Maxameko langile guztiek parte hartu dute greba deialdiko lehen egunean

67 kaleratze egin nahi dituela zehaztu die enpresak. Hurrengo asterako espero da ITP-PCBko kaleratzeen inguruko Auzitegi Gorenaren epaia

Ertzain ugarik zaindu zuten Maxameko langileek Galdakaoko plantan egin zuten piketea. JON GOIKOURIA LARRABEITI / GEURIA.EUS.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Maxamek Galdakaon (Bizkaia) duen plantako langile guztiek ekin diote greba mugagabearen deialdiari. Lanuztea atzo hasi zen, eta, langile batzordearen arabera, ekoizpen kateko operari guztiek egin zuten greba. Lehergai sektoreko multinazionaleko zuzendaritzak Maxam Outdoors ehiza materiala ekoizten duen enpresako arloa saldu du, eta mugimendu horrek 67 kaleratze eragingo ditu Galdakaon. Langile batzordearen arabera, lanpostu horiek mantendu daitezke, eta, kaleratzeak egitekotan, modu ez traumatikoan bideratu daitezke.

Dinamita deitzen diote Maxamen lantegiari Hego Uribe osoan. Trenbide alboan dago, Zuhatzu auzoan, eta atzo ez zen zaratarik egon bertan. Iragan igandean plantako 390 langileek, asanbladan bilduta, langile batzordeak (UGT, CCOO, SIM eta ELA) eginiko greba proposamena babestu zuten. Goizeko txandan zen hastekoa greba mugagabearen deialdia, eta ez zen inor sartu lanera. Piketea han agertu zen, baita ertzain ugari ere. Istiluen aurkako hogei bat polizia joan ziren lantegiko kanpoaldera, hainbat furgoitan. Langile batzordeak «gehiegizko presentzia poliziala» salatu zuen ohar bidez.

Maxam Galdakaok bi ekoizpen lerro ditu: lehergailuak egiten dituen 320 langileko handia, eta ehiza kartutxoak ekoizten dituen 70eko txikiagoa. Hori desagertu egingo da, alor hori erosi duen enpresak itxi egingo duelako. Kaleratzeen eragina, baina, Galdakaoko bi lantegietara iritsiko da. Enpresak 67 kaleratze egin nahi ditu: kartutxo fabrikako hamasei langile finko, lehergai lerroko 21 eta behin-behinean dauden hogeita hamar langile. Horiez gain, kaleratze ordainduak egitea planteatu diote batzordeari.

Batzordearen ustez, kaleratze horiek eragotz daitezke, besteak beste, aurreraturiko erretiroak eskainiz edota lau urteko baimenak hartzeko aukera emanez. Negoziazio zaila izango dela dirudi. Maxamek beste kartutxo planta bat du Iruña Okan (Araba), eta erosleek hura ez dute itxiko.

ITPren auzia, Madrilen

Maxamen gatazka hasi berri da; PCB-ITP Aeroko langileek, berriz, atzo ekin zioten berenaren azken atala beharko lukeenari. Auzitegi Gorenak enpresak egin asmo dituen 83 kaleratzeen kasua aztertu zuen. EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zuen zuzendaritzak Sestaoko eta Barakaldoko (Bizkaia) plantetan egin nahi zuen erregulazioa, eta ebazpen horri helegitea jarri zion.

Turbina enpresak egin nahi zuen erregulazioa baliogabe mantentzen duen edo legezkoa den argitu beharko du Gorenak. Edo, beste modu batera esanda, zer neurrik duen lehentasuna: lan araudi orokorrak edo COVID-19aren eraginarengatik kaleratzeak egitea eragozten duen salbuespenezko dekretuak. Ebazpena zazpi-hamar eguneko tartean espero da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.