostu zuten mahaiari ala baldintza gehiago jarriko dizkion elkarrizketari.

Sanchezekin izango duen bilerarako mezua adostu zuen Torrak, joan den urtarrilaren 15ean, Kataluniako eragile independentistekin. Autodeterminazio eskubidea defendatzea eta «errepresioaren amaiera» exijitzea erabaki zuten bildutakoek. Horrez gain, mahaian hitzartzen dena beteko delako bermeak eskatuko dituela aurreratu du Torrak. Meritxell Budo Presidentetza kontseilariak joan den astelehenean azaldu zuenez, «bitartekari» baten parte hartzea beharrezko jotzen dute mahaia eraginkorra izango dela ziurtatzeko.

Espainiako Gobernua elkarrizketarako prest agertu da Kataluniako «gatazka politikoa» konpontzeko, baina atzerapenarekin dabil. Hala ere, badaki aurrekontuak onartu nahi izanez gero beharrezkoak dituela ERCren botoak, eta horiek mahaia abian jartzearekin daude lotuta.

Kereila, Torrari

Torraren eta Sanchezen arteko bilkuraren bezperan, Kataluniako presidentearen kontrako kereila aurkeztu duela jakinarazi zuen PPk. «Funtzioak usurpatzea» leporatzen dio Torrari, presidente gisa jarduteagatik. Pablo Casado PPko buruaren esanetan, Torra ez da Kataluniako presidente, desobedientziagatik zigortua izan delako eta diputatu akta galdu duelako. Hori dela eta, Sanchezi eskatu dio bertan behera utz dezala gaurko bilera, «ziurgabetasun juridikoa» ekidite aldera.

Bestelako iritzia dute Kataluniako Parlamentuko zerbitzu juridikoek. Txosten batean jaso dutenez, Torrak presidente izaten jarraitzeko aukera du, diputatu akta galdu arren, harik eta haren kontrako epaia irmoa den arte.

Hain justu, Torrari diputatu akta indargabetzearen kontrako helegitea aurkeztea onartu zuen atzo Kataluniako Parlamentuak. Espainiako Hauteskunde Batzordeak eman zuen aginduaren aurka egitea erabaki du, JxCren, ERCren, En Comu Podemen eta CUPen botoekin, eta Espainiako Auzitegi Gorenera joko du.

Kataluniako Parlamentuak Espainiako Hauteskunde Batzordearen agindua betetzea erabaki zuen urtarrilaren 27an. Diputatu akta baliogabetu zion Torrari, eta horrek krisi sakona eragin zuen JxCren eta ERCren artean, Kataluniako Gobernua zatitzeraino. Torrak hauteskundeak aurreratzea erabaki zuen, desadostasun horren ondorioz.

Ponsati, europarlamentuan

Clara Ponsati Kataluniako kontseilari ohiak eurodiputatu akreditazioa jaso zuen, atzo. Horrenbestez, otsailaren 10eko osoko bilkuran parte hartzeko aukera izango du. Espainiako Hauteskunde Batzordeak «hutsik» deklaratu zuen haren aulkia, ez ziolako men egin Espainiako Konstituzioari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.